Azala ez da azaleko gaia, kanpoarekiko muga eta gure buruaren babesa baizik. Ordea, kosmetiko industrialak erabiliz gero, toxiko kimikoak barneratzen ditu gure gorputzak azaletik, eta dutxako zulotik behera joaten direnean, ura eta Lurra ere kutsatzen ditugu egunero. Eredu kutsatzaile horretatik ateratzeko tresnak ematen ditu Garbiñe Larreak Kosmetikoak Sendabelarrekin liburuan: 67 formula azaldu ditu, urteetan eman dituen ikastaroetan garatu eta frogan jarri dituenak. Beraz, adi: liburu hau ez da gorputz batzuentzat soilik; bizarduna izan edo ez, pinpirina izan edo ez, dutxatzen bazara, zuretzat ere bada.
Zenbat kosmetiko erabiltzen dituzu azala, ilea eta gorputzeko atalak garbitzeko, zaintzeko eta lurrintzeko? Gutxien erabiltzen dituenak dutxako xaboia, xanpua eta hortzetako orea erabiliko ditu, eta askok krema hidratatzailea, desodorantea eta kolonia (tarteka bada ere) ere bai. Bizardunak aitzurra egin aurretik aparra eta ondoren leungarria maiz igurtziko ditu. Bada, oinarrizko garbitasuna eta mantenua egiteko erabiltzen ditugun produktuetan, bularreko minbiziarekin lotutako 921 osagai aurkitu ditu Jennifer E. Kay buru duen eta AEBn egin den ikerlanak, zeina 2024ko urtarrilean Environmental Healt Perspectives aldizkari zientifikoan argitaratu den. Substantzia horien artean, besteak beste parabenoak eta ftalatoak daude, eta horiek disruptore endokrinoak dira, sistema hormonalari eragiten diotenak.
Hortik aurrera zenbat eta produktu gehiago erabili, esaterako, ezpainetakoak, begi-ondoetarako kremak, ileari forma emateko eta finkatzeko produktuak, makillajea... gehitzen eta nahasten goaz osagai toxikoak, koktel efektuak eraginez. Nicolas Oleak bikain azaltzen du zer den koktel efektua. Bera Granadako Unibertsitateko ikerlari eta katedraduna da Erradiologia eta Medikuntza Fisikoan, eta mundu mailako erreferentea da disruptore endokrinoen eta minbizien artean dauden loturak arakatzen. Ekologistak Martxanek egindako elkarrizketan honela azaldu du Oleak: "Disruptore endokrinoak hormonak aztoratzen dituzten kutsatzaile kimikoak dira. Kutsatzaile kimiko horietako batzuek estrogeno hormona sorrarazten dute eta hori lotua dago bularreko minbiziarekin. Baina zailtasunak izan ditugu kutsatzaile kimiko horiekiko esposizioa minbiziarekin lotzeko, izan ere, herritar arruntak esposizio hori dosi txikitan jasotzen du eta kutsatzaile kimiko horietako bakoitza bakarka aztertuta badirudi ez duela behar besteko presentziarik ondorio toxikorik izateko. Baina arazoa da konposatu mordoa dagoela, modu konbinatuan eragiten dutenak. Ikuspegi horretatik ikertzen denean, ikusi dugu zer lotura dagoen disruptore endokrinoak diren kutsatzaile horien eta minbizien artean. Ez da kimiko bakarraren eragina, baizik eta dosi txikietan dauden horiek denek batera sortzen duten efektu konbinatuak handitzen du tumore gaiztoak garatzeko arriskua".
Garbiñe Larreak Kosmetikoak Sendabelarrekin liburuan azaldu duenez, egunero batez beste 100 produktu toxikoko koktela zerbitzatzen diogu gorputzari, kosmetikotan. Genero sistemak badu bere eragina gai honetan ere, eta emakumeek batez beste egunean 185 osagai toxikorekin osatzen dute koktela eta gizonek 85ekin. Baina datu horiek duela hamar urteko ikerketa batekoak dira, "eta egun gehiago dira", Larreak ohartarazi duenez.
"Merkezurrekoak erabiltzen dituztenen arazoa da. Nik marka ezagunak erabiltzen ditut", pentsa dezake irakurleren batek. 2021ean Danimarkako Kontsumitzaileen Kontseiluak egin zuen ikerketak 39 produktu aztertu zituen eta erakutsi zuen nazioarteko marka ezagunek substantzia kimiko alergia-eragileak eta disruptore endokrinoak erabiltzen dituztela. Aztertutako 39 produktu horietan 63 kutsatzaile aurkitu zituzten eta kutsatzaile horietatik 23 ziren disruptore endokrino izateko susmopean daudenak. Disrupzio horrekin lotzen dira, besteak beste, ugalkortasunaren galera eta fetuei kalte egitea, 2 motako diabetesa garatzea, obesitatea eta hormonei lotutako organoetan minbizia garatzea. Gainera, horietatik hiru produktuk Europan ilegalak diren osagaiak zituzten.
"Momentu honetan ez daukagu egunero egiten dugun ekintza xume horrek sorrarazten digun kutsadura kimikoaren kontzientziarik. Aurten, Endokrinologiako Nazioarteko Elkarteak ohartarazi du zertaraino ari diren osagai sintetiko hauek gure sistema hormonala hackeatzen, eta bereziki emakumeon kasuan, gure estrogenoa imitatuta, hau da, kanpo-estrogeno bezala barruan ze lan txar ari diren egiten", ohartarazi du Larreak. Arazo horietako batzuk aurrez aurre ikusi izan ditu bere naturopatia kontsultan: "Urte luzez aritu naiz kontsultako lanean, eta azaleko gaitzak zituen jende asko ezagutu dut. Gaitz horiek askotan ez ziren berezkoak edo naturalak, kosmetiko industrialek eragindakoak ziren. Niretzat deigarria zen ikustea, haur txikientzat egiten diren hainbat produktu zirela denetan okerrenak! Eta horien pilaketa zela urtebeterako dermatitisa eragiten zuena. Den-denak erabiltzeari utzi astebetean eta askotan arazoari buelta ematen zitzaion". Aipatutako AEBko ikerketak ere halaxe berretsi du: minbizia eragiten duten 921 substantzia horietako asko ohikoak dira umeentzako lozio eta xanpuetan, zer esanik ez zorrien aurkako botiketan, zeinetan malation pestizida ere aurkitu duten.
Egun kontzientziarik ez dugun arren, kosmetikoak "etorkizuneko amiantoa” izango direla iragarri zuen Larreak 2017an, Onintza Irureta ARGIAko kazetariak eguzkitako kremen inguruan idatzi zuen erreportajerako egin zion elkarrizketan. "Orduan albistea izan zen eguzkitako zenbait krema debekatu egin zituztela munduko hainbat herrialdetan, krema horiek korala suntsitzen ari zirelako. Eta korala suntsitzen badu, nola ematen dugu lasai-lasai azalean? Zer uste dugu, guri ez digula inpaktu txarrik eragingo?". Kosmetikoek bi bider kutsatzen gaituztela nabarmendu du: "Kosmetikoak dutxan edo arraskan erabiltzen ditugunean, ura kutsatzen dugu eta estolderian barrena doan ur horrekin Lurra zikintzen ari gara eta kutsatutako Lur horrek kutsatzen gaitu bueltan berriro gu. Ziklo hori apurtu beharra dago". Horretan laguntzen du, besteak beste, Kosmetikoak Sendabelarrekin liburuak.
2021ean AEBetako Notre Dame unibertsitateko Graham Peaslee fisika irakaslea buru zuen taldeak AEB eta Kanadako 200 kosmetiko aztertu zituen eta emaitzak Environmental Science and Technology Letter aldizkarian argitaratu zituzten. Horien arabera, PFAS substantziak –garai batean sukaldeko tresna "antiaderenteetan" zegoena– egoteko arrisku handia zegoen begietarako eta baserako produktuen %56an, ezpainetarako produktuen %48an eta maskaren %47an.
Produktu horietatik 39k PFAS ezberdinak zituzten pilatuta, 4 eta 13 artean, baina horietatik bakarrak adierazi zuen etiketan PFAS zeramala osagaien artean.
Peasleek honela azaldu du goiko irudiak erakusten duena: "Batetik, norbanakoen arriskua dago: begi eta aho inguruan ematen diren produktu hauek xurgatu egin ditzake gorputzak azalaren, malko-bideen, arnasaren eta irenstearen bidez. PFAS substantzia kimiko iraunkorra da: odolera iristen denean, hor geratzen da eta metatu egiten da. Baina bada arrisku gehigarri bat, ingurumena kutsatzea produktu hauek sortu eta deusezterakoan, eta horrek askoz jende gehiagori eragin ahal dio".
Kosmetikoen mundua edertasunarekin lotu ohi dugu. Larreak edertasunaren gaiari adarretatik heldu dio eta kokapen honetatik idatzi du liburua: "Hitzaurrean jarri dut Susan Sontang-en aipu hau: 'Ederra izatea ez dago gaizki, gaizki dagoena ederra izateko obligazioa da'. Gure hautua izan da ederra izateko obligazio hori liburuan ez adieraztea". Hasieratik oso argi izan du ez zuela argazkitan pertsonarik agertu nahi: "liburuan ez genuelako pertsonen edertasuna adierazi nahi. Egungo kosmetika ereduan, bai industrialean baina baita 'naturalean' ere, pertsonen edertasuna erabiltzen da justifikatzeko zertaraino den ona produktua. Aldiz, guretzat edertasuna balio bat da, baina beste elementu batzuetan dago: norberak kosmetikoak egiteko prozesua bera da ederra, guk egin ditzakegun produktu horiek dira ederrak, eta horiek egiteko erabiltzen ditugun landareak dira ederrak. Horretan jarri dugu edertasunaren fokua eta ez produktu horiek gorputzean emanda lortu dezakegun ondorioetan, iruditzen zaigulako saldu nahi diguten edertasunaren kanon hau iragankorra dela, zaila dela horri eustea eta horren atzean badagoela halako diktadura moduko bat, pertsonen aniztasuna errespetatzen ez duena, eta zahartzaroarekiko halako fobia bat duena, argazkietan zimurrak ezabatu behar izatera derrigortuko gintuzkeena...".
Edertasuna kanon estetikotik askatu izanaren ondorioz, liburuan ez dugu aurkituko begi-zuloak tapatzeko errezetarik, ez makillaje formularik. Ibai Arrietak libururako propio atera dituen argazkietan ere islatzen da hautu politiko hori, liburuaren aurkezpenean Arrietak adierazi zuenez: "Argazkiak ez ditugu laborategi batean atera, sendabelarrak lantzen dituzten lekuetara joan gara, eta argazki bakoitzean aritu gara auzitan jartzen ea edertasunaren kanonak erreproduzitzen ari ginen edo ez". Maitane Gartziandiak egin du liburuaren azala eta diseinua, eta argazki saioetan ere parte hartu du. Bere hitzetan, "kosmetika industrialek argazkietan oso produktu zuriak erakusten dituzte –"horretarako koloratzaileak erabilita", gehitu du Larreak–, aldiz, liburu honetan agertzen diren xaboiak eta kremak ez dira hain zuriak, kolore naturalak dituzte, organikoagoak", biribildu du Gartziandiak.
Edertasun kanonetan erori gabe, liburu ederra egin dute ARGIArekin hiru sortzaile hauek.
Kosmetikoak Sendabelarrekin liburuan agertzen den Nafarroako izpiliku soroa aspalditik zuen begiz joa Garbiñe Larreak, "izpilikua kosmetikan asko erabiltzen den irudi bat delako, eta egun berau lantzen duten nekazariek egoera zaila bizi dutelako". Ekologikoak diren produktuak dira azalarentzat osasuntsuak diren bakarrak, Larreak azaldu duenez: "Halako landaketa handi bat ekologikoan egiten ez bada, hau da, fumigatuta baldin badago belar txarrak kentzeko eta ongarriak emateko, hori destilatzen denean, olio esentzialak darama landareari botatako agrotoxikoa. Etxean olio esentzial horrekin ari bazara, industriak egiten duen gauza bera egiten ari zara, modu artisauan: produktu kosmetiko kaltegarri bat egiten ari zara".
Goiko argazkian ikusten den izpiliku soroaren jabearekin izandako elkarrizketa azaldu du Larreak: "Gizon hark, izpiliku soroan belar txar bat zeukan ('olo zoroa' deitzen zaiona, avena barbata) eta oso amorratuta zegoen, bost hektareako belar txarrak ezin zituelako eskuz kendu. Lotsatan esaten zigun barkatzeko, guri argazkiaren moretasun perfektu hori apurtzen zigula... Nik esaten nion uzteko horrelaxe, belar txar hori hor egotea nahi nuela, egotea ona delako, eta belar txar horren inguruan bazeudelako malbak, kamamilak, plantainak... biodibertsitatea zegoen, justu eredu industrialak suntsitzen duen biodibertsitatea. Ez dugu ordenagailu programen bidez ere argazkitik olo zoroa kendu, gure mezuarekin bat egiten duen landaketa delako".
Larrea penatua da, ez dakielako izpiliku soro horrek zenbat urtez eutsi ahalko dion: "Hainbat lekutan landaketak suntsitzen ari dira, ekologikoak ez direlako ekonomikoki bideragarriak. Aldiz, izpiliku olio esentzialaren kontsumoa biderkatzen ari da urtez urte. Marka gero eta gehiago daude, iruzurra zabalduago dago eta zalantzarik ez daukat sintetikoa den olio esentziala ari zaigula gailentzen. Eta istripuak gertatzen ari dira: azaleko erredurak, kutsadurak eta barne erabileran oraindik are istripu larriagoak. Ni iritsita nago olio esentziala ez erabiltzeko aholkua ematera, dagoen segurtasun faltagatik".
Liburuko formulak begiratzen hastean, arreta ematen du osagai gutxirekin egin daitezkeela kosmetikoak. Esaterako, bi osagai baino ez ditu Larreak liburuan proposatzen duen serum oliotsuak. Hiru osagairekin egiten dira liburuko desodoranteak. Perfume solidoak ere hiru osagairekin egiten dira eta oliotsuak bost osagairekin. Bost osagairekin egiten da ardi esnezko xaboia eta osagai gehien dituen xaboiak, kakaozkoak, hamar osagai ditu (tartean, hiru olio esentzialak dira). Bada sei osagairekin egiten den gorputzerako krema bat eta osagai gehien dituen krema hidratatzailea erredurentzakoa da, hamar osagairekin.
Beraz, osagai kopuruan ere bereizten da Larreak sustatzen duen kosmetikogintza, industrialarengandik. Horrela azaldu du berak: "Dermatologian bada 'muga dermiko segurua' deitzen zaion kontzeptu bat, eta kutsadura kimikoarekin eta koktel efektuarekin, gure azalek aspaldi daukate gainditua jasan dezaketenaren muga hori. Kosmetika eredu honetara trantsizioa egiten dugunean, justu bestelako produktuak aukeratu behar ditugu: osagai gutxi dituztenak eta gutxi horiek ondo hautatuak eta eraginkorrak direnak. Hain justu uko egin behar diogu kontsumokerian erortzeari, ez du balio kosmetikoa lau osagairekin egin baina gero zortzi aktibo ipintzeak, ez direlako behar, eta tranpa igualean erortzen ariko ginatekeelako. Bainugelan oinarrizko kosmetiko gutxi batzuk eta osagai gutxirekin egindakoak izatea nahikoa da eta horretara jo beharko genuke".
Jakina denez, kosmetika industrialaren marketinak bestelako amua jartzen digu, eta maiz erortzen gara: "Osagai miragarrietan egiten du azpimarra eta gu desiratzen gaude horrelako produktu miragarrietan sinisteko. Hau da, batek zimurrak kenduko dituela, besteak zelulitisa... agerikoa da ez dutela lortzen, eta osagai 'miragarri' horiek beti dira urrunekoak eta exotikoak, bitartekariei garesti ordaintzen zaizkienak". Larrearen hitzetan, ordea, "azalarentzat gutxi dira asuna bezain onak diren landareak. Edo plantaina-belarra, edo ilena... bost sendabelarrekin egin dezakegu kosmetika eredu on bat". Hori bai, liburuak azpimarratzen du azala zaindu nahi duenak gorputz barrua zaintzetik hasi behar duela eta krema bati ez zaiola eskatu behar lo faltak, elikadura desegokiak edo beste hamaika faktorek okertu dutena modu miragarrian konpontzerik.
Kontsumokerian ez erortzeko eta baliabideak optimizatzeko, liburuak proposatzen du begiratzea bertako formuletan zein produktuk dituzten osagai berak, horrela, osagai horiek erosita liburuko hainbat produktu egin ahalko ditugu. Gauza bera erabili beharreko tresnekin ere: "Honek ezin du izan etxean inbertsio handi bat eskatzen duena. Nik xaboia egiteko, adibidez, etxeko sukaldeko ontziteria erabiltzen dut, ez dut ontziteria berezirik erosi". Berrerabiltzearen kultura oso presente dago liburuan, esaterako, xaboien moldeak erosi beharrean, esne edo enparauen tetrabrik ontzietan egitea proposatzen du.
"Ez daukat kosmetika egiten hasteko denborarik", pentsatuko du askok. Larreak azaldu du uste horren ustela: "Urtean behin eginda, urte osorako xaboia eta krema hidratatzaileak egitea goiz bateko lana da. Askotan interneten denbora gehiago pasatzen da ze krema erosi erabaki ezinik".
Liburuak urtaro bakoitzean zer kosmetiko egin ere azaltzen du: "Izan ere, gure gorputzaren beharrak aldatzen doaz bizitzan zehar, baina baita urtaroen arabera ere. Udan eguzkiak eta beroak eragindako kalteak goxatzeko produktuak erabiltzen ditugu, aldiz, neguan hotzetik babesteko ezpainetakoak bezalakoak... urtean bi-hiru aldiz egin ditzakegu kosmetikoak, garaiko beharrei egokituak".
Kosmetika eredua aldatzeak hondakinak gutxitzen asko laguntzen du, Larrearen arabera: "Pertsona batek bere bizialdian xahutzen dituen xanpu potoak mendi bat dira. Hori soilik xanpu potoetan. Horregatik, argi nuen liburuan xanpu solidoa egiteko formulak eman behar nituela, hau da, bilgarririk gabeko xanpua edo paperean biltzeko modukoa egin behar genuela. Etxean egingo ditugun kosmetiko ia denak kristalezko ontzietan jartzea gomendatzen dut liburuan. Izan ere, egin-berritan bero dagoen likido bat plastikozko ontzian sartzen badugu, produktu hori mikroplastikoz kutsatzen ari gara. Eta plastiko hori gaur egun arteriatan ari dira ikusten, eta hori ere ugalkortasun arazoekin lotua da".
Libururako argazki saioetan, Garbiñe Larreak liburuko kosmetikoak egin zituen, prozesu osoa geratu zedin argazkitan jasoa. Sortu zuten hondakin ia dena organikoa zen. "Sortzen den zaborra organikoa baldin bada, ondo gabiltza", poztu da Larrea. Hondakinak murrizteaz gain, argi du zer irabazten den: "Etxerako adina garbikari eta azal mantenugarri egiteko gai bazara, autonomia handia ari zara irabazten. Dirua aurrezten da, eta zalantzarik gabe, denbora ere bai".
Herritar kontzientziadun askok bilatzen ditu kosmetiko "naturalak" denda espezializatuetan. Larreak liburuan irizpideak eman ditu, osasunarentzat seguruak diren erosketak egiteko: "Ni gaur egunean fidatu, fidatzen naiz edozein kosmetikoren lehen bost osagaiak zein diren jakin ondoren. Izan ere, etiketaren INCI-an (osagai kosmetikoen nazioarteko nomenklatura) osagaiak produktu horretan duten kopuruaren arabera agertzen dira ordenean, eta lehenengo bost osagaietan dago produktuaren %90. Aldiz, non erosten den ez da inongo kriterioa. Eta marka bakar bati ere ez diot konfiantza erabatekorik ematen, ikusita formulazioetan ze iruzur dagoen. Niri ez dit balio greenwashing-ak, hau da, produktu bat berdetzea eta ecofriendly egitea eta hogeitapiku osagaietatik elementu naturalak hiru edo lau soilik izatea, eta justu hiru edo lau horiek iragartzea baina gainontzeko guztiaz ez ezer esatea".
Larreak alderantziz egin du liburu honetan, hau da, bertan agertzen diren osagai guztiak banaka-banaka azaldu ditu, bakoitzaren propietateak eta arriskuak seinalatuta, erabiltzaileak informazio osoa eskura izan dezan, erosketak egiterakoan ere. Larrea: "Lilurarik ez, faborez. Duela urte batzuk aloe vera-gatik esaten ziren gauza zoragarri haiek, orain koko olioagatik esaten dira, eta bost urte barru beste osagai bat izango da... ba beno, ez da denontzat, ez da halako miragarria eta baditu albo-ondorioak ere. Eta horri buruz zaila da informazio kontrastatua aurkitzen. Edo zehaztapenak, adibidez, 'ona da baina azal honentzat ez, edo honek gutxi erabili behar du, edo neguan erabili behar du...', horiek denak ez dira publizitateetan agertzen. Horregatik zegoen lan hau egin beharra: izan ere, kosmetikoak ondo formulatzeko, osagaiak ezagutu behar dira, eta sendabelarrak ere denak ez dira denontzat onak. Hori ezagutzea oso-oso garrantzitsua da".
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]
Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]
Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.
Asko hitz egiten da basoaz azken aldian. Basoak berreskuratzeaz, basoak sortzeaz eta basoaren hedadura zabaltzeaz entzungo duzu sarri. Eta ekintza ona izan daiteke zalantzarik gabe, ekosistema moduan duen balioa handia delako. Baina, basoari jartzen diogun atentzio eta indar... [+]
Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia... [+]