Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako herriek. Independentzia berreskuratu zutenetik, hots, Bigarren Mundu Gerraren biharamunaz geroztik dabiltza horretan. Parean, begiak eta belarriak estaltzen segitzen dute Europako herriek –tartean, Frantziak–. Tantaka-tantaka bakar batzuk itzultzen hasiak badira ere, zor historikoa kitatzeko bidea ez dute oraindik irekia.
Dahomey erreinua [gaur egungo Benin] berenganatzeko triskantzan zebiltzala, 27 objektu lapurtu zizkioten Béhanzin erregeari 1892ko azaroaren 17 hartan Alfred Amédée Dodds koronel frantsesaren peko soldaduek. Aulkiak, estatuak, errege-makilak, aldarea, palazioko ateak, tronuak… Béhanzinen ondasunaren lapurketa baino gehiago, Afrikako lur hori bereganatu izanaren sinbolo zeuzkaten, garaipenaren trofeoak balira bezala. XVI. mendeaz geroztik mundua kolonizatzen zebilelako Frantzia, XIX. mendean Europa peko kontinente horretan jarrita arreta.
124 urte pasaturik, lapurturikoa itzultzeko eskaera ofiziala egin zion Frantziari Beningo presidente Patrice Talonek 2016ko uztailaren 27an. Lau urte geroago, itzulera hori ahalbidetzeko lege moldaketa bideratu –legeari segi, Frantziaren "ondare besterenezinak" direlako jabetza horiek– eta itzuli zitzaizkien horietarik 26. Hain zuzen, inbentarioan zeukan bat eskas zitzaion Pariseko Quai Branly museoari eta ez zekien non zen... Mendebaldeak Afrikako artearentzat daukan aitortzaren eta kontsiderazioaren isla genuen hor. Hortik hiru urtera, arte garaikidean dabilen Beningo Zinsou Fundazioko buru Marie-Cécile Zinsouren tematze eta bilaketari esker atzeman zuten: Finlandiako museo nazionaleko sotoan zeukaten, noizbait beste artelan batekin trukaturiko Katakle errege-aulki ospetsua. Azaroaren 4 honetan itzuli diote Benin herriari, iraganeko Dahomey erreinuaren eta pairaturiko kolonizazioaren lekukoa. "Objektu hori ez dute faltan botako finlandiarrek ezta frantsesek ere. Pentsa, [jakin gabe] erreserban zuten. Guk bakarrik ikusi ditzakegu Katakle errege-aulkiaren inportantzia eta edertasuna. Berreskuratu behar genuen, norberaren kultura eta ondarea eskura ukaiteko eskubideaz ari garelako. Kontinenteen arteko elkarrizketa dago oinarrian", dio Zinsouk.
2021ean 26 obrak Beninera itzuli zituzten, eta ondoko urtean Alemaniak zizkion Nigeriari beste hogei brontzezko obra itzultzen, eta Londreseko Horniman museoak bere aldetik, baita beste 72 objektu Nigeriari ere. Azkenean, hamarkada luzeetan Afrikako herriek galdeturikoa kontuan hartzen zuten kolonia ohiek: "[Arte lapurketaren] ukatze kolonialaren bukaeran" ginen Bénédicte Savoy historialariaren begietan.
Baina, jarrera aldaketa sendi bada ere, itzultze sinbolikotik –eta ez da guti, orain arte ez zelako egin– benetako prozesu adostura arteko bidea luzea izan daiteke oraindik: "Afrikako herriek eta afrikar gazteriak beren ahotsak entzunarazi behar dituzte, ez delako Frantziaren lehentasunetan, eta balitekeelako Frantziako inork ez beregain hartzea betebeharra", dio Zinsouk. 27 obra hortik, 20 hemendik eta 72 handik... kopuru osoari begiraturik barregarriak direlako zenbaki horiek: "Sinple da: Saharaz hegoaldeko ondare kulturalaren %90 Europako bildumetan dute", dio Savoyk. Pentsa, Afrikari lapurturiko 90.000 obra lirateke Frantziako museoetako erreserbetan –horietarik 70.000 soilik Pariseko Quai Branly museoan, eta horien bi herenak 1885-1960 urteetan "jasoak", hots, kolonizazio garaian–. Afrikako koloniak izandako 500.000 obra dira Europa osoko museoetan. Zenbaki horien oinarrian dago Savoyk eta Senegalgo idazle Felwine Sarrek 2018an plazaraturiko ikerketa.
Hamarkadetako arazoa eri-klaska batez konponduko balu bezala, diskurtso itxaropentsua luzatu zien Burkina Fasoko hiriburutik 2017an Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: "Ezin dut onartu Afrikako hainbat herrialdetako kultur ondarearen zati handi bat Frantzian egotea. Azalpen historikoak daude, baina ez dago balio duen eta baldintzarik gabeko justifikazio iraunkorrik". Bere estilora, beteko ez zuen promesa luzatu zien burkinafasoarrei eta oro har, Afrika kontinentekoei: "Aldi baterako edo behin betiko berreskuratzeak bost urteko epean betetzea nahi dut". Bost urteak pasa dira. Haizeak eramandako hitz ederrak, beraz; beste behin, Macronen estilora.
“Batzuk arrazistak izatea eta pentsatzea afrikarrek
ez dakitela ondarea zaintzen, hori europarren hezkuntza arazoa da”
Marie-Cécile Zinsou
Bizkitartean, esku artean dugu Sarr-Savoy txosten mamitsua, Macronek berak galdetu ziena. Kolonizazio garaian bortizki lapurtu artelanak kontuan hartzen dituzte bi ikerlariek, baita iraganean "prezio apalean" merkatariek, soldaduek, misiolariek zein kolonoek eskuraturikoak. Kolonizazio garaian lapurturikoak baina geroztik artearen merkatuan salerosiak izan diren obrak ere aipatzen dituzte, baina horiek afera konplikatzen dute, jabetza aldarrikatu dezakeelako diruaren trukean jaso duenak.
Dena dela, ahoan bilorik gabe mintzo dira Sarr eta Savoy: "Baldintzarik gabeko eta behin betiko itzulera" bideratu behar du Frantziak: "Harreman-etika birpentsatu batean oinarritutako kultur harreman berriak ezartzeko bidea litzateke". Urratsa bideratu ahal izateko "lege moldaketa" eskatzen dute txostenean. 2023an abiatu zuen bidea gobernuak, eta hiru legeetatik bi pasa zituen: Bigarren Mundu Gerran juduei lapurturiko ondareei dagokiona eta museoen bildumetan diren giza hondarren itzulerari buruzkoa. Artelanei dagokionez, gibelatu eta aurtengo apirilerako izenpetzekoa zuten dekretu bidezko legea baina ez zuten egin; udazkenera atzeratu baina ez zen gertatu. Gauzapenik gabe –eta aipamen gutirekin– segitzen du urte bukaera honetan ere.
Nola ez, aurkako iritziak ondorioztatu ditu Sarr-Savoy txostenak. Tartean, bere esku artean 70.000 objektu dituen Quai Branly museoko zuzendari izandako Stéphane Martinek "museo kontzeptuaren aurkako herra oihu" gisa kalifikatu zuen ikerketa. Argumentuen artean, maiz entzuten da Afrikako herrien azpiegitura eta benetako interes artistiko eskasa. Ez du horrekin bat egiten Zinsouk, eta kutsu arrazista ere ikusten dio ikuspegi horri: "Bere ondarea kudeatzeko gaitasuna du Afrikak ere. (...) Mendebaldeko zenbait jendek zabalduriko gutxiagotasunaren diskurtsoari ez diogu lekurik utzi behar. Inola ere ez. Batzuk arrazistak izatea eta pentsatzea afrikarrek, eta gure kasuan benindarrek, ez dakitela ondarea zaintzen, hori europarren hezkuntza arazoa da".
60 urte beteko ditu 2025ean Bingo aldizkarian Paulin Joachim idazle benindarrak idatzitako Itzuli iezaguzue arte beltza manifestuak. 1978an, Unescoko zuzendari Amadou-Mahtar M’Bow senegaldarrak ondokoa adierazi zuen: "Arpilatze horiek (batzuk duela mendeak gertaturikoak) pairatu dituzten herriei ez zaizkie bakarrik ordezkaezinezko maisulanak ebatsi: memoria lapurtu zaie, lagungarri izanen zitzaiena beren burua hobeto ezagutzeko, baita besteek hobeto ulertzeko ere".
Mendeetan, eta, batez ere kolonizazio garaian lapurturikoa nahiko ez balitz bezala, ebasketa jarrera horrek gaur egun ere segitzen duela dio Philippe Baqué kazetariak, Un nouvel or noir. Le pillage des objets d´art en Afrique. [Urre beltz berri bat. Artelanen lapurreta Afrikan] ikerketan. Legeak debekatu arren, eta lapurreten kontrako nazioarteko tresna egonik ere, dioenez, Afrikako obrentzat ez dute balio: "Arte merkatariek eta bildumagileek berdin-berdin segitu dezakete beren negozioa, itxuraz kontzientzia ona atxikita gainera. Ez zaie ezer eskatzen, eta haien negozioak ez dira sekula hain onak izan".
Eta horrela doaz obrak aitzina, denboran eta artearen merkatuan: bidean balio geroz eta gehiago harturik, bere herriaren memoria eta artea berreskuratu nahiko lituzkeenari ahalmen guti emateaz gain, oztopo berriak gehitzen zaizkiola.
Washington (AEB), 1807. AEBetako Konstituzioak esklaboen trafiko transatlantikoa debekatu zuen. Horrek ez du esan nahi esklabotza abolitu zenik, esklaboen iturri nagusia eten zela baizik. Hala, emakumezko esklaboak bihurtu ziren esklabo berriak “ekoizteko” bide... [+]
Commonwealth-eko herrialdeen gailurra hasi da ostiral honetan Samoako Estatuan (Ozeania) eta bertan, Karibeko herrialdeak eskatu diote Erresuma Batuari onar dezala bere iragan esklabista, barkamena eska dezala eta kalte-ordainak egin ditzala.
Nobel Akademiak iragarri ditu Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen... [+]
Ez da kasualitatea Hispanitatearen eguna, Guardia Zibilarena eta Pilarreko amabirjinarena data berean izatea. Hirurek egitura zapaltzaileak irudikatzen dituzte (estatua, armada eta eliza). Bestalde, indigenen erresistentzia eta Espainiako Estatuak bere armada militar eta... [+]
1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe:... [+]
Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]
Kanadako Elkarte Medikoak (CMA) barkamena eskatu die herri indigenei, praktika medikoentagik edo haien gabeziagatik historikoki eragin dizkieten kalte fisiko eta psikologikoengatik. Barkamen-eskea egin duen ekitaldi berean txosten bat aurkeztu du, medikuen jarduera antietikoak... [+]