Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen hezkuntzan huts egindako esperimentu bat irudikatzen duena”.
Gerora jakin zuten koadroan ageri dena Francis Williams (1690-1770) zela, jamaikar zientzialari, abokatu, arte bildumagile eta poeta. Williams esklabo jaio arren, familiak emantzipatzea lortu zuen eta, gaztetan, Cambridgera bidali zuten ikastera. Bere adimenari eta asmamenari esker, 1716an Royal Society prestigiotsuan sartzeko proposatu zuten. Baina Isaac Newton eta Edmund Halley kide zituen batzorde batek proposamena bertan behera utzi zuen Williamsen “gorpuzkeragatik”. Beltza zelako alegia.
Aita hil zenean, Jamaikara itzuli zen eta han ospe handia lortu zuen bere lan zientifikoari esker eta komunitate beltzaren aldeko ahaleginengatik. Besteak beste, haur beltzentzako doako eskola bat zabaldu zuen.
Princeton Unibertsitateko Fara Dabhoiwala historialari eta ikerlariak Londresen dagoen Williamsen margolana xehe aztertu berri du. Koadroaren egilea eta data identifikatzeaz gain, jamaikarraren lorpen zientifikoei buruzko informazio argigarria topatu du
Horrek Jamaikako zein nazioarteko txurien ezinikusia piztu zuen. David Hume filosofoak txurien nagusitasunaren frogatzat jo zuen Williams: “Jamaikan talentua eta erudizioa duen gizon beltz bat badela diote; baina ziurrenik lorpen eskasengatik miresten dute, hitz argi gutxi batzuk esateko gai den loroa bezala”. Edward Long historialari eta esklabotzaren defendatzaileak, aldiz, Williamsekin esperimentu bat egin zutela asmatu zuen, “lanketa egokiarekin, eta eskolan nahiz unibertsitatean matrikulatuta, beltz batek txuri batek bezala irakurtzeko gaitasuna lor zezakeen deskubritzeko”.
Princeton Unibertsitateko Fara Dabhoiwala historialari eta ikerlariak Londresen dagoen Williamsen margolana xehe aztertu berri du. Koadroaren egilea eta data identifikatzeaz gain, jamaikarraren lorpen zientifikoei buruzko informazio argigarria topatu du. Williamsek mahai gainean liburu bat dauka irekita: Isaac Newtonen Principia da, eta kometen orbiten iragarpenaz hitz egiten duen orrialdea dauka zabalik. Gainera, leihotik zeru zati bat ikusten da, eta Dabhoiwalak bola txiki txuri bat identifikatu du. Bere esanetan, bola hori Halley kometa da, 1759an Jamaikaren gainetik igaro zen unean. Gogoratu Newtonek eta Halleyk Royal Societyn sartzeko aukera kendu zion batzordean parte hartu zutela.
Dabhoiwalak uste du koadroaren enkargua Williamsek berak egin zuela bere astronomiako ezagutzak erreibindikatzeko. Koadroari esker astronomo bikaina zela erakutsi zuen eta, astrologoa ez zen arren, etorkizuna irakurtzeko gai izan zela
Beraz, Williams gai izan zen Halley kometaren ibilbidea zehaztasunez igartzeko, giltzarria izan zena grabitatearen iragarpenak egiteko; garai hartan zientzialari gutxi batzuk ziren kalkulu horiek egiteko gai eta Newtonek berak hori egitea oso konplikatua zela aitortu zuen.
Dabhoiwalak uste du koadroaren enkargua Williamsek berak egin zuela bere astronomiako ezagutzak erreibindikatzeko. Koadroari esker astronomo bikaina zela erakutsi zuen eta, astrologoa ez zen arren, etorkizuna irakurtzeko gai izan zela, koadro horrek bizi zelarik ukatu zioten aitortza lortzen lagunduko ziola igarri baitzuen.