“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

  • Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
    Maite Arroitajauregirekin Akelarre pelikularen musikagatik.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aran Calleja (Bilbo, 1977)

 “Umetan familian elkartzen ginen Alfred Hitchcocken ordua ikustera. Gero bere filmetan erabiliko zituen eszenak eta berezitasunak kontatzen zituen. Musika hura barruraino sartuta neukan, oraindik ere gogoratzen dut”. Musika ahapetik kantatu digu irribarrez, eta pasioz. “Beste planeta batera eramaten ninduen”. Ez omen zuen filmetarako musika egitearekin ametsik egin Aran Callejak, baina Arte Ederrek eta bibolinak haraino eraman dute.

Duela gutxi entzun diogu kantari ezagun bati berak ez duela musikaren barruan emakumeen eta gizonen arteko bereizketarik ikusi.
Ez da musikan bakarrik gertatzen, baina hori horrela ikusten duena gizon bezala dituen pribilegioei begira bizi da. Musika eskoletako edo kontserbatorioetako irakasle eta ikasle gehienak emakumeak dira, baina musikaren beste arlo guztietan, asko kosta zaigu ikusgarriak izatea. Lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten. Esate baterako, Zea Maysek bideoa ederra egin du. Sekulako emakume taldea osatu du Elektrizitatea abestiaren urteurrena ospatzeko. Hor dauden emakumeak zein baino zein indartsuagoak dira, baina ez badugu indar hori nahita erakusten, ez gaituzte ikusten. Oraindik ere jaialdi askotako karteletan gizonezkoak dira gehienak edo denak; ez dago orekarik.

Pedagogian, beraz, emakumeak dira gehienak. Ikasketetatik musikari izateko bide horretan katea apurtu egiten da?
Orkestra zuzendarien artean, esate baterako, hamar gizoneko emakume bakarra dago. Boterea maneiatzea eskatzen duten postuetan, edo ardura gehigarriren bat dutenetan zein taldeak kudeatu behar direnean, kosta egiten da emakumeak ikustea. Gure gizartearen egiturak zerikusi zuzena du horretan, jakina. Kontziliazioa eta zaintza emakumeekin lotu dira historikoki, eta badirudi, arduraren bat hartzen badugu etxetik kanpo, berez guri omen dagokigun beste lan hori ezingo dugula egin. Horrek inkontzienteki zaildu egiten digu ardurak hartzea, baina epaiaren beldur ere bagara askotan. Agian, behar duguna ez da bakarrik emakumeek halako ardurak hartzea; ondo legoke ardura postuetan dauden gizonek historikoki emakumeoi egotzi zaizkigun lan horiek egiteko aurrerapausoa ematea. Horrek oreka bat izaten lagun dezake.

Lehengoan, esate baterako, Albert Serra zuzendaria entzun nuen esanez bere filmetako muntatzaileei inplikazio osoa eskatzen diela, eta seme-alabak dituztela esaten badiote, ez dituela bere lanean nahi. Litekeena da zuzendaria bere pertsonaia istrioniko horretatik egotea halakoak esaten, baina bizitza lana baino askoz gehiago da. Ni ere obsesionatzen naiz nire lanarekin. Azken batean, gauza bat asko gustatzen zaizunean, obsesio puntu horretan aurkitzen duzu bidea, baina zure inguruan jendea dago. Gizonei irakatsi zaie beste guztia uztea dela gauzak egiteko modu bakarra, baina emakumeen kasuan, zigortu egiten gaituzte halako ardurak hartzen baditugu.

" Zenbat aldiz ikusi ditugu emakumeak hunkituta sari bat jasotzen? Nahiko nituzke gizonak ere ikusi hitzik asmatu ezinda, baina publikoki apurtzeko beldurra daukate. Guk erresilientzia hori landu dugu, eta badakigu hausten bagara ere, zutituko garela"

Agian, jenioaren mitoak eragina izango du. Hau da, jenioak hala dira jenio diren gai horretan, eta beste guztian desastreak izatea barkatu egiten zaie.
Jakina! Figura hori erromantizatuta dago: jenioak direnez gauza konkretu batean, beste arloetan edozer eginda ere, barkatu egiten zaie. Bada, nire ustez, izan zaitezke jenioa fisikan edo sukaldean edo musikan, baina ez badaukazu bizitzarako beste gaitasunik, agian, hain jenioa ere ez zara. Artista izatea zerbait lurtarragoa da. Zergatik naiz ni beste batzuk baino artistagoa? Edonor izan daiteke artista berez, baina gutxik daukagu sortzen dugun horretatik bizitzeko pribilegioa. Nire kasuan, Arte Ederrak ikasi nituen, eta nire inguruak onartu egin du egiten joan naizen bidea. Hasieran banuen mamu bat nire gainean: ia ezinezkoa da arteetatik bizitzea. Nire familiak ez zuen uste artista izatera iritsiko nintzenik, baina gertatzen joan diren gauzak onartu egin dituzte, eta nik uste dut jende batek izan ez duen pribilegioa izan dudala zentzu horretan.

Galdetu duzu ea zergatik zaren beste batzuk baino artistagoa. Gogoratu naiz, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketetan mahai inguruan izan ginela eta iruzurtiaren sindromeaz jardun zinen. Harritu egin ninduen.
Emakume sortzaile gehienok izan dugu edo dugu sindrome hori, baina harritu egiten gaitu gure parekoek izateak. Sistemak erakutsi digu ez ditugula gertatzen zaizkigun gauza onak merezi. Zuretzat aurreikusten zuten bidetik ateratzen bazara, eta gauzak ondo ateratzen bazaizkizu, kasualitatea dela esango dizute, eta ondo ateratzen jarraitzen badute, zortea. Kontua da ez dela beti zorte kontua.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Lanaren emaitza da gehienetan.
Lan asko egin behar da, baina lan hori bideratzen ere jakin egin behar da. Jende on asko dago bere gaitasunak garatzeko aukerarik ematen ez dion inguru batean harrapatuta. Dena den, emakumeoi gauza asko eskatzen zaizkigu gure lana ondo egiteaz gain. Egoteko modua zaindu egin behar dugu, ezin dugu nabarmenak izan. Zenbat aldiz ikusi ditugu emakumeak hunkituta sari bat jasotzen? Nahiko nituzke gizonak ere ikusi hitzik asmatu ezinda, baina publikoki apurtzeko beldurra daukate. Guk erresilientzia hori landu dugu, eta badakigu hausten bagara ere, zutituko garela. Beraz argi dago sistema heteropatriarkala ez dela haientzat ere ona. Gurekin gogorragoa da sistema, baina beti gogorrarena egin beharra ere, ez nuke nahi. Gero, rol horietatik sortzen dira patroi sozialak.

Etorkizunean mahai inguruetara edo hitzaldietara joango banintz, nire lanaz hitz egin nahi nuke: erabiltzen ditudan teknikez… Momentuz, ordea, etengabe ari gara esaten zenbat kosta zaigun hemen egotea, eta beharrezkoa da esperientzia horiek mahai gainean jartzea.

"Pentsatzen nuen norbait etorriko zitzaidala esatera ea zer demontre egiten nuen lan honetan”

Musikaren barruan, zinemako musika sortzen duzu zuk. Arrazoi bereziren bat dago?
Ibilian egin dudan bidea da. Umeak ginenean, etxean telebista eta urrutiko aginte bakarra zeuden garaian, familia osoa elkartzen ginen filmak ikustera. Zinemako musika, niretzat, konpartitutako une horiek eta fantasia da. Arte Ederrak ikasi nituen nik, baina kontserbatorioan ere banenbilen eta bibolina jotzen nuen. Ikus-entzunezkoetan sartu nintzen berezitasun moduan, eta bide biak nahastu ziren. Garai hartan filmetako soinu banden diskoak erosten nituen, eta berriz hasi nintzen filmak ikusten. Fakultatean laburren bat edo bideoren bat egiten genuenean, musika nire kontu uzten zuten, eta han ezagutu nuen Borja Kobeaga.
Lehen film laburra egin zuenean, La primera vez, musika jar niezaion eskatu zidan. Goxotasun handiz kontatutako historia zen, Maribi Bilbao zen protagonista eta asko ikusi zen. Bibolina hartu nuen, eta tango bat konposatu nuen neuk nahi izan nuen moduan: kontrapuntuaren ikuspegitik ondo edo gaizki dagoen begiratu gabe. Hori bai, maitasun eta errespetu handiz. Lau ahotsak neuk grabatu nituen, eta musika pieza egin ondoren hasi ziren laburraren grabaketak. Maribi Bilbaok tango hura jartzeko eskatzen omen zuen grabaketak hasi orduko, eta oso leku politera iritsi nintzen pieza horrekin. Nik ez nuen umetan esaten filmetarako musika egingo nuenik, baina labur horrek bide bat ireki zidan.

Pentsatzen dut hortik aurrera enkarguak iritsiko zitzaizkizula.
Asko ikusi zen labur hori, eta deiak jaso nituen, baina oso iruzurti sentitzen nintzen ez nuelako konposiziorik ikasi. Nik bibolina eta armonia ikasi nituen eta kontrapuntua ikasten hasi arren, ez nuen amaitu. Lanean jarraitu nuen, baina irudipena nuen halako batean harrapatu egingo nindutela, eta norbaitek esango zidala ea zer demontre egiten nuen lan honetan. Ez zen halakorik gertatzen, ordea! Eta lana eskaintzen zidaten, eta gauzak serioago jartzen hasi ziren, eta nik larrialdi handiko momentuak izan nituen. Dena den, ausardia izan dut, eta bidea asmatuz joan naiz ibili ahala. Bibolina erabiltzen nuen gauza guztietarako eta antzerako munduetan nenbilen beti: klasikoa, countrya eta folka. Pentsatzen nuen beste zerbait eskatzen bazidaten ezingo nuela egin.

Bistan dago, ordea, baietz, ahal izan duzula.
Nire kabuz hasi nintzen teknologia ikasten, eta 31 urte nituela, SGAEk Bostoneko Breklee musika eskolara joateko beka deialdia argitaratu zuen. Lagun batek berotu zidan burua aurkezteko eta lehen fasea pasatu egin nuen. Madrilera joateko deitu zidaten epaile batzuen aurrean pieza bat jotzera. Ez nuen uste hartuko nindutenik, baina joan egin nintzen. Darol Anger izeneko konpositore baten pieza bat prestatu nuen.

Iritsi nintzen Madrilera eta film bat ematen zuen korridoreetako giroak: jendea eskalak abiadura bizian jotzen ari zen, arpegioak egiten… eta ni han nire country piezarekin. Nik oso gauza berezietan jarri izan nuen arreta beti, eta ez nuen teknikarik. Jo nuen nire pieza hura gizon haien aurrean, eta galdetu zidaten ea zergatik aukeratu nuen Darol Anger. Pentsatu nuen, “kito! Harrapatu naute!”. Eta nik ez nekien orduan, baina Darol Anger Berkleeko irakaslea zen eta grazia handia egin zien nik ez jakiteak.

Hirugarren fasera pasatu ninduten. Hirugarren fase hartan tipo batekin elkarrizketa bat izan nuen ingelesez. Ez zidan akademiaz ezer galdetu: bizitzaz hitz egin genuen, eta hartu egin ninduten. Ez nintzen, inondik ere, gehien zekiena, ez nintzen han aurkeztu zen onena, baina Bostonera joan nintzen. Zerbaitek klak egin zidan barruan, eta ulertu nuen teknika baino zerbait gehiago behar dela artista izateko. Ezaugarri askoren batura da, zortea ere egongo da tartean, baina norberarengan konfiantza izatea beharrezkoa da. Eta norberarengan konfiantza hartzeko karrera luzea egin behar da.

Batzuetan zuk erabaki gabe gertatzen dira gauzak. Leku batean gustura sentitzen zarelako.
Ni beti fidatu naiz nire instintuarekin, eta eutsi nauten lagunak izan ditut inguruan. Horrek asko lagundu dio nire sortze prozesuari.

Zure sortze prozesuan badago zerbait fisikoa, musika jarri behar diozuna. Ez dirudi prozesu abstraktua denik.
Urteak pasatu dira eta guztia magikoa da oraindik. Gauza askoren batura da: gidoia, zuzendariarekin daukazun konexioa… Zuzendariak erreferentziak ematen dizkizu askotan: berak zer uste duen, ze beste pieza gustatzen zaizkion… Ni hortik hasten naiz filmaren atmosferak izango dituen koloreen bila. Gauzak forma hartzen ari direla ikusten dudanean, zuzendariari ematen diot zirriborroa eta hark esaten dit zer gustatu zaion eta zer ez, eta ni ere ulertzen hasten naiz zer den berak nahi duena. Lana kolektiboa da zentzu horretan.

"Musika eskoletako edo kontserbatorioetako irakasle eta ikasle gehienak emakumeak dira, baina musikaren beste arlo guztietan, asko kosta zaigu ikusgarriak izatea"

Zenbait unetan acting-a ikusteak laguntzen dizu, baina ni gidoia irakurtzetik hasten naiz. Filma grabatzen hasten direnerako, denbora badago behintzat, zerbait idatzita izatea gustatzen zait. Dena den, irudiak agintzen du, eta ez da erabat sortze prozesu librea. Kasu batzuetan ez egotea erabaki behar duzu. Agian, badago eszena bat musikarik behar ez duena, eta hori onartzen jakin egin behar da.

Irudiak agintzen du. Inoiz ez duzu beldurrik izan zure lana bigarren planoan gelditzeko?
Ez. Film bat puzzle bat bada, musika pieza bat da, eta irudiaren menpean egon behar du. Informazioa gehitzen du, bai; informazio abstraktua agian, baina informazioa. Hala ere, musika bigarren planoan mantentzea ere bada gure lana. Sekuentzia batzuetan  musikak protagonismoa du. Esate baterako, orain zinema aretoetan dagoen Marco filmean izan ditut halako batzuk. Hala ere, gehien gustatzen zaidana zera da: ikustea nola betetzen dituen musikak narrazioan dagozkion funtzioak han dagoela erabat igarri gabe.

Bide luzea egin duzu. Sariek laguntzen dute?
Ikusgarritasuna ematen dute eta zure buruarengan konfiantza irabazten laguntzen dizute. Edozelan ere, saria irabazi eta gero lanean jarraitu behar duzu. Maite Arroitajauregi eta biok Goya irabazi genuen Akelarre filmerako egindako lanarekin. Egia da harrezkero lan gehiago egin dudala. Bidean geratu eta arnasa hartzeko aukera eman zidan, baina izan zuen alde txarra ere. Nik ez nuen benetan sinisten sari hori merezi nuenik, eta halako momentuak gozatu ahal izateko, zure buruari eman egin behar diozu merezi duzula sinisteko baimena.

Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Maite Arroitajauregi eta biak elkarrekin lanean jarraitu duzue?
Kuriosoa da, ze orduan elkartu ginen lanerako lehen aldiz, eta jendeak pentsatzen zuen urteak generamatzala elkarrekin lanean. Harrezkero egin ditugu Irati-ren soinu banda, zinemaldiko sintonia eta Eneko Sagardoyren Betiko Gaua film laburrerako musika, esate baterako. Paul Urkijoren lan berrian ere ari gara.

Orain halako sari bat jasoz gero, sinetsiko zenuke merezi duzula?
Baietz uste dut.

"Ondo legoke ardura postuetan dauden gizonek historikoki emakumeoi egotzi zaizkigun lan horiek egiteko aurrerapausoa ematea. Horrek oreka bat izaten lagun dezake"
 

Bidea egiten ari zara, beraz.
2020tik hona lana egin dut nire buruarekin, eta lana profesionalki. Oso harro nago lau urte hauetan egindakoekin: Irati, Marco, Cinco Lobitos… Orain gertatuko balitz sari bat irabaztea, gozatu egingo nuke, eta eskertu. Nire barruan bizi den ume beldurtia aterako balitz ere, ez nuke ezkutatuko. Erreferenteak garela ulertu behar dugu, bidea egin dugula, esker ona jasotzea ederra dela… Askotan gertatu zaigu emakumeoi gauzak gaizki egingo ditugun beldurrez, egin gabe utzi ditugula, eta geure buruari gauza ez hain onak egiteko aukera ere eman behar diogu.

Fokoetatik urruti ezagutu zintudan: aniztasun funtzionala duten gazteen audizio bat zen, haien musika terapeuta zinen.
Kontzertu horietan negarrari eusteko lanak izaten ditut. Musikoterapiari esker gauza ez-perfektuen balioa ikasi dut. Orain ez zait perfekzioa interesatzen. Nire buruari asko eskatu izan diot beti, eta gero, gazte haiekin jartzen naiz Sergio Dalma, Rocio Jurado, Shakira eta haiei gustatzen zaizkien kantuak kantatzen eta lur hartzen dut. Ez daude ondo edo gaizki ari diren begira: libre kantatzen dute. Horrek indar izugarria dauka! Purua da! Haiek irakatsi didate burutik irten eta bihotzera joaten.

Onartzen dut begiratzen nizula eta pentsatzen nuela “neska honek Goya bat dauka, eta hemen dabil!”.
Erritualaren parterik garrantzitsuena haien ilusioa da, eta egun hartan zu etortzeak ere asko hunkitu ninduen. Geuk gonbidatu zintugun, eta etorri egin zinen. Goya sariak denborarekin hartu du zentzua; esate baterako, musika eskolara eramateko eskatu zidatenean edo nire gurasoek auzora eraman zutenean. Kontua da nik musikoterapia egiten dudanean zinema oso urrun dagoela, baina zinema egiten dudanean musikoterapia eta adierazpen libre horiek guztiak hor daude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da

Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.


Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Eguneraketa berriak daude