argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Gizakion sorkuntza agortzen?
Diana Franco Eguren 2024ko azaroaren 20a

Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku askotatik datoz, ikusten ari garenez. Courtney C. Radsch Tech Policy.press-en Dismantling AI Data Monopolies Before it’s Too Late artikulua irakurtzen ari nintzela, zerak eman dit arreta: modu sintetikoan sorturiko testuaren nagusitasuna %90ekoa izan daitekeela bi urtetan Interneten, eta 2028rako gizakiok on-line sorturikoa agortu daitekeela.

Google, Meta, Microsoft eta baita Elon Musken xAI-k ere, datu ugari behar dituzte euren adimen artifizialak modu sakonean entrenatzeko, eta datu horiek lortzeko, Internet azpiegituraren gehiengoaren jabe dira. Aipatu artikuluko egilea izututa dago eta ez du ikusten datu horietatik, Internet horretatik, adimen artifizialek gidaturiko mundutik kanpo existitzeko aukerarik. Gure inguruan ere, pertsona askorentzat Internet Google da. Askok ez daki beste Internet batzuk, sareak sortzeko eta erabiltzeko beste modu batzuk ere badaudela.

Internet ezagutu nuenean, pertsonen ahotsak eskura izateak erakarri ninduen. Lau korporaziok gidatutako makinen ahotsa bilakatzen bada, ez da nik nahi dudan Interneta. Joan den astean Errenteriako Torrekuan izandako topaketan, eremu digitalean jokatzeko eta izateko bestelako moduak badaudela ulertzeko aukera eskaini ziguten: eskubide digitalak ulertu eta modu feministan babesteko zenbait ildo ere partekatu zituzten. Urteotan, munduko leku askotan beste Internet bat eraikitzeko eta erabiltzeko moduak sortzen ari da. Ez dut uste dugun Internet hegemonikoak gizakion sorkuntza agortuko duenik, hortik kanpo sortuko baitute. Aldiz, arazo larriena da beste Internet horietatik, feministak eta eskubide digitalak babesten dituzten horietatik kanpo geratzen direnen bizitzak prekariagoak izango direla nabarmen.