Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari begira. Stop, backward eta play, sarri-sarri. Euskarazko kantu bat ari da transkribatzen. Orduantxe agertu da Koldo Rabadan, eskaileretan behera, liburu berria besapean: Superbotereak. 10 urrats eskola eraldatze bidean (ARGIA, 2024). Ilusioa berpiztu dugu segundo eskasean bi bider.
Lehen liburua zenuen Bidean-etik, orain Superbotereak-era. Liburu-segida bat dela esango zenuke? Ala oso diferenteak dira?
Bietatik pixka bat. Errezeta liburu bat egitera nindoan berez, baina denborak egin du, nahi gabe, asmoz aldatu eta aurrekoaren segida tonua hartzea. Eta orain pentsatzen dut horrela izan behar zuela, Bidean-en osagarri. Irakasle lagun batek [dagoeneko liburua irakurri duenetako batek] esan dit batak bestea elikatzen duela, eta ados nago. Azkenean, Bidean-ek proposatzen duena da hausnarketa prozesu bat abiatzea, printzipio batzuen inguruko eztabaida sustatzea; eta bigarren liburuak, Superbotereak-ek, praktikotasun batetik heldu nahi dio gaiari. Azken horrek ironia eta umore gehiago dauka, eta praktikora jotzen dugu gehiago. Baina ez du esan nahi instrukzio liburu bat denik, ezta gutxiago ere. Pista batzuk eman ditzake, ordea.
Bidean-en eskatzen zenion lidergoa hartzeko irakurle zen irakasleari. Bigarren honetan zer da eskatzen duzuna?
Lidergoa partekatzeko, ez baitago lider bakar bat. Badaude lider pedagogikoak, lider administratiboak, umorean lider direnak, sentiberatasunean... Denen ekarpenetatik etorriko da proiektua. Eta, gero, eskatuko nuke abiatzeko eskola-proiektu bat, eta ilusioz heltzeko, eusteko. Eta kutsatzeko, ilusioa kutsakorra baita. Ilusio hori zabaldu dadila eskoletan, klaustroetan eta hezkuntza-komunitateetan.
Hitzaldi eta mintegi ugari eman dituzu azken urteotan, asko Bidean liburuaren aitzakian. Ziur sortuko zirela kezka batzuk parte-hartzaileen artean. Galdetuko zizuten nola egin planteatzen duzuna.
Hori izan da liburua idaztera bultzatu nauen lehen arrazoia. Baina ez nator erantzun zehatz eta definitibo bat ematera. Guk, hemen, Larraulgo eskolan, modu bat bilatu dugu nola horri erantzuteko, baina horrek ez du esan nahi gurea beste eskoletan erabilgarria denik. Finean, haur bakoitza da metodoa, eta haur batekin balio duenak bestearekin ez du balio. Lan egiteko modu batzuk badaude oinarrian, hala uste dut, eta galderari erantzuten saiatu naiz liburuan, modu orokorrean. Baina esandakoa: formula ezin da errepikatu. Norberak bilatu behar du berea. Uste dut irakasle ororen lana dela nola galderari erantzun nahi izatea.
Bigarren arrazoi bat ere egon da liburua idazteko, eta agian horregatik ere egin nahi nuen barre. Hala eraldatzen ari garen eskolok, pauso sakonak edo ia drastikoak eman ditugunok eta aldatu garenok, batzuetan epaituak sentitzen gara. Ni neroni sarri sentitu naiz horrela, etengabe justifikatu beharrean bezalaxe. “Zuenean erraza da”, “oso eskola txikietan soilik balio du”, “eta gero zer?”, “maila emango al dute?”... Nekeza zait.
Gutxiespen sentsazioa?
Bai... Eta honekin [liburua seinalatu du] erantzun nahi dut ezetz. Onartutako eta probatutako kontua dela, ondo bideratutakoa, balekoa, kontrastatua, ja urte batzuk badirela horrela gabiltzala. Liburu hau bada “posible da!” aldarrikatzeko modua.
Ez dagoela errezeta magikorik diozu, haur eta eskola bakoitzak behar duelako bere metodologia propioa. Baina eman zertzelada batzuk: nondik hasiko ginateke eraikitzen?
Liburuan diot etxea teilatutik hasteko. Oso ponposo geratu daitekeen arren, uste dut horrelaxe dela: amestu, pentsatu nolako eskola eraiki nahiko zenukeen, nola lan egin nahiko zenukeen... Zeren ondoren errealitateak kimatuko du proiektua, eta jaitsiko zaitu lurrera, errealitateak egingo du proiektua lurtar. Baina hasi teilatutik eraikitzen, baikortasunez eta irribarrez.
"Eraldatzen ari garen eskolok batzuetan epaituak sentitzen gara, etengabe justifikatu beharrean bezala"
Izena jartzea, lehenbiziko lana.
Hori da lehen urratsa, bai. Gurean horrela gertatu zelako, e. Larraulgo eskolan, aldaketa ez zen erabaki bat izan zuritik beltzera; bageneraman prozesu bat, oso natural garatu zena. Baina gakoa izan zen izena jartzea proiektuari, nahiz orduko hartan ezer erredaktatuta ez zegoen, ezta eraikia ere. Izena ipintzeak ilusioa eragin zuen gugan, eta gogoz eutsi genion.
Erredaktatu zenutena eskola-proiektua izango zen, hezkuntza-proiektua baino gehiago. Bi kontzeptuak argi bereizten dituzu liburuan.
Berdinak izan daitezke zenbait kasutan, baina nik desberdindu egiten ditut, eta ez dut bata bestea baino garrantzitsuagotzat jotzen. Hezkuntza-proiektua izango da, segur aski, eskola batean dagoen dokumenturik garrantzitsuena. Baina diferentziatzeko esango nuke oraina dela hezkuntza-proiektua, orain eta hemen egiten ari garena jasotzen duen dokumentua, eta eskola-proiektua izan daiteke etorkizunerako zerbait, proiektu, ilusio edo norabide bat. Eskola-proiektu gisa ulertzen dut nik eskola osoarentzat den proiektua, hasi haurtzaindegitik eta ikasle zaharreneraino.
Askotan aipatzen den horma da curriculuma. Mugak ipintzen dituela-eta, irakasle eta hezkuntza komunitatearen kezka eta kexarako motibo da sarri. Liburuan ez duzu gehiegi sakontzen horretan, baina bai aipatzen duzu.
Adibide argigarri bat: hemen, gure bailaran, hainbat eta hainbat eskola eta ikastetxe daude, eta ziur nago denok dugula oinarrian curriculuma, eta denok esango dugu curriculumarekin egiten dugula lan. Eta, aldiz, oso eskola diferenteak aurkitu ahalko dituzu. Zer esanik ez bailara honetatik aterata. Orduan, bietako bat: edo baten batzuk engainatzen ari gara, edo curriculuma malgua da eta interpretatu daiteke. Nik bigarren horren aldeko apustua egiten dut. Ez dut pentsatzen inor gezurretan ari denik, baizik eta modu diferentetan uler daitekeela, eta bakoitzak ematen diola bere zentzua, bere aberastasuna. Ez dut egin nahi curriculumaren defentsarik, baina bai uste dut malgua dela. Are gehiago, bere xedapen orokorretan esaten du eskola bakoitzak autonomia osoa daukala curriculuma aberasteko; guk hori egiten dugu, horrela ulertzen dugu.
Beste horma bat-edo, atsekabe ugari eragin dituena: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legea.
Ni gehiago naiz barrura begiratzen duen horietakoa. Kanpo-faktore asko daude, eta argi dago horiek ere eragina dutela. Uste dut Hezkuntza Legearen prozesu honek irakasleongan ere ezkortasun bat eragin duela, pentsatzen zelako adostasun zabal batetik zerbait aberatsagoa aterako zela. Eta ez da gauzatu uste genuena, baina prozesuan bertan uste dut asko ikasi dela, eta ondorio positiboak ere aterako direla, eztabaida ugari egon baitira, eta ekarpen ugari bildu.
Begira, Hezkuntza Legea ez da aldarrikapen bat, baizik eta beharra. Euskal Herrian daukagu premia gure hezkuntza marko propioa izateko, zatituta egongo ez dena administratiboki. Haurrei esaten badiegu kooperatu behar dutela, elkarrekintzan eta elkarreraginetan aritu, ezinbestean helduok izan behar dugu horretarako eredu. Oraingoan ez da Hezkuntza Legea loratu, baina jarraitu beharko dugu haurrentzat eredu egokienaren bila.
Gomendio bat: irakurri Hik Hasi-k argitaratu duen monografikoa, Biharamunerako koordenatuak.
Bidean liburuari izena eman zion Larraulgo zuen eskolako eskola-proiektuak. Orain, Superbotereak. Badirudi haurrari eman diozula foku gehiago. Zera nabarmentzen duzu: helduek haur bat daramatela barnean, eta haurrek ez dutela heldurik... zorionez!
Haurrek heldu bat eramango balute barruan, jada errealitatera jaitsiko lirateke. Lehen, proiektu batekin amesteko esan dugunean, horixe da haurrek egiten dutena. Gero, helduaroan sartu ahala, errealitatera jaisten gara eta gutxiago amesten dugu, gutxiago eraikitzen dugu, askoz ere apurtzaileagoak gara. Hortik doa ideia. Saiatu naiz haur ginenean geneuzkan superbotere batzuk identifikatzen, pista moduan erabiltzeko guk gure eskoletan. Superbotere gehiago ere izan daitezke, beste hamarnaka, hamaika.
Azaroaren 27an, ARGIAk antolatuta, liburuaren aitzakiapean solastatzeko mahai-ingurua egingo da Larraulgo eskolan, 17:30ean. Superbotereak liburua izango da abiapuntua, baina oro har hezkuntza eta eskola-proiektuak hartuko ditugu hizketagai. Hizlariak:
Koldo Rabadan, liburuaren egilea eta irakaslea.
Nora Salbotx, hitzaurrearen egilea eta irakaslea.
Ainhoa Azpirotz, Hik Hasi-ko koordinatzailea.
Irati Manzisidor, Euskadiko Eskola Txikietako koordinatzailea.
Maitane Telletxea, Zizurkilgo Mendigain eskolako zuzendaria.
Sarreretako batek [hiru ditu] ematen dio gorputza liburuan superbotereak nabarmentzeko erabakiari. Lagun baten mezua dago tartean. Bere seme-alabari “gabeziak” ikusi dizkiotela eskolan, oso jatorra dela azpimarratzearekin batera.
Azken horrek orekatuko balu bezala... Sarrerako testua idazten amaitzen ari nintzenean jaso nuen lagunaren mezua, eta gidoia guztiz irauli zuen. Une horretara arte asmoa nuen errezeta liburua idazteko, eta planteamendua idatzita neukan. Bada, egindako sarrerako testua pikutara bota beharrean, erabaki nuen hor uztea, akatsa ere agerian jartzeko, ikus dadin zein zen nire inertzia. Bigarren sarrera ere ez zen ongi atera. Hirugarrenean bai, pozik geratu nintzen. Benetan inertziak desaktibatu eta ikasleen superbotereak ikusarazi behar ditugula argi ikusi nuen.
Gabeziak, helduok ez bagenitu bezalaxe.
Begirada kontua da. Segun eta nola begiratzen duzun, gabeziak superbotere gisa ere ikusi daitezke. Markatua daukagu ikasle estereotipatu bat, eta orduan, horretara heltze bidean, gabeziak azaleratzen dizkiogu. Eta gabeziak ikusi behar dira, guztiok baititugu. Are gehiago, interesantea da ditugun gabezien jakitun izatea. Baina baita ikasleek dituzten eta norberak dituen superbotere horien jabe izatea ere. Horregatik aldarrikatzen dut aldaketa bat eskoletan; hau da, ikasle bakoitzak bere superboterea garatzeko eskolak sortu behar ditugula. Begirada aldaketa: zenbat falta duen baino, egiten duen horretan zentratzea, edo hori behatzea gehiago.
Gure eskolan ditugun tailer edo gune askotan nire gabeziak azaleratzen dira; beste batzuetan nire indarguneak identifikatzen ditut. Eta haurrek ere berdin. Aurreko liburuan ere aipatzen nuen: haurrak dira, ez dira inozoak. Baina hori ona da, eta norberak identifikatzen duenean zein gabezia dituen eta zein indargune, ikaskidea gutxiago epaitzen du.
Hainbat esaldiri egin diet azpimarra. Lau ekarriko ditugu hona, eta egin ariketa, erantzun zeure buruari. Lehenak dio: “Gogorrak izan dira azken ikasturteak eta klaustroak nekaturik sumatu ditut. Ulergarria. Baina klaustroak ezkor ere sumatu ditut. Kezkagarria. Izan daiteke anemia puntu bat, zenbait kasutan antsietatea, ilusio falta edota depresioa, kasu askotan presioa. Baina guztiak du konponbidea, eta sinergia da gakoa”.
Elkarlanean dago gakoa, ilusioan, ahalduntzean. Eta zergatik ez, irri egitean. Oro har, kanpora gutxiago begiratu eta barrura gehiago. Eraldaketa barrutik egiten da.
Mintegietan sarri erabili dut Barruko lehoia-ren kontakizuna. Gauzak aldatu nahi badituzu, lehenik aldatu behar duzu zure burua. Hau da, aldatu dezagun gure kezka, presioa, eta ilusiona gaitezen.
“Kanpo aholkularitzak ongietorriak dira, baina eskola eraldatzearen ardura gu guztiona da (...) haur eta ikasleengandik gertu gaudenongandik etorriko da berrikuntza, gaixotasun bat sendatzeko errezeta parez pare dugun mediku batek jarriko digun moduan”.
Lidergoaz hitz egin dugu, eta hortik doa. Gehien dakiena, eskola gehien ezagutzen duena, bertako hezitzaile eta irakaslea da. Hartu erabakiak klaustroan. Hartu erabakiak eta ez itxaron, batzuetan ere ez eskatu baimenik. Erabakiak gureak dira eta ausartu behar dugu hartzera. Liburuan ageri den superbotereetako bat zera da: lehenetsi.
Guk eskolan bereizten dugu zer den betelana eta zer beharrezko lana. Betelanari erantzun betelanarekin, eta beharrezko lanari erantzun ilusioz.
“Haztea ez da gehiago egitea, hobeto egitea baizik”.
Egiten dugu gehiago, gehiago eta gehiago, hango eskolan ikusiko dugulako hau, eta hemengoan bestea. Azkenean, galtzen dugu nortasuna. Horregatik, barrutik eraikitzea garrantzitsua da. Ongietorriak dira besteen esperientziak, baina eskola-proiektu bat erredaktatzen badugu, nortasunez erredaktatu behar dugu, eta eduki behar dugu kontutan zer nolako eskola den, zer nolako hezkuntza komunitatea den, nolako ikasleak ditugun, zein ingurutan bizi garen... eta, horren arabera, nortasunez eraiki proiektua.
Eusko Ikaskuntzarako idatzi zenuen eranskin batekin ixten da liburua. “Kulturak salbatuko gaitu”, horixe da titularra.
Amaiera polita iruditu zitzaidan. Ezer baino lehen, kapitulu bakoitzaren amaieran badagoelako kulturari halako keinu bat. Baina, oro har, Bidean-en emaitzetako bat izan zen Eusko Ikaskuntzak eskatu zidala galdera bati erantzuteko, ea nolakoa izan behar zuen egungo hezkuntza-sistemak. Pandemia garaian ezagun egin zen esaldi horrekin erantzun nion nik.
Zerorrek ikusi duzu elkarrizketa egiten hasi aurretik, liburutegiko tailerrean nola ari zen zazpi urteko haur bat Izaroren kantu bat transkribatzen, inork hala eskatu gabe. Funtsean, hezkuntza-sistema batek, curriculum batek, oinarri-oinarrian bertako kultura izan behar du presente: hizkuntza, ezaugarriak eta nortasuna, eta horiekin egin behar du aurrera
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]