Betirako urpetutako lurrez ordaintzen dute klima aldaketa Hego Sudanen

  • Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri bat dakar, gerrek bultzaturiko errefuxiatuei uholdeena gehituta. Lurraldeak jasandako klima aldaketaren kalte horiek nork ordainduko ditu?


2024ko azaroaren 20an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hedabide handietan gutien aipatzen diren estatuetakoa da 2011n independentzia lortu zuen Hego Sudan. Historian zehar bertako biztanleak luzaz izan dira ustiapenaren eta zapalkuntzaren piramidearen beheko solairuan. Erresuma Batuak Afrika Ekialdearen gehiena kolonizatuta zuen garaian, eta Suezeko kanala kontrolatzeko Egipto militarki menperatzen zuelarik, Egiptorekin batera Sudan kudeatu zuen 1899tik 1956ra. Garai hartako Sudanen barruan, britainiarren politika kolonialak ipar arabiarraren garapena lehenetsi zuen, hegoan bizi ziren azal ilunekoak bazter utzita. Eskolak, ospitaleak, bideak eta zubiak eskas zituzten hegoaldean.

1958an Sudan estatu independentea bilakatu eta gero, politika bera atxiki eta hegoa atzean uzten jarraitu zuten. Horrek hainbat matxinada sortu zituen, baita Afrikako independentzia gerra luzeenak piztu ere –lehenak, 1955tik 1972ra iraun zuen, autonomia estatutua lortu arte, eta bigarrena 1983an piztu zen, estatutua kentzeagatik eta 2005 arte iraun zuen–. Bi gerra luze horietan 2,5 milioi pertsona hil ziren –erraz idazten da– eta bistan dena, herrialdearen azpigarapen egoera ez zen hobetu. Haurdunaldiko hilkortasun tasa eta emakumezkoen analfabetismo tasa munduko gorenak ziren 2011n, estatuaren sorreran. Oinaze zerrenda luze hori pairatzea aski ez balitz, 2013an gerra zibila piztu zen, Salva Kiir presidentearen –Dinka etniakoa eta katolikoa– eta Riek Machar presidenteordearen –Nuer etniakoa eta presbiteriarra– jarraitzaileen artean, zatiketa politikoa baino, etnikoa eta erlijioaren araberakoa zelarik. Estimazioen arabera, 400.000 pertsona hil ziren gerra zibil honetan.  Orduz geroztik, bi etnien arteko gatazkek segitzen dute.

Ura ere etsai bihurtu zen

Halako testuinguru politiko eta ekonomikoan ez da harritzekoa Hego Sudango jarduera nagusia industriaurreko iraupeneko laborantza izatea, nahiz eta bertze eskualde txiro batzuk bezala, Balutxistan kasu, baliabide naturalez oso aberatsa den. Burdin, kobre, kromo, wolframita, diamante, teka eta zur anitz bada. Baina esportazioen balioaren %90 petrolioari dagokio, herrialde industrializatuetan erre eta klima aldaketa areagotzen duena, eta Afrikako hainbat herrialdetan "deabruaren kaka" deitzen dutena.

Klimari dagokionez, Nilo Zuriaren arroko goialde honetan bi urtaro izan ohi ziren: lehorra azarotik apirilera eta euritsua apiriletik azarora. Iparrean Sudd izeneko zingiragune zabala puztu ohi zen urtaro hezeko urez, gero urtaro lehorrean ura ibaira itzuli eta lurruntzen zelarik. Ziklo horren arabera antolatzen ziren abereen transhumantzia eta zerealen ereite eta uztak, betidanik –bertako abeltzain eta laborarien ahozko jakintzaren arabera– 2019 arte.

Azken urteotan, aldiz, klima aldaketak ziklo hori erabat desdoiturik, euriteen urtaroa indartu eta azalera handiak iraunkorki urpetu izan ditu. 2019ko uholdeengatik 290.000 pertsona lekualdatu ziren, hurrengo urtaro lehorrean beren lurretara itzultzeko itxaropenarekin. 2020an, 442.000 ziren lekuz aldatuak eta 2021ean 505.000. Euriteak hain indartsu eta luze bihurtzeagatik, Nilo Zuriak jada ezin du dena xurgatu, lurzoru buztintsuak lokaztu eta hurrengo urtaro hezea datorrenean, ur berria metatzen zaio aurreko urtaro hezetik gelditzen denari. Iparrean den Unity estatuaren %90, hau da, Euskal Herriko azalera bider 1,7, urpean dago. 2014an, bertako Bentiu hiriburuan eraiki zuten zelai handi bat, gerra zibileko errefuxiatuentzat. 2023ko urrian, gerra zibileko garai ilunenean baino errefuxiatu gehiago hartzen zituen. Eraiki zutenean ez zen oraindik uholderik, baina ur mailaren azpian da gaur egun zelaia eta lurrezko dikez inguraturik, etengabe ari dira ura ponpatzen.

Baldintza horietan bizirauten dute 150.000 pertsona inguruk, horietarik gehienak abeltzainak edo laborariak izandakoak. Abeltzain batzuk hegoaldean den Equatoriako urpetu gabeko lurraldeetara mugitu dira larre berrien bila, ehundaka kilometroko ibilaldian, batzutan ura gerriraino izanik, eta bidean abere asko galdurik, eritasunez edo lapurretaz. Equatoriara iritsi eta bertako laborariekin tentsioak sortu eta bertako ekosistemak hauskortu egiten dira: jende eta behi gehiagorentzat nola lortu tokia, bertako larre eta soroak bereganatu gabe eta oihanik moztu gabe? Gainera, etnia ezberdinekoak izateak ez du, noski, tentsioa apaltzen, batez ere, gerra zibilaren zauriek sendatu gabe jarraitzen dutenean eta bake hitzarmena onartzen ez duen talde armatu batek bahiketak egiten jarraitzen duenean.

Uholde iraunkorraren azpian, lurralde galdua

2020 eta 2022 urteen artean bakarrik, 2,6 milioi pertsona lekuz aldatu ziren Hego Sudanen. Horietarik 1,5 milioi uholdeengatik mugitu ziren, eta milioi bat gatazkengatik, nahiz eta konkretuki biak lotuak izan: gerra zibilaren ondorengo zaurgarritasunak uholdeei aurre egiteko gaitasuna murriztu zien eta uholdeek ondorioztatu barne migrazioek gatazkak dakartzate.
Larreak itotzeaz gain, ur geldiek malaria eta ur zikina edatearen ondoriozko eritasunak zabaldu dituzte, baita suge ausikiak ugaldu ere, Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera. Ur geldietan arrainak aurkitu daitezke eta arrantzatzen dira, baina ez dituzte galdutako uztak eta abereak konpentsatzen.

Baita petrolio kutsadura ere

Lur buztintsua, gehiegizko ura, errefuxiatuak, abeltzain erbesteratuak, gatazkak, eritasunak, sugeak eta gainera, beste aldagai anker bat: petrolio putzuak. Bere azaleraren %90 urpetua duen Unity estatuan kokatzen dira petrolio putzu gehienak. 2019ko lehen ezohiko euriteetan petrolio-hodi bat puskatu zen eta inguruko ur eta lurrak kutsatu zituen. Kutsadura hainbertze zen azkarra, ezen txahal batzuk bururik edo gorputz-adarrik gabe jaio zirela,  petrolio ingeniari ohi David Bojo Leluk BBC hedabideari azaldu dionez.

Deabruaren kaka: errerik klima aldatu eta lurraldeak urperatzen ditu, txirotasuna eta gatazkak areagotuta; eta urperatzearekin hodiak hautsi eta bizitzak pozoindu. Egun hauetan Azerbaijanen aitzina doa klima aldaketari buruzko COP29 gailurra –ironia badirudi ere, petrolio saltzaile batek zuzendurikoa–. Herrialde kaltetuenei ordaindu beharreko konpentsazioak hobeki zehaztu behar dituzte. Paragrafo hori idazten dugun honetan ezin jakin ea Hego Sudan behar bezala aipatuko duten, baina, bederen, hemen aipatu nahi genuen.


Azkenak
2024-11-20 | Leire Ibar
Eguberriko merkatu euskalzalea antolatu dute Baionan

Lehenengo aldiz “euskararen aldarriak hedatzeko” azoka antolatu dute euskararen biziberritzean lan egiten duten zortzi elkartek. Euskararen egunean irekiko da azoka eta abenduko beste hiru egunetan ere egongo da zabalik.


2024-11-20 | El Salto-Hordago
Etxebizitza eskubidearen gatazka Euskal Herrian

 Lanaren Ekonomiaren 8. denboraldia etxebizitzaren gatazkari helduz hasi da, Karla Pisano, Roser Espelt, Miguel Virizuela eta Argiako Jon Tornerrekin. Bi barikutan behin 11:00tan izango da irratsaioa.


2024-11-20 | Langune | FUEN
Alexandru Jerpelea, Arrumanoa Zaintzeko Itzulpen Automatikoaren Aitzindaria
“Proiektu honek berez ez du hizkuntza ‘salbatuko’, baina espero dut norabide egokian urrats bat eman izana”

Alexandru Jerpelea Bukaresteko (Errumania) batxilergoko 17 urteko ikaslea da, eta itzulpen automatikoko lehen sistema neuronala sortu du arrumanorako. Balkanetan 200.000 pertsona inguruk hitz egiten duten hizkuntza erromaniko gutxitua da. Bere tresna berritzaileak, [+]


Amets Ladislao, EHNE Bizkaia: “Bertokoak diren elikadura-sistemak behar ditugu”

Nekazarien eta abeltzainen erreferentziazko sindikatua da Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna. 1976tik lanean daraman elkarte horrek 3.000 afiliatu baino gehiago ditu, eta lehen sektoreak dituen erronkak ez dira nolanahikoak. Egoera horretaz eta etorkizunari buruz sindikatuak... [+]


2024-11-20 | LAB sindikatua
Garraiolariok ere komunera joan beharra dugu

Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.

Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]


2024-11-20 | ARGIA
Esako urtegiaren handitzea “erloju bonba bat” dela ohartarazi dute, tanta hotzaren gisakoak bertan egokituz gero

Esako urtegia handitzeko proiektua berraztertu dezala eskatu dio Chunta Aragonesista alderdiak Espainiako Gobernuari, tanta hotzak berriki utzitako hondamendia ikusita. Halako euriteak jasanez gero, Esak ur hori guztia askatzeko gaitasun nahikorik ez lukeela izango eta... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua Maravillas Lamberto interpretazio zentroa izatea adostu dute

Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]


Euskalgintza apolitikoari deia

Euskararen biziraupena ez da euskaldunok politikaren partidan jokatzen dugun arazo bakarra, baina bai, euskalduntasunaren elementu bereizgarriena den neurrian, gure egoera gehien islatzen duena. Beste esparru batzuetan hainbeste ageri ez dena oso ongi erakusten du. Hasteko,... [+]


Lucy: izar mediatikoak 50 urte

Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Lucy-ren hezurdura aurkitu zuten Hadarren, giza arbasoen arrasto zaharrenetakoa. Australopithecus afarensis espezieko hominidoak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean ditu.

Homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat. Mende erdi... [+]


Injustizia epistemikoa eskoletan?

Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]


Tresnak eta formakuntza

“Ibiliz ikasten da ibiltzen, eta kantuan kantatzen”. Horixe izan da aste honetako ikasgaietako bat C2ko taldeetan. Helburua ez zen abesten edo oinez ikastea, gerundioa behar bezala erabiltzea baizik. Zer pentsatua eman dit jarduerak, eta irakasten nola ikasten dugun... [+]


2024-11-20 | Edu Zelaieta Anta
Bi begien artean

Aste oso batez aritu gara Collodiren Pinotxoren abenturak liburuaren inguruan, unibertsitateko ikasgelan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslegaiekin. Gure erreferentzia nagusia Galtzagorrik 2011n argitara emandako edizio ederra izan da –hitzaurrea barne, 171... [+]


2024-11-20 | Gorka Menendez
Euskal baserria, esplotazio sistema?

Sanmartinak gure baserrietan oso ezagunak dira, txerria hiltzeko garaia baita. Jende askok, ordea, ez du jakingo antzina San Martin egunak nekazaritza urtearen amaiera ezartzen zuela. Eta hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, urte amaierarekin etxeko ugazabari... [+]


Eguneraketa berriak daude