Valentziakotik ikasi behar duguna: eman arnasa lurrari

  • Mediterraneoan tanta hotz batek eragindako triskantzak erakutsi digu gizakiak noraino sartu dezakeen hanka. Klima larrialdia sortzeaz gain, bere kalte humanoak eta ekonomikoak anplifikatu ditugu. Copernicusen datuen arabera, 400 kilometro koadrotik gora lur geruza artifizializatzen da urtero Europan, kontrolik gabeko hirigintzaren erruz. Ondorioz, gune urbanoetan goitik behera datorren ur erauntsiaren indarra biderkatu egiten da, hondamendi bihurtzeraino, Valentzian ikusi dugun bezala.

Rambla del Poio, Paiportan. Argazkia: Unai Beroiz

Goi geruzako depresio hotz batek –gaztelaniazko sigletan DANA bezala ezagutzen duguna– Andaluzia, Murtzia, Gaztela-Mantxa eta, batez ere, Herrialde Katalanetako Valentzia astindu zituen urriaren 29an, ehunka hildako eta desagertu eraginda. Ohituta gauzkate halako katastrofeak telebistan espektakulua bailiran ikusten, Hegoalde Globaleko herrialde txiroetan gertatzen direnean. Baina oraingoan pantailetako zooma gertuago sentitu dugu, nahiz eta antzekoak gertatu izan diren ez askoz urrutiago. Esaterako, Libian, pasa den urtean Daniel ekaitzak gutxienez 11.000 hildako utzi zituen, bi urtegitako presak hautsi ondoren. Zein akordatzen da?

Ekaitz batek astindu du Valentzia, eta astindu hango herritarrak bezala Espainiako Estatuko politika. Larrialdia kudeatzeko espainiar agintarien eta patronalaren jokabide patetikoak –ez esateagatik kriminalak– bereganatu du arreta mediatikoa, eta garrantzitsuak diren beste gai batzuk alboratu dira eztabaidatik, tartean klima aldaketa eta hori bera sortzen duten faktore antropikoak.

Denboralean eragindako kalteak agerian. Argazkia: Unai Beroiz

Zer dio Uraren Kultura Berria fundazioak?

Uraren zikloa ikertzen ibilbide luzea egina duen Zaragozako Uraren Kultura Berria fundazioak, Valentziako hondamendia areagotu duten arrazoietako batzuk zerrendatu ditu: uholde-arriskuko eremuen okupazioa; nekazaritza espazio gero eta intentsiboagoak; drainatze naturala eragozten duten garraio-azpiegiturak; uholdeen kontrako alferrikako obrak, dikeak eta ur bideratzeak...  

Faktore nagusien artean, lurraren “inpermeabilizazio geldiezina” ere badago: dela zabalkunde urbanistikoengatik, dela bestelako obrengatik, ura ez da lurrean infiltratzen eta tsunami baten gisan irristatzen da hormigoi biluzitik.  “Azpiegitura hauek uraren abiadura eta bere suntsipen ahalmena handitzen dute arroan behera”, dio fundazioak ¿Por qué están aumentando los daños por inundaciones? (Zergatik ari dira handitzen uholdeen kalteak?) txostenean. Fenomeno horren adibide dramatikoa litzateke Valentziako l´Horta de Sud deituriko hegoaldeko lur emankorrean gertaturikoa.

Europako Ingurumen Agentziak dio 2006tik 2015era urtero, batez beste, 429 kilometro koadro lur geruza artifizializatu zela Europan. Ideia bat egitearren, Trebiñuko konderriak duen azaleraren ia bikoitza da hori

Paiporta, Catarroja, Aldaia, Alfafar… Hondamendiaren “zero” gunean ur erauntsiak 75.000 etxebizitza kaltetu dituela kalkulatu du Valentziako Unibertsitateak, baita poligono industrial ugari ere. Denera, urbanizaturiko 3.800 hektarea. “Giza galerak eta kalte ekonomikoak anplifikatzen dituen arrazoi nagusiena da ibai eta erreketako espazioetan eraiki dela”, dio ahobizarrik gabe modelizazio hidrologikoan aditua den José María Bodoquek The Conversation hedabidean.

Begiratu ingurura, eta ikusiko dituzu hirien tamainako auzo erraldoi berriak nonahi: erriberetan, mendi muinoetan... Ez aipatzearren logistikarekin edo energia berriztagarriekin zerikusia duten beste hamaika makro-azpiegitura polemiko.

Orban gorria mapan

Europako Ingurumen Agentziak dio 2006tik 2015era urtero, batez beste, 429 kilometro koadro lur geruza artifizializatu zela Europan. Ideia bat egitearren, Trebiñuko konderriak duen azaleraren ia bikoitza da hori. Frantziako eta Espainiako Estatuek artifizializatu zuten lur gehien urte horietan: 572 eta 416 kilometro koadro, hurrenez hurren. Europar erakundeek kontzeptu bat darabilte fenomeno hori deskribatzeko: lurzoruaren zigilatzea.

Valentzian artifizializaturiko eremuak. Copernicus.

Copernicus satelitearen mapetan xehetasun osoz ikus daiteke noraino “zigilatu” dugun lurra. Hamar metrotik behin puntu gorri bat. Valentziako periferia osoa dago orban gorriz estalita, baita Euskal Herriko eremu zabalak ere: Donostiatik Goierrira, Ibaizabaldik Durangaldera, Gasteiz eta Iruñeko zonalde periurbanoak, eta batez ere Baiona eta Biarritz arteko bizitegi zabalak.

Euskal Herrian artifizializaturiko eremuak. Copernicus.

Hormigoizko egitura prefabrikatuak, basaltozko zolak, asfaltozko errepideak… material iragazgaitz ugari erabili eta euri-urak etengabe kanalizatzen dira. Baina horrekin lortzen dena da erauntsien indarra biderkatzea, jendeak sare sozialetan ikaratuta biral bihurtu dituen Valentziako bideo horietan ageri den bezala: kaleak tobogan hilgarri bihurtuta, urak autoak eta etxeak aurretik eramaten.

Horrela uler liteke hainbeste auto kaleetan? Hainbeste jende autoetan? Lanetik etxera, etxetik autora... Agian hori ere bada beste irakasgai bat: egungo sistema ekonomikoak apenas uzten diola herritarrari denborarik eta espaziorik erreakzionatzeko

“Egoera oso larria Utielen...”

Urriaren 29a, arratsaldeko 15:20: “Egoera oso larria Utielen (…). Uholdeak sortuko dituzten euri-jasak (…). Ez atera etxetik guztiz beharrezkoa ez bada (…). Mapa honetako balioak zaharkituta daude, gainditu egin dira (…) Euriak Jucar ibaiaren bide erdian bota du; ur hori guztia jaitsi egingo da eta herri askori eragingo die!”. Horrela jo zuen alarma Victòria Roselló meteorologoak À Punt Valentziako telebista publikoko albistegietako tartean.

Paiportan, telebistan eguraldia entzutean herritar askok harrituta begiratuko zuen leihotik, ordu horretan ez baitzuen euririk ere ari. Gorago, baina, 500 litro bota zuen. Agintariek ez zien abisatu “infernua zetorrela herrira”, Vilaweben irakurri dugun bezala. Hori da ura kontrolatu nahi izatearen beste ondorioetako bat, segurtasun sentsazio faltsua emateaz gainera, albo-kalteak ondoko herriak jasaten dituela.  

Agintariek ez zien abisatu “infernua zetorrela herrira”. Argazkia: Unai Beroiz

Antonio Aretxabala geologo ezagunak Onda Vasca irratiko podcast batean gogorarazi du antzeko zerbait gertatu dela Iruñean: “Ikusten ari gara, Argan, uhaldiak saihesteko historikoki egindako obrek arazo larriagoak ekarri dituztela azkenean”. 2021eko abenduan Iruñeko Arrotxapea auzoa ez ezik, Burlata eta beste hainbat herri urpean utzi zituen uholdeaz ari da.

Valentziako Turia ibaiaren kasuan, oraindik aztertzeke dago 1957ko Gran Ruià eta geroko obrek nola funtzionatu duten. Baliteke Francoren erregimenak eraikitako ubide berriak hiriaren erdigunea “salbatu” izana, baina autobidez inguratuta dauden hegoaldeko herri eta auzo langileak sakrifikatu dira ordainetan.

Autoaren menpe dauden herriak

1980ko hamarkadan Valentziak aldaketa handia bizi izan zuen populazio eta mugikortasunari dagokionez: “Garraio pribatua sustatu zen, garraio publikoa murriztu, eta nekazal eremuen gainbehera hasi zen”. Josep Boira geografoaren hitzak dira, Valentziako Unibertsitatean irakaslea eta Mediterraneoko Korridore proiektuaren sustatzaile nagusietakoa, hortaz eskuinak “erradikala” deitua izatetik batere susmagarria ez dena.

Autoak Paiportan, Rajoleria adreilu museoaren ondoan. Argazkia: Unai Beroiz

Agenda Pública webgunean idatziriko artikuluan garbi hitz egin du Boirak: “Noiz arte baimenduko dugu galgarik gabeko garapen jasangaitz hau, hirigintza eta lurzoru artifiziala areagotzen duena?”. Bere esanetan azken urteetako garapen ereduak sustaturiko mugikortasunak “preso” dauka herritarra, lana eta zerbitzuak gune zehatzetan kontzentratzen dituelako.

Horrela uler liteke hainbeste auto kaleetan? Hainbeste jende autoetan? Lanetik etxera, etxetik autora... Agian hori ere bada beste irakasgai bat: egungo sistema ekonomikoak apenas uzten diola herritarrari denborarik eta espaziorik erreakzionatzeko.
“Arratsaldeko 20:00ak ziren, ura merkatalgunera sartzen ari zen eta oraindik ez ziguten etxera joateko esan ere egin”, hala kontatu dio La Directa hedabide katalanari Zarako langile batek. Inditexek, Mercadonak, Carrefourrek, Ikeak eta antzeko beste enpresek, beste behin negozioa lehenetsi dutela salatu dute sindikatuek.

Ibilguak naturara itzultzea

Zor ekologikoak sorturiko polikrisian sistema errotik aldatzea da irtenbide bakarra, 1.500 zientzialarik Bioscience aldizkarian argitaraturiko azken txostenean iragartzen duten kolapso sozialera iritsi nahi ez badugu. Baina horrez gain, beste neurri zehatz batzuk hartu daitezke, Valentziakoa bezalako uholdeen kalteak murrizteko.

Denboraleak kalteturiko Valentzia hegoaldeko herrietara jende andana joan da lohia garbitzera. Herrialde Katalanetako sare komunitarioak ere aktibatu dira. Alfafarren, esaterako, Alcosa Parkea izeneko auzo txiroan, bazterkeria sozialaren kontra urte luzez borrokan aritu den Koordinadora de Kolectivos del Parke proiektuko kideak buru-belarri aritu dira garbiketan. Brigada solidarioetan antolatu dira horretarako: "Ahaztuenak gara, badakigu ez dugula laguntzarik jasoko, eta horrek eramaten gaitu batzera", azaldu diote La Directa-ko kazetari Irene Molinari. Argazkia: Unai Beroiz

Uraren Kultura Berriaren fundazioak eman dizkigu oraingoan ere pista batzuk. Esaterako, ibaiei euren ibilgua itzularazi eta erriberak leheneratzea. Madrilgo Manzanares ibaian eta Kalifornian Los Angeles ibaian, esaterako, egin dira halako esperimentuak. Nafarroako Gobernuak badu plan bat Argaren ibilgua basoberritzeko eta berriki lurrak desjabetzeko prozesua hasi du Mediterraneoko DANArekin gertaturikoa ikusita.

Nekazaritza guneetan ura erretenitzeko neurriak ere proposatzen ditu Uraren Kultura Berriak: iraganean hain ohikoak genituen baratza eta soroen arteko hesi begetalak jartzea, drainatze naturalen sarea berreskuratzea... Eta hirietan ere esku-hartze ugari egin daitezkeela dio: belardiak handitu, bide-zoru iragazkorrak jarri, edo hezegune artifizialak eta euri-lorategiak sortu, besteak beste. Finean, lurrari arnasa eman.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Gabonetan sortzen den kutsaduraren %57 oparien ondorioz da

Ikerketa baten arabera, Frantziako Estatuan 6,3 milioi tona CO2 isuriko dituzte herritarrek Gabonetan, eta opariak dira horren erantzule nagusiak: %57. Oparien artean, gehien kutsatzen dutenak aparatu elektronikoak eta bitxiak dira, metal eta mineralen erauzketaren ondorioz, eta... [+]


2024-12-19 | Leire Ibar
Garraio publikoa garestitzearen aurka mobilizatu dira Bilbon

Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Eguneraketa berriak daude