Duela bi aste, Frantziako irratien finantziamendua zalantzan zen, Frantziako Kultur Ministerioak %35 apaldu nahi baitzituen elkarte irrati lokalei bideratu dirulaguntzak. Orduan, 200 bat elkarte ziren lanjerrean eta horien artean Iparraldeko Euskal Irratiak.
Azalpena gibelapen-ekonomikoarena da, nahiago bada dei daiteke zorra, kiebra, iruzurra, gezurra; hots, ez omen da dirurik, batez ere ez da dirurik kulturarentzat.
Euskal Irratien arazoak aterabide bat izan zuen, behin behinekoa –halaxe bizitzen ikasiak baikara euskal herritarrok engoitik–, ondokora arte.
Gurean, aspaldian, Euskararen Erakunde Publikoaren kasu erredundantea hor dugu, euskal kulturari zuzendu kredituen istorioa azken horren parekoa da, baita lekuko hainbat ekimenen diruztatzea ere.
Azken urteetan, molde errepikatuan, maiz estatuak, batzuetan eskualdeak, besteetan departamenduak –denak ere estatu mailako adar eta luzapenak– dituzte aurrekontuak mendre mantentzen, bide beretik egitasmoak atzeratzen eta prekaritatea luzatzen, baita hizkuntzaren eta kulturaren biziraupena –ez garapena– kolokan ematen ere.
Frantziak ez du nehor lerrotik ateratzen ikusi nahi: horretarako ditu finantza legea, separatismoaren kontrakoa, ministroak, prefetak
Pentsa daiteke, euskaldunon kontua dela bakarrik, edo egitasmo bakar batzuena, baina ez da hala. Adibidez, iragan udaberrian, Bretainiako hainbat kultur-elkarteri eskualdeko dirulaguntzak murriztu zitzaizkien. Kultura-eskubideak legetan jasotzen diren lurraldea, izan liteke selektibo, lagundu nahi den kultur ereduari begira? Hor ere arrazoi ekonomikoak aipatu zituen eskualdeko prefetak, elkarteei ematekotan, beste alor zenbaiti kendu omen litzaiokeelakoan eta ezin… Duela zenbait egun, La Montagne egunkariak, Frantziako erdialdean zabalduak, honakoa jakinarazten zuen: Aquaserge deitu musika talde eta ikusgarri egileari ukatu egin zitzaion aitzinetik hitzemandako dirulaguntza, prefetaren manuz gertatu omen zen, diotenez arrazoi politikoengatik. Izan ere, Aquaserge Tarnac-ekoa da, Corrèze eskualdeko Millevaches ordokikoa, eta badirudi La Montagne-ren arabera, prefetak lotura aurkitu zuela taldearen eta molde arras nahasian amaitu zen ustezko ultraezkerreko terrorismoaren afera baten artean, zeinetan Darmanin Barne ministroak nahi izan baitzuen Lurraren Altxamenduak mugimendua desegin –Estatu Kontseiluak eragotzi zuen, azkenean–. Aquasergen errua, beraz, lautada militantekoa izatea da, migratzaileak defendatzen direnekoa, oihanak eta ura zaintzen diren lekukoa. Uztailean, egunetik biharamunera murriztu zituzten Frantziako hainbat eskualdetako osasun zerbitzuk eskoletan egiten dituzten sexu heziketa ekintzak antolatzeko dirulaguntzak. Ekintza horietarik hainbat Planning familial [Familia plangintza] deitu egiturek dituzte gauzatzen eta heziketa alorrekoak dira, gazteen artean sexismoa garatuz doan garaian, bortxaketaren kultura oraindik ongi errotua duen gizartean.
Eta horrela zerrenda luzea egin dezakegu, kulturaren eta heziketaren mugatze kasuez. Dela estatu mailan, dela eskualde mailan, baimenak, eskumenak eta dirutzak banatzen baitira eta kentzen, batzuetan nehork xuxen azalpenik eman gabe, "aurrekontu eskasa"-ren aitzakia erabiliz eta, noiztenka, aitzakia asmatzeko lanik gabe.
Egiten duguna gara. Egiten dugunak salatzen gaitu, izan hautuak, izan erabakiak, izan luzatzen diren eskuek edo bizkarrean ezkutatuek, izan zabaltzen diren mezuek edo isilarazten direnek. Frantziak ez du nehor lerrotik ateratzen ikusi nahi: horretarako ditu finantza legea, separatismoaren kontrakoa, ministroak, prefetak. Eta dirua, presio bide.