argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Besarkada
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko azaroaren 13a

Batzuetan batbihiru bat egiten duzu, eta esan, esan behar zen lekuan, ziur dirudizu, eta amaitzean, zotinka negar egin nahi duzu. Dena bukatu denean, ekipokoen goxotan, besarkada bat eman dizu, luzea, eusten ari balitzaizu bezala.

Agian, behin, lagun uste zenuen lankide batekin oheratu zinen, sakondu ustean, baina biharamuna izoztuta iritsi zen, eta lagun zena mehatxu da orain. Eta, nola ez, bilera batean elkartu zarete.

Agian, lagun bat egin duzu, egunero-egunero idazten zenizkioten elkarri zuen intimitatearen puskak, kontraturik sinatu gabe. Eta bat-batean isildu zen, eskubidea zuelako. Eta bilera batean ikusi duzue elkar. 

Agian, lagunak zineten lehendik, baina testuingurua aldatu da, eta, dirudienez, ez zineten hainbeste, eta zure ahulgune guztiak dakizki orain. Ondoan duzu bileran.

Agian, besterik gabe, zure nagusia da.

Batzuetan batbihiru bat egiten duzu, eta esan, esan behar zen lekuan, ziur dirudizu, eta amaitzean, zotinka negar egin nahi duzu. Dena bukatu denean, ekipokoen goxotan, besarkada bat eman dizu, luzea, eusten ari balitzaizu bezala. Denek ikusi dute afektu keinu hunkigarri bat, zuk bakarrik ikusten duzu hesitzen zaituen konstriktor haratesia. Eskua luzatu duzu, norbaitek heldu, eta aska zaitzan.