argia.eus
INPRIMATU
Mamutak ehizatzeko teknika
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko azaroaren 13a

Berkeleyko unibertsitateko (Kalifornia, AEB) arkeologo talde baten arabera, ezkerreko irudian ageri den eszena ez litzateke zuzena. Hau da, gizakiek ez zituzten lantzak jaurtitzen mamutak eta beste ugaztun handi batzuk ehizatzeko. Horixe zen orain arte zabalduen zegoen hipotesia, filmetan, bideojokoetan... ikusi dugun teknika.

Baina Plos One aldizkarian argitaratutako ikerlanak dio lantzak pika moduan erabiltzen zituztela eta lurrean bermatzen zutela makil luzearen oinarria. Mamuta erasotzeko hurbiltzen zenean, pikaren harrizko punta zorrotza gora jasotzen zuten. Hala, gizakiek beren indarra erabili ordez, mamutaren beraren indarraz baliatzen ziren arma haren gorputzean sartzeko.