hhh
Eneritz Furyak
Autoekoizpena, 2024
----------------------------------------------
Disko lasaia edo dinamita bat eguneroko patxada merkean? Popa edo punka? Hitz esana edo melodia? Harmoniak edo disonantziak? Eneritz edo Furyak?
Beti bezala, sailkaezinen kategoriara joan da zuzen-zuzenean irundarraren hhh lana. Aurrekoan ere hitz horiek erabili genituen Emadan azaltzeko: “Fabrikazio sistematik at” dago –eta egongo da– Furyaken Emadan. Hemen ez duzu topatuko euskal merkatu txiki horretan hegemoniatxoa bilatuko duen undergroundez edo bazterrekoaz mozorrotzen den artistarik. Autentikotasun sena bere-berea du Furyakek, ezarritakoaren aurrean luddita baten antzera: erre azken pieza!”.
Oraingo honetan, elektronikara jauzia are nabarmenagoa da, eta lehen piezan Berlingo techno jaialdi batera egiten dugu salto, zuzen-zuzenean. Luzaz, bigarren kantua, single itxura handiena duena da. Baina bere singleek ere behar dute arreta. Eta hor ere aldarrikapena: “Ni izateari uztea, zer?”. Eta Fer Apoarekin kolaborazio berezia Azkenagina-n.
Arretaren ekonomia izan da XXI. mendean gehien garatu den industrietako bat. Ruperrek kantatzen zuen Hans Magnus Enzensbergerren letraren moduan: “Kausa zuzenaren alde borrokatu beharrean biruela eta barizen kontra ari dira”. Total, gure arreta gailu estupidoetara bideratzeko milioiak inbertitzen diren garaiotan, Furyakek ez dizu erraz jarri nahi, eta arreta eskatzen du, baina zure aldetik jarri behar duzu.
Hori da onena. Mendi bat igotzea bezala. Zure aldetik jarriz gero, ateratzen dituzula harribitxi mordoa. Disko honetan, bereziki, kolore mordoa margotzea lortu du. Aipatu hasierako elektronika piezetatik, intimo, eta are, polit diren pasarteetara —ulertu “polit” ez dela zertan izan “on”—. Diskoaren amaiera heldu denarentzat Hatxerekin kolaborazio ederra, eta buklean entzuteko x eta Antzinako hondakinak.
Bilaketa etengabea da Eneritz Furyaken ibilbidea. Emadan-en tiroarekin asmatu bazuen, orain bere arma propioa eraiki duela esan dezakegu. Eta kontuz, orain arte behintzat, ez diolako inoiz tirorik egiteari utzi. Ruper berriz: “Idiotak kontsumoan baino pentsatzen ez duzuenak”.