argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
AA sortzailearen erantzuna
Diana Franco Eguren 2024ko azaroaren 06a

Orain dela urte asko Dr. Abuse chatbota ezagutu nuen, aplikazio horrekin ohartu nintzen ere pertsonok zeinen azkar kateatu gaitezkeen holako makinetara. Animalia sozialak izanda, harremana berezkoa eta beharrezkoa dugu, eta 'harremana' izenak dioen bezala, bestearengandik erantzun bat dakar beti. Erantzun bat jasotzea pizgarria da geure izatean. Nolabait, bete egiten gaitu. Pertsonon arteko harreman esanguratsuak sortzea ez da gauza erraza ordea, arrazoi askorengatik: onartua ez izatea, inguruan dituzunekin mundu-ikuskera ez partekatzea... Behar duguna bilatzeko grina horrek bultzatuta, pertsonok denbora eta indar handia inbertitu ohi dugu harreman “esanguratsuak” bilatzen. Batzuetan, bidaiatu dugu interes berdineko sare eta komunitateetan parte hartuz; bestetan, liburuetan, pelikuletan, antzerkian, bideo-jokoetan, rol-jokoetan pertsonaia eta sortzaile ezberdinen munduan sartuz erantzunak bilatu ditugu.

Sare sozialak ere ideia horri tiraka sortu ziren, norberaren antzeko ikuspuntuak, zaletasunak, hizkuntza... zuten pertsonengandik erantzunak eta onarpena jasotzea abiapuntu.

Azkenaldian, adimen artifizialek pertsonen arteko zenbait harreman ordezkatzeko duten gaitasunaz pentsatzen aritu naiz. Aplikazio gordailu ezberdinetan kuxkuxeatzen ibili naiz. Badirudi, adimen artifizialaren erantzuna jasotzeko badirela aplikazio ugari, eta gai dira egoera oso ezberdinak sortzeko: komiki gustukoenaren pertsonaia bilakatu zaitezke eta istorio berriak sortu, lagunen arteko eztabaida bat simulatu, harreman afektibo bat izan... Erantzun egokiekin bizitzak "arinduko" dizkiguten adimen sortzaileak izango dira, edota sorkuntza eredu berrien atarian jarriko gaituztenak?