argia.eus
INPRIMATU
Mazan
Itxaro Borda 2024ko azaroaren 06a

Leku izen bakarra aski da, azken denbora hauetan gertatu den emakumeen aurkako biolentzia kasurik larriena aipatzen hasteko: Probentzako herri horretan, senar batek emaztea kimikoki menderatu eta beste gizon batzuen –ehun bat omen dira– sexu-meneko utzi du hamar urtez. Hilotz antzeko gorputza erasotzen zuten bitartean, Dominique Pélicot-ek filmatzen zituen.

Irudikatzea zaila den arren, auzitan diren 51 gizonezkoak “susmo guzien gainetik” dabiltza. Kondena pisua ekarriko liekeen bortxaketaren errua ez dute onartzen, eta akusatu bakoitzak badu bere justifikazioa, egin duena minimizatzeko. Gaitza eragiteko bezain egin dutena arrazoitzeko imajinazio erraldoia dute birigarro horiek.

Frantzian indarrean den bortxaketa kulturarekiko gogoetak askatu dira, Mazaneko auzia publikoki pasatzen ari delako, Gisèle Pélicot-en nahikundez. Lekukotasunak datoz plazara, Compiegne eskualdeko 2020ko “turnantearen” inguruan demagun: hor ere, neskak edo mutikoak, bere taldeko lagunei bortxa-gai “oparitzen” zieten maite zuten beren andregaia edo beraien adiskiderik hoberena!

Errealitateak fikzioa lehertzen du.