argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Gaixo
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko azaroaren 06a

Gaixo nago, etxetik atera gabe egoteko moduan, medikuaren bajarekin, ingurukoen onespenarekin. Gaixo nago. Alegia, nire energia da normalean iluntzean etxeratutakoan izaten dudana, baina egun osoan. Eta gorputza tranpa bat da, beste behin ere, eta harrokeria gorrotagarriz kaiolatzen nau bere nagusitasunaren erakustaldi gupidagabe batean. Ni gabe ez zara ezer. Eta ezin duzu ezer egin, irakurtzea Everest igotzea irudituko zaizu, idaztea Txindoki. Aspergarria dirudi, baina ez da, hori da okerrena. Gorputzaren beste bihurrikeria bat. Garunak, hor barruan, ez dio aritzeari uzten, eta ohean eserita, sofan etzanda, negar absurdora edo arnasestura daramaten bideak hasten ditu, beldur obsesibozko espiraletan. Edo (sukarrez?) mozkortuta dirudi, eta komeni ez zaizkizun deiak egitera tentatzen zaitu, afektuen sublimazio sentimental-nostalgiko barkaberetan: tranpantojoa sinesten baduzu, ordea, paretaren aurka ostiatzen zara. Baina irabazi egingo diot gorputz harroputz honi. Bere botereak diseinatu zirenean, ez zegoen pantailarik. Ez zegoen Internetik. Eta orain bai. Eta horrek balio du egunero etxeratzen naizenerako ere.

Ez dakit nola iritsi naizen Pasoliniren San Mateoren ebanjelioari buruzko solasaldi batetik Bauhaus eskolako mozorro festetara, Ittenen koloreetara, Amancio Williams-en antzokira, eta Kokoschkaren panpinera. Miguel Angelen hatz arteko distantziatik, Ribera gazteari buruzko erakusketa batean behin ikusitakora: eta, egia da, pantailan ez nau harrapatu El Pradoko erakusketan minutu luzez egin zuen eran. Baina hor daude Maria Magdalenaren ezpainak, eta Jesusen oinak. Eta distantzia hori. Eta sortzen duen tentsioa. Agian ez da pantaila, agian adina da. Orain nazka pixka bat ematen dit. Oinak.

Gure belaunaldikoak programatuta gaude Interneten eta pantailen kontra aritzeko. Eta, beraz, errudun sentitzeko kontsumitzen ditugunean. Batzuetan eman digutenari gor. Berez gertatzen ari zenarekiko itsu. “Zenbat denbora pasa duzu gaur…”. Maitemintzen. Izorra dadila nire gorputza, izorra daitezela gure gorputz bananduak, ez zekiten Internet asmatuko zenik. Ez dakit orain Sokuroven Hermitagea ikusi, Quattrocentoari buruzko hitzaldi bat, edo Pergolesiren Stabat Materra entzun.

Gaixo nago, bai.