Bilboko Udalak eta zenbait hedabidek neska batek gaugiroan bizitako bortxaketaren berri eman zuten, biktimaren baimenik gabe eta modu sentsazionalistan. Emakumeak sare sozialetan bilatu zituen bestelako aliantzak, berbiktimizazioari aurre egiteko. Bere testigantza harilkatu dugu sexu-indarkerian adituak diren hiru feministaren analisiekin.
Erreportaje hau Pikara Magazine-n argitaratutakoaren (Jare no quiere que su agresión sexual caiga en el olvido) euskarazko bertsioa da.
Demagun Jare deitzen dela eta 20 bat urteko unibertsitateko ikaslea dela. Irailaren 8ko goizaldean lagunekin zegoen Bilbo erdialdeko diskoteka batean. Bere adineko mutil bat ezagutu zuen, ligatu zuten, telefono zenbakiak partekatu, kanpora atera, musukatzeari ekin... eta desiratutako harremana sexu-eraso bilakatu zen.
Mutilak hainbat sexu-praktika inposatu zizkion, kondoi gabeko penetrazioa barne. Jarek bere deserosotasuna eta arbuioa adierazi zizkion eta, azkenik, biktima askok bezala erreakzionatu zuen: blokeoa eta disoziazioa. Bortxaketa amaitu zenean, Jarek lagunei deitu zien; batek aurre egin zion gizon gazteari, besteak biktima espazio seguru batera eramaten zuen bitartean. Gero ospitalera lagundu zuten, eta handik komisariara. Kostata gogoratzen ditu ordu horiek: “Dena oso azkar gertatu zen, modu automatikoan nenbilen”, dio. Goizaldean bertan atxilotu zuten mutila, eta lehen gaua eman zuen ziegan.
Irailaren 12an, Jarek jakin zuen Bilboko Udaleko talde politiko guztiek erasoa gaitzesteko egin zuten adierazpen bateratua zabaldu zutela hedabideek. Orduan ikusi zuen El Correo, El Mundo eta Deia hedabideek ustezko erasotzailearen atxiloketaren berri eman zutela aurreko egunetan. “Shock egoeran geratu nintzen: zerbait intimoa kontatzen zuten, eta Polizian jarritako salaketaren datu asko ematen. Morboa bilatzen zuten hitzak zerabiltzaten, hala nola ‘eraso basatia’. Ez nekien nola kudeatu”.
Erabat suminduta, Emakunderengana jotzea erabaki zuen, tratamendu mediatiko arduragabe horren aurrean esku har zezakeen galdetzeko. “Deitu egingo zidatela esan zidaten, eta deiaren zain jarraitzen dut”. Orduan, amak esan zion: “Ezin duzunez saihestu komunikabideetan agertzea, baliatu arreta zure ahotsa entzun dadin”. Eta horrela iritsi zen Jare Pikara Magazine-ra.
Masa-komunikatzaile anonimoak
Pikara Magazine-ren Instagrameko kontura mezua bidali zuen Jarek, baita ere Ziortza Karranza psikologo eta sexologo feministak bere erasoa salatzeko argitaratu zuen bideoa partekatzeko eskaera. Sare sozialetan bilatu du inpotentzia eta mina anestesiatzeko bidea. Sexu-erasoen aurreko kontzientzia soziala indartu nahi du, eta ahal dela, erasotzaileak ikus dezala Jare ez dagoela bakarrik.
Cristina Fallarás kazetari eta idazle madrildarrak egunero argitaratzen ditu indarkeria matxisten dozena bat testigantza anonimo bere Instagrameko kontuan –75.000 jarraitzaile inguru ditu–. “#MeToo dinamika piztu zenean, eta hurrengo urtean #Cuéntalo, emakumeok sareak hartu genituen, lekukotasunetik eta intimitatetik, masa-komunikazioko mekanismoak zirela ulertu genuelako. Agerian jarri genuen komunikabideek eta erakundeek ez zituztela gure kontaketak jasotzen. Orduan, sare sozialak okupatu egin ditugu, gure espazioa ez direla jakinda, ebatsi diguten memoria kolektiboa sortzeko”, azpimarratu du.
“Hau ez dut nahi zuk argitaratzea”. “Ezin dut datu askorik eman, prozesu judizialean nagoelako”. Jare neska gazte irekia eta adierazkorra da, baita zuhurra ere. Hasieratik argi izan du bere identitatea gorde nahi duela eta ezin duela erasotzailea publikoki seinalatu. Hedabideek eta udalak bere datu pertsonalak eman ez dituzten arren, erasoa albiste bihurtu dute baimenik gabe. Norma Vazquez psikologoak, Sortzen aholkularitzaren zuzendariak, formazioak ematen dizkie maiz erakundeei, komunikabideei eta mugimendu feministari indarkeria matxisten kasuetan esku hartzeko moduari buruz. Baieztatu du praktika txarra dela albisteak eta komunikatuak argitaratzea biktimari galdetu gabe: “Erantzun publikoak biktimaren osatze prozesuan lagundu behar du, eta ez da hala izango bere borondatea bortxatzen badugu”.
Norma Vazquez, psikologoa: “Erantzun publikoak biktimaren osatze prozesuan lagundu behar du, eta ez da hala izango bere borondatea bortxatzen badugu”
Bat dator Fallarás: komunikabide batek biktima baten berri ematen duenean haren baimenik gabe, “emakume hori seinalatzen ari da segurua eta arduratsua ez den espazio batean”. Kazetaritza-kultura hegemoniko hori kontrajarri du bere Instagramen sortu duen espazio kolektiboarekin: ”Emakumeek esaten didate izugarri sendagarria egiten zaiela haien istorioak kontatzea eta, batez ere, besteenak irakurtzea”.
Kazetariak #MeToo eta #Cuéntalo-rekin ikasi zuen emakumeek bizitako erasoak publikoki izen-abizenekin salatzea joera “maltzurra” izan zela, eraso eta biktimizazio berriak eragin zituelako. Hala, bere Instagramen emakumeen identitatea babesten duenetik, haurtzaroko sexu-abusuen lekukotzak ugaritu egin dira, horien biktimentzat bereziki premiazkoa baita anonimotasuna.
Jarek nahikoa eta sobera matxismo pairatu du auzitegian kautelazko neurriak eskatzeko –xehetasunak off the record kontatu dizkigu–, epaiketa mediatiko bati ere aurre egiteko.
Errua, nazka… eta ahizpatasuna
Alkandora estanpatu eta koloretsua jantzita agertu da Jare elkarrizketara, uztai-belarritako handiekin eta urduritasuna ezkutatzen duen irribarre zabal batekin. “Ahal dudan moduan nabil aurrera egiten. Unibertsitatera joaten naiz, amak errutina mantentzea agindu didalako; bestela, ez nintzateke ohetik aterako. Klasean nago, baina ez banengo bezala. Batzuetan atera egin behar izaten dut, irudiak datozkidalako eta negargura ematen didalako. Ez dut nahi jendea konturatzea zein gaizki nagoen, ezta nire ama ere. Dutxan sartzen naiz negar egiteko. Akats hori daukat txikitatik: ez zait gustatzen jendeak nire zaurgarritasuna ikustea”.
Erasoak bere osasun fisiko eta emozionala kaltetu ditu. Argaldu egin da eta antsietate atakeak ditu, okerrena gauetan: lo egiteko pilulak hartzen dituen arren, ohean etzate hutsa jasanezina egiten zaio, erasoa berriro bizitzen duelako. Hurrengoa idatzi du mugikorreko ohar batean gaueko 4:00etan: “Ezin dut gehiago, hamabost egun daramatzat horrela. Sentitzen dut ez dudala ezer balio. Ez dut neure burua ispiluan ikusten. Bakardade handia sentitzen dut. Hil egin nahi dut, hau guztia buka dadila. Noiz amaituko da? Ezin dut gehiago”.
Hamabi urte igaro dira Yo quería sexo, pero no así (Sexua nahi nuen, baina ez horrela) erreportajea Pikara Magazine-n argitaratu zenetik. Protagonistak, Blancak, hamar urte behar izan zituen bere “lehen aldia”, 18 urterekin, sexu-erasoa izan zela identifikatzeko. Erreportajean azaldu genuen sexu-askatasunaren aurkako delitu gehienetan erasotzaileak biktimen ezagunak direla, eta maiz emakumeak desiratutako harreman bat dela abiapuntua.
Vazquezek erreportaje horretan baieztatu zuen, bere ikerketa batetik abiatuta, emakume askok ez zituztela indarkeria gisa identifikatu sexu-erasoak; izan ere, presioagatik, xantaiagatik edota indarkeria fisikoa saihesteagatik amore eman zutenez, uste zuten onartu zutela sexu-harremana, edo haien errua izan zela.
Alabaina, gauza asko gertatu dira azken hamarkadan, Fallarásek aipatutako kanpaina biralez gain: sanferminetako talde bortxaketa, zeinaren epaiketak manifestazio jendetsuak eragin zituen; greba feministak; ‘Soilik baietz da baietz’ legea… Horrek guztiak balio izan al du emakumeek sexu-erasoak argi identifikatzeko? Eta estigma eta errua murrizteko?
WhatsAppeko audioen bidez erantzun digu psikologoak, Iruñeko sexu-indarkeriei buruzko kongresu baten amaieran: “Sexu-indarkerien aurreko emakume gazteen erantzunak aldatu direla nabarmendu dugu. Diskurtso feminista erabat barneratu ez dutenean ere, ulertzen dute ez direla erasoen errudunak, eta ez dituztela zertan onartu”.
Jareri soilik behin busti zaizkio begiak elkarrizketan: errua sentitzen duen galdetu diodanean. “Bai”. Negarrari eutsi, eta hizketan jarraitu du. “Gaizki sentitzen naiz, ez nuelako zuhur jokatu mutil horrekin diskotekatik atera nintzenean”. Hori bai, badaki erasoa bizi izana ez dela bidezkoa, eta horregatik tematu da salaketa publikoarekin. Vazquezek “justiziaren zentzu” horretan ikusten du, hain zuzen ere, “errua murrizteko antidotoa”, eta mobilizazio feministen zein legegintza esparruko aurrerapenen emaitza dela aldarrikatu du.
Cristina Fallarás kazetariak #MeToo-rekin ikasi zuen emakumeek bizitako erasoak publikoki izen-abizenekin salatzea joera “maltzurra” izan zela.
Alabaina, beste emozio bat gailendu da Jareren diskurtsoan: nazka. Erasotzailearekiko, baina baita ere bere gorputzarekiko. “Sexu-erasoen testigantzetan gehien errepikatzen den hitza da, lotsa eta errua baino gehiago, elaborazio bat eskatzen ez duen gorputzaren erreakzio gordina delako. Emakume askok aipatzen dute behin eta berriro dutxatzeko beharra”, berretsi du Fallarásek.
Hala eta guztiz ere, Jareren kasuak beste belaunaldi-aurrerapen bat erakusten du, Sortzen-eko zuzendariak nabarmendu duenez: biktima asko lagunek babestuta joaten dira salatzera edo laguntza psikologiko eske. Bat dator Karranza: “Egun sexu-indarkeriaren begirada askoz kolektiboagoa da, jada ez da hainbeste bizi bakardadean, batez ere espazio publikoko erasoen kasuan”.
Inork ez du erasotzaile sentitu nahi
Eta gizonak? Eragina izan al du gazteengan adostasunaren inguruko diskurtso sozialak? Joera polarizatu bat deskribatu du Karranzak: “Asko kontzientziatuta daude: tentuz jokatzen dute, adostasuna ziurtatu nahi dute, ez dutelako erasotzaile sentitu nahi. Baina beste zenbaitek ez du ezer ulertu, eta haiengan jarri behar dugu fokua. Tamalgarria da udalak hiriko puntu beltzetan jartzea azpimarra, mutilekin prebentzio-hezkuntza egin ordez. Rol-playing bidezko ikastaroak egin beharko lituzkete, guk autodefentsa feministan egiten dugun bezala”. “Sexu-erasoak ekiditeko behin betiko gida” prestatu du sexologoak Gurenduz bere gabinetean, gizonei zuzendua.
Sexu-indarkeria salatu duten emakumeen testigantzetan maiz agertzen da kezka hau: jabetu al ziren gizonak bortxatzen ari zirela? Karranzak bereziki sumatzen du joera hori bikotearen eremuko erasoetan: “Emakumeak zalantzan jartzen du bere mugak behar bezain argi azaldu ote zituen, baita ezezko bat zela adierazten duten froga fisikoak edo ahozkoak daudenean ere”.
Jarrera paternalistak alboratzeko deia egin du Fallarásek: “Gizonek eta mutilek guk bezainbeste dakite. Kanpaina instituzionalak nonahi ikusten dituzte. Jakina, badakite bortxatu dutela; aitzakia gisa esaten dute ez zirela konturatu neskaren desio faltaz”.
Norma Vazquezek gaineratu duenez, erasotzaile gazteek “diskurtso biktimista baliatu dute” (emakumeak txarrak, gezurtiak, esajeratuak... garela), erruari aurre egiteko modu gisa; izan ere, beren burua erasotzailetzat aitortzeari uko egiten dioten arren, “badakite emakumearen borondatea behartu zutela eta hori gaizki dagoela”.
Nolanahi ere, hiru adituak bat datoz ezinegon batean: oso hedatuta dago gizon gazteak matxistagoak eta oldarkorragoak diren aurreiritzia, eta diskurtso heldu horrek ez du onartzen aurreko belaunaldien erantzukizuna. “Mutilak galduta baldin badaude, ez da emakumeen edo feminismoaren errua, baizik eta adineko gizonek ez dietela heldulekurik eskaini, guk neskekin egin dugun moduan”, adierazi du Fallarásek.
“Nire lagunei eskatzen diet kontuz ibiltzeko parrandan ateratzen direnean”, dio Jarek. Erantzun diot ez dela bidezkoa erasoen aurrean emakumeon askatasuna mugatzea eta izua indartzea, eta mutilekin zer egin beharko genukeen galdetu diot ondoren: “Txikitatik prestatu. Eskolan sexualitateari buruzko hitzaldiak ematen dizkigute, baina ez da ‘besteaz’ hitz egiten”, erantzun du.
‘Bestea’ horretan, sexu-erasoen prebentzioan, azpimarratu beharko litzateke erasotzaileek ez dutela sarri indarkeria fisikorik baliatzen emakumearen borondatea eta gorputza behartzeko, baizik eta Vazquezek zerrendatzen dituen beste hamaika estrategia: “Jazarpena, insistentzia, xantaia edota alkohola”.
Azken horren ildotik, mendetasun kimikoaren inguruko diskurtso instituzional eta mediatikoa deitoratu du Fallarásek: “Amorrua ematen dit edarian droga bota zioten neskaren imajinarioaren hedapenak, biktima onak eta txarrak sortzen dituelako”, dio idazleak. Izan ere, ohikoena da gure protagonistari gertatu zitzaiona: emakumea mozkortu edo drogatu zen bere kabuz, eta egoera horretaz aprobetxatu zen erasotzailea.
Halaber, kazetariak gogoratu du gaueko aisialdia ez dela sexu-indarkeria esparru bakarra, nahiz eta egun gehien ikusten dena izan. Kazetariaren Instagramean emakume helduek kontatzen dituzten testigantzak etxean eta lanean kokatzen dira batez ere. Arazoa da zailagoa dela senar, senide edo lankide baten erasoa zalatzea gaugiroan topatutako ezezaguna baino.
Edonola ere, amaitu dezagun erreportajea beste aurrerapauso bat nabarmentzen. Esan dugu emakume gazteek lagunen babes handiagoa dutela egun salaketa prozesua abiatze aldera eta, era berean, erasotzaileak ingurukoen babesa galtzen ari dira, Vazquezek azpimarratu duenez: “Maskulinotasunean pitzadura batzuk agertzen hasi dira. Erasotzaileek badakite neska asko aurrean izango dituztela, baita zenbait mutilen gaitzespena jasoko dutela ere”.
Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra... [+]
Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Biktimak 13 urte zituenean, 1998 eta 2001 artean, Lointek kirol taldeko Mario Lopez entrenatzaile ohiaren parteko sexu abusuak jasan zituen. Emakumeak duela urtebete salatu zuen, eta epaiketa 2025eko urtarrilaren 14tik 16ra egingo da, Bizkaiko Auzitegian. Mugimendu... [+]
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Gizon batek egindako jazarpena salatu du Irati Rusiñol hendaiarrak sare sozialetan. Komisarian ere jarri du salaketa. Salaketa publiko egin ostean, beste 30 emakumek esan dute gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek adierazi du beste inori halakorik egin... [+]
Zur eta lur hartu dituzte Nafarroako Berdintasun teknikariek festa girorako enpresa zenbaitek egindako proposamenak. Edalontzia estaltzeko tapak edo eta edarian drogarik dagoen ikusteko eskumuturrekoak.
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]
Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Mugimendu feministak Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Baionan mobilizazioak egingo ditu. Mugimenduak argitaratu duen manifestuan, 2024an Euskal Herrian eraildako bost emakumeak gogoratu dituzte. Aurtengo... [+]