argia.eus
INPRIMATU
Inoiz amaitzen ez den jolasa
Karmele Gisasola Zenikazelaia 2024ko azaroaren 06a

Txikitan, mila eta bat jolas genituen egunerokotasunean jolasteko. Batzuk korrika jolasten genituen, beste batzuk baloiarekin, panpinekin, gomarekin edota hitzekin. Bada hitzekin jolasten genuen jolas bat, konturatu naizena bizitza guztirako izango dela. Ez gara ohartzen jolas horretan gabiltzanik, baina denok “jolasten” dugu, batzuetan nahita eta beste askotan nahi gabe.

Ze jolasez ari naizen? Ez dakit zuek nola deitzen zenioten jolas horri, baina guk “telefono escacharrao” deitzen genion. Euskara jatorrean, “telefono hautsia”, “hondatutako telefonoa” edota “telefonoaren jolasa”.

Eta zertan datza jolas hori? Ilaran edo korroan nahi beste lagun jarri eta hasierako pertsonak esaldi bat esan behar dio aldamenekoari belarrira. Horrek hurrengoari eta horrela ilara edo korro guztian pasako da hasierako pertsonak asmatu duen esaldia belarriz belarri, azken pertsonarengana heldu arte. Azken horrek ozen esan behar du esan diotena eta egiaztatzen da ea aurreneko pertsonak esan duen esaldi bera den.

bertsio berritu faltsu asko ekiditeko, txikitan bezala, ondo etortzen da hasierako informazioa amaierakoarekin alderatzea

Askotan barrez lehertzen ginen, hasierako esaldiak ez baitzuen amaierakoarekin zerikusirik. Horrela konturatzen ginen bidean nola galtzen edo transformatzen zen informazioa. Txikitan ez genion inportantziarik ematen jolas horri, jolas hutsa baitzen, momentukoa eta askotan barre algarekin amaitzen zena. Gainera, ez genion inori kalterik egiten.

Baina gaur egun, egunero egiten dugun gauza da. Aldamenekoak hitza edo esaldia esan beharrean, askotan pasarteak, bizipenak kontatzen dizkigute. Eta guk, dena ulertu dugulakoan, hurrengoari informazio hori pasatzen diogunean, bidean pasarte asko galtzen dira. Ez duzue ala uste?

Zenbat aldiz pasa zaizue, “urlia ospitalera sartzen ikusi dute”; hurrengo astean, “urliari zerbait aurkitu diote eta ez dira berri onak” esaten dizute eta urliari galdetu diozunean ea zelan dagoen, harrituta begiratu zaitu. Ospitalean froga sinple batzuk egitera bakarrik joan delako.

Eta ez naiz urliari buruz bakarrik ari. Norberak ere askotan norbere bizipenak kontatzen dituenean, zenbat aldiz entzun duzue esandakoaren bertsio berritua? Txikitan ez bezala, orain min eman dezake. Esaten denak askotan ez duelako egiaren itxurarik ere.

Horregatik, bertsio berritu faltsu asko ekiditeko, txikitan bezala, ondo etortzen da hasierako informazioa amaierakoarekin alderatzea.