–Bai, zera, hori muntaia izango da… edo norbaitek egindako txistea… edo testuingurutik ateratako zeozer...
–Ezetz ba, maitti, hementxe dago bideoa, entzun egizu elkarrizketa.
–Oxtia, bai! –begiak bueltaka begi-zuloetan.
J-k ezin zuen sinetsi. Hala ere, ez da sinesgaitza, ulertezina baizik.
Mugaz bestaldean egote hutsagatik beste euskaldun batekin frantses (traketsean) hastea eta, segidan, beste euskaldun horri norberaren erdaraz ea bera ere trakets moldatzen ote den galdetzeak ezin izan zuen erantzun naturalagorik izan: hobeto euskaraz. Bestela esanda, “eta, normal egiten badugu, ez al da hobe?”.
Eskualde berean jaio ginen lehendakaria eta biok, urte biko aldearekin. Euskara ikasitakoak gara bata zein bestea. Esan genezake errealitate soziolinguistiko antzekoa bizi izan dugula biek ala biek. Ezkerraldekoa izanik ere, lehendakariak euskaraz badakiela ondo ohartarazi zitzaigun hasieratik (gure jaioterriak mesfidantzak sor ditzake oraindino). Eta bai, ondo poztekoa da hori. Hala ere, zerbaitek, nolabait, poto egiten du.
Neure buruari galdetzen diot ea zergatik jazo zen pasadizo ulertezin hura. Suposatzen dut, heteroarauarekin gertatu bezala, arautik kanpo kokatzen duguna ez dugula posible ikusten ere. Norberarentzat araua erdaltasuna bada, aurrean daukagun ezezaguna erdalduntzat joko dugu, kontrako zantzu argirik ez daukagun bitartean. Egoera alienagarria benetan, euskaldun batentzat, berez, normaltasuna, naturaltasuna, araua, euskara izan beharko litzateke eta.
Eta zerk gauzatzen du araua? Ohiturak. Ezezagunari lehen hitza euskaraz zuzentzen diogunean, besteari norberaren kondizio linguistikoa argitzeaz gain, geure baitan ere eraldaketak eragiten ditugu, hala jokatzen dugun bakoitzean ditxosozko arau hori tanta bat makurrarazten dugu eta.
Norberarentzat araua erdaltasuna bada, aurrean daukagun ezezaguna erdalduntzat joko dugu, kontrako zantzu argirik ez daukagun bitartean
Kontatzen gabiltzana hanka-sartze edo despiste hutsaren atzean desenkusatu ahal den gertaera izatetik harago, esparru politiko osoa blaitzen duen fenomenoaren adibide adierazgarria izan daiteke. Mingor eta erremin bizia ematen du, esaterako, legebiltzarrean bertan euskaldunen hitzaldiak entzuteak, gazteleraz elkarri, batak besteari eta azken horrek aurrekoari. Berdin zein alderditakoak diren; horretan ez dago diferentzia handirik.
Bai, badakit, komunikabideak eta korteak eta parraplakeriak… Horien guztien aitzakian bihurtzen da gurea subsidiario. Hizkuntza subsidiarioa, izaera subsidiarioa eta kokapen subsidiarioa munduan.
Euskal instituzioetako ekoizpenik handiena erdaraz da, baita EAEn ere. Itzultzaileari pasatuko diote gero, euskara dezan, betiko astunok trankil eta kaparra eman barik egon gaitezen. Ez da alderantziz egiten: euskaraz sortu –normal sortu– eta oraindik euskaldundu ez diren horientzat itzuli.
Gure instituzio gehienak analfabeto funtzionalak dira. Horixe da errealitatea. Eta ez direnak ere hala bilakatu nahi dituzte epaileen mazo-kolpez. Gauza jakina da benetan arriskutsua, gure lurretan eraiki duten etxea benetan dardarka jartzen duena, zera dela: ez dela gurearen aldarrikapena, gurean normaltasuna erdiestea baino. Gu izan ahal izatea.
Eta zer gara gu? Nazioa gara ala ez gara? Zerk egiten gaitu nazio? Galdera zaharrak bezain pertinenteak, mendeetan zehar, momentu historiko bakoitzeko berezitasunak berezitasun, herri izaerari eutsi diotenak. Izateko borondatea ei da oraingo argudio nagusia. Ados. Hala ere, non geratzen da izateko borondatea, ez badu ezerk halako borondaterik bultzatzen? Euskal, frantses eta espainol artean alderik ez bada?