argia.eus
INPRIMATU
Berako matxinada eta Primo de Riveraren irribarrea
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko azaroaren 06a
Pablo Martín Sánchez barakaldoarrari guardia zibilak atxilotu ondoren egindako argazkiak. Berako saiakeran parte hartzeagatik atxilotu eta heriotzera kondenatu zuten. Argazkia: Efemerides anarquistas / Mikel Martinez
Pablo Martín Sánchez barakaldoarrari guardia zibilak atxilotu ondoren egindako argazkiak. Berako saiakeran parte hartzeagatik atxilotu eta heriotzera kondenatu zuten. Argazkia: Efemerides anarquistas / Mikel Martinez

Bera (Nafarroa), 1924ko azaroaren 7a. Anarkista talde bat Beran sartu zen goizaldean, Primo de Riveraren diktaduraren aurka egin eta Espainiako Estatuan iraultza abiatu asmoz.

Espainiatik eta Hego Euskal Herritik Baiona, Hendaia eta Donibane Lohizunera ihes egindakoen artean Batzorde Zentralaren berri zabaldu zen urrian. Besteak beste, Migel Unamunok, Vicente Blasco Ibañezek eta José Ortega y Gassetek osatutako batzordearen asmoa Romanonesko kondea buru izango zuen Errepublika ezartzea zen. Horretarako, altxamendu orokorra egingo zuten azaroaren 8an, hainbat guarnizio militarren eta langile mugimendu osoaren babesarekin.

Lapurdiko iheslariak matxinadan parte hartzeko antolatu ziren. Azaroaren 6ko iluntzean, 42 kidez osatutako anarkista taldea Donibane Lohizunetik abiatu zen armak, eskudirua eta iraultzara dei egiten zuten eskuorriak hartuta

Horrenbestez, Lapurdiko iheslariak matxinadan parte hartzeko antolatu ziren. Azaroaren 6ko iluntzean, 42 kidez osatutako anarkista taldea Donibane Lohizunetik abiatu zen armak, eskudirua eta iraultzara dei egiten zuten eskuorriak hartuta. Goizaldeko ordu txikietan heldu ziren Berara. Kontrabandistak zirelakoan, Miguel Berasain aguazilak abisua eman zion Guardia Zibilari. Matxinatuen eta guardien artean tiroketa izan zen orduan: lau anarkista hil eta 27 zauritu zituzten tiroketan, eta guardia zibilen aldean, aldiz, bi hildako izan ziren.

Bi guardien hilketagatik lau lagun atxilotu zituzten: Pablo Martín Sánchez 25 urteko Barakaldoko gizon ezkongabea; Enrique Gil Galaz –haren daturik ez da ezagutzen–; Lugoko 29 urteko José Antonio Vázquez Bouzas; eta Juan Santillan Rodríguez Burgosko guardia zibil ohia.

Epaiketa bat nahiko ez eta...

Epaitegi militarrean epaitu zituzten lauak, baina lehen gerra kontseiluan absolbitu egin zituzten froga faltagatik. Hala ere, orduan, epaiketa errepikatzea erabaki zuten, lehen epaiarekin gustura ez zirelako geratu, nonbait. Madrilen egin zuten bigarren gerra kontseilua, abenduaren lehenean, eta froga berririk aurkeztu ez arren, heriotzera kondenatu zituzten Vázquez Bouzas ez beste hiruak.

Epaitegi militarrean epaitu zituzten lauak, baina lehen gerra kontseiluan absolbitu egin zituzten froga faltagatik. Hala ere, orduan, epaiketa errepikatzea erabaki zuten, lehen epaiarekin gustura ez zirelako geratu, nonbait

Berehala indultuaren aldeko mugimendua jarri zen abian. Besteak beste, Mateo Mugika Urrestarazu Iruñeko gotzaiak ahalegin berezia egin zuen, exekuzioaren bezperan hainbat telefono dei egiteraino. Baina ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Ohikoa zen Alfontso XIII.ak horrelako kasuetan indultuak ematea, baina Berako matxinatuekin ez zuen erabaki hori hartu, herritarren artean zigortuekiko elkartasun giro nabarmena sortu zen arren (edo, agian, horregatik).

Enrique Gil eta Julián Santillan garrotean hil zituzten abenduaren 6an, Iruñean. Pablo Martín barakaldoarrak bere buruaz beste egitea lortu zuen exekuziora zeramatela.    

Berako saiakeraren eta horren ondorioen xehetasun guztiak ezagunak dira; garaiko prentsan eta, besteak beste, Pio Barojaren La familia de Errotacho lanean jasota daude. Baina saiakeratik ehun urte bete direnean, oraindik zer aztertua badago gertatutakoaren atzean zeuden interesen eta ondorioen inguruan. Diktadura ahultzeko antolatutako saiakerak, itxuraz, diktadura indartzeko balio izan zuen azkenean.

Diotenez, Jose Antonio Primo de Riverak, kezka izpirik azaldu gabe, irribarre zabala ahoan eman zuen Beran gertatutakoaren berri.