Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

  • Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere praktiken inertziarengatik. Zuhaitzak iparrera azkarrago migratzen laguntzea izan daiteke konponbideetariko bat. Halere, ezin da erantzun globaltzat hartu, tokian tokikoa izan behar da.

Garesen 2022ko udan erre ziren arteak, ezohiko lehorte eta beroak indarturiko suteen ondorioz. Baldintza horiei hobe aurre egiteko nola sendotu gure oihanak? Erronka potoloetariko bat dugu hori.
Garesen 2022ko udan erre ziren arteak, ezohiko lehorte eta beroak indarturiko suteen ondorioz. Baldintza horiei hobe aurre egiteko nola sendotu gure oihanak? Erronka potoloetariko bat dugu hori. Nicolas Goñi

Oihanek klima globalaren orekan duten garrantzia gero eta argiago dugun bitartean, basoei egindako kalteak maila arriskutsutara emendatzen dabiltza. Baso-soiltzeak darrai Hego Amerikan –Txilen eta Uruguain izan ezik–, Afrikan –Marokon, Aljerian eta Tunisian izan ezik– eta Asiako hego-ekialdean –Indonesian, Myanmarren eta Kanbodian bereziki–; zura baliatu ondoren behi haragia, palmondo olioa edota soja ekoitzi eta esportatzeko. Horri gehitzen zaizkio, eremu tropikalaz gain latitude ertain eta borealetan ere, klima aldaketak bultzaturiko ezohiko bero uhin eta lehorteak, suteak, eta zuhaitzen gaitzak.

Brasilgo presidente Lulak Amazoniako baso-soiltzea mantsoaraztea lortu badu ere, ezohikoak izan dira Hego Amerikako eremu tropikaletako aurtengo suteak, El Niño fenomenoak eragindako lehortea tarteko. 46 milioi hektarea baino gehiago erre dira –Euskal Herriaren azalera bider 23. Erraz idazten da–. Oso goiz hasi da, gainera, suteen sasoia: ekainaren 10ean jadanik 1.315 sute zeuden, hau da, iazko data berean baino 1.188 gehiago, Brasilgo espazio ikerketa erakundearen arabera.

Oihan tropikalak ez dira suteak kalteturiko bakarrak: Kanadan 5.3 milioi hektarea erre ziren irailean, eta Errusian –Siberian nagusiki– 8,8 milioi uztailean. Uztailetik aurrerako daturik ez dugu, baina abuztuan ere jarraitzen zuten Siberiako suteek, Tuva errepublikan kasu. Suteek eragindako karbono isurketei dagokienez, Kanadan azken hogei urteetan izandako bigarren handienak izan dira aurtengoak, iazkoak zirelarik handienak.

Oihan borealetan suteak ez dira karbono zikloari –eta beraz klimari– loturiko arrisku bakarra: Finlandian neurtu duten bezala, oihan borealek  uste zena baino karbono askoz gutiago harrapatu dute azken urteotan, eta han hemenka karbonoa isurtzen ere hasi dira. Finlandiako baliabide naturalen erakundeak dio 1990etik 2010eko hamarkada hasiera arte urtero bertako oihanek 30 milioi tona inguru CO2 harrapatzen zutela eta azken urteotan, 5 milioi tona CO2 baizik ez dituztela xurgatzen. Azkenaldian, oihanak ez dira laborantzaren eta hezeguneen isurketak konpentsatzeko gai izan –are gutiago industria eta garraioena– eta herrialdearen karbono neutraltasun xedea kolokan dago. Zergatia ez da oraindik guziz aztertua eta kuantifikatua, baina hipotesi nagusietako bat da uda lehor eta beroagoetan zuhaitzen hilkortasuna emendatzen dela, batez ere ur asko behar duten urkia eta izei gorriarena.

Tokikoak, bertakoak eta etorkinak

Monolandaketak egon diren tokietan –Euskal Herrian gehiegi landatu den Pinus radiata eta hori ordezkatzen ari den eukaliptoa, kasu–, askotan entzun dugu tokiko espezieei lehentasuna eman behar zaiela. Argudio sendoak daude horretarako: jatorrizko oihana anitzagoa zen eta aniztasunak erresilientzia bermatzen du, ARGIAren 2867. aleko Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu? artikuluan azaldu bezala.

Gainera, tokiko baldintzei kanpoko espezieak baino askoz hobe moldatzen dira jatorrizkoak, mendez mende baldintza horiek eragindako selekziotik igaro direlako. Bada, azken hori da orain desagertzen hasi zaigun ezaugarri potoloa, batez ere latitude ertain eta borealetan: tokikoak diren espezie horien bizi-zikloaren baldintzak zalu aldatzen ari dira, eta betiko oihanaren espezieak izanik ere, ez dira lehen bezain egokiak.

Gure mendietan, adibidez, pagoaren presentzia baldintzatu ohi duten uda epel eta euritsuak datozen hamarkadetan ez ditugu orain arte bezain maiz ikusiko. Berdin gertatzen da hainbat eskualdetan, eta honi aurre egiteko ekimen ezberdinak daude. Grist hedabideak kontatzen digunez, horietako bat AEBetako ipar-mendebaldean abiatu dute, eta "migrazio lagundua" deitu dute, hau da, zuhaitz batzuen banaketa eremua berariaz zabaltzea. Konkretuki, hegoalderago bizi den espezie bat bertaratzea, edota bertako espezie bat hautatzekotan, tokikoa beharrean, hegoalderago hazitakoak ekartzea. Ideia da datozen hamarkadetan baldintza lehor eta beroagoak egonen badira, baldintza horiek jadanik pairatzen dituen hegoalderagoko eskualde batean hazitako aleak hobe biziraunen dutela. Eskualde zehatz batean landatu beharreko zuhaitz gazteak zein eskualdetatik hartu behar diren aholkatzen duen tresna berezi bat garatu dute horretarako.

Hori horrela, Washington Estatuan, bertan hazitako izeiek baino askoz hobe biziraun dute Kalifornian hazi eta bertara ekarritakoek, uda lehorrei hobe aurre egiten dietelako.

Arazo globalari tokiko erantzunak

Halere, migrazio lagundu honen abiadura ongi zaindu behar da, klima aldaketak dakarren tenperaturen aldakortasunarengatik: batez bertzean tenperatura beroagoak ditugu, baina noizbehinka eta han hemenka jet-stream haizearen bihurgune batek aire polarra ekarri diezaguke. Beraz, etorkizuneko beroaz gain, ezohiko izozteei ere aurre egiteko gai izan behar dira zuhaitz gazteak.

Migrazio lagundu hori ez da masiboki edonon egitekoa, tokiko baldintzen araberakoa izan behar du: bertako espeziez osaturiko eta integritate maila ona duen oihan osasuntsu batean ez da premiazkoa, aldiz, oso lagungarria izan daiteke gaitzak edo hilkortasuna pairatzen dituen oihan hauskorrago batean. Emaitza baikorrak lorturik ere, nekez lortzen du onarpena migrazio lagunduaren egokitzapenak. Alde batetik, monolandaketak egin ohi dituztenak ekosistemaz guti arduratzen dira, eta zuhaitzak landatu eta moztu bitarteko epe laburrak dituzte –klimaren aldaketa kontuan hartzeko laburregiak, alegia–. Bertzaldetik, oihan kontserbazioan adituek tokian hazitako bertako espezieen landareak erabiltzea lehenetsi dute hamarkada luzeetan, hain justu, ekosistema ez aldatzeko asmoz. Honek bioaniztasuna babesten laguntzen du, baina epe luzean klima aldaketarik gabeko mundu batean baizik ezinen luke funtzionatu.

Badaude moduak bioaniztasuna eta erresilientzia emendatzeko, egokia denean tokiko zuhaitzen artean eskualde lehorrago eta beroagoetan hazitakoak landatuta, Europan zehar aspaldidanik gaztainarekin egin den bezala adibidez. Zaluegi mugitzearen ala ezer ez ukitzearen artean dugu erantzuna, beti ere, tokian toki eraginda. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oihanak
Europako legea bete eta degradatutako natur guneak leheneratzea eskatu diote Jaurlaritzari

Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua sortu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute publikoki... [+]


2024-04-09 | ARGIA
11.000 zuhaitzen mozketa aldarrikatu dute Azpeitian eta Berangon, “landaketa industrialaren” aurkako ekintzan

Lurraren Altxamenduak mugimenduak eman du “aurreko asteetan” buruturiko ekintzaren berri. Zuhaitz landaketaren eredu industriala krisi ekosozialaren eragile garrantzitsua dela salatu du mugimenduak, naturaren eta langileen esplotazioan oinarritzen delako eta lurra... [+]


2023-03-22 | Reporterre
Ibai hegalariak munduko klimaren protagonista funtsezko horiek

Klimaren hondamendiari ihes egitekotan, ez da aski izango atmosferan murriztea negutegi eragineko gas kontzentrazioak. Beharrezkoa izango da oihanak eta lurzoruak zaintzea ere, ez ditzaten hondatu deforestazioak eta nekazaritza intentsiboak; zeren eta uraren zikloa ere oso... [+]


2023-01-04 | ARGIA
Islandiaren tamaina adina baso suntsitzen da urtero munduan, NBEren arabera

Ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako Nazio Batuen Elkarteko programak egindako txosten baten arabera, urtero 10 milioi hektarea baso suntsitzen da munduan, Portugal edo Islandiaren tamainakoa. Deforestazioak munduko gas-isurien %25 dakarrela ohartarazi du erakundeak.


PODCAST #70 | Etiopian aspaldiko oihanen azken aleek biziari eusten diote ehunka baselizaren inguruko harresien babesean

Azken mendean Etiopiak galdu ditu antzinako oihanik gehienak, nekazaritzaren, artzaintzaren eta herrialdean laborantza industrial neokolonialak eragindako goseteen presiopean. Alabaina, biodibertsitatez betetako azken baso zatiak geratu dira, fosil gisa, zientoka eliza eta... [+]


Biodibertsitatea sustatzeko mundua berriz basati uzteko ideia mito batean oinarrituta dago, diote zientzialari kritikoek

Biodibertsitatearen galera eta klimaren aldaketa konpontzen lagundu behar luke Lurreko eremu zabalak berriro basati garatzen lagatzeak, hala defenditu du luzaz ekologiaren korronte nagusiak. Aldiz, zenbait zientzialarik aldarrikatu dute natura aberatsagoa zeneko mundu hartan... [+]


2021-04-23 | Aiaraldea
Mario Corral, 'Peru':
“Arazoa ez da eukaliptoa soilik, basoen ustiapen eredua erabat eraldatu behar dugu”

 Mario Corral, Peru (Gasteiz, 1968) Uhandre Amurrioko Baso Biziak plataformako kidea da, beste hainbat auzokiderekin batera. Kezkaz bizi dute eukaliptoaren hedapen masiboa.


2020-10-21 | Erran .eus
Uda honetan 736 hektarea erre dira Nafarroan eta suhiltzaileek 501 sute itzaltzen parte hartu dute

Uda hau, azkeneko 5 urteetako datuekin konparatuz gero, bigarrena da esku-hartze kopuruari dagokionez. Hurrenez hurren, 2016an 580 sute itzali baitzituzten Nafarroan, 2017an 439, 2018an 357 eta 2019an 461.


2020-08-31 | Mikel Eizagirre
Amazonian, urtebetean, lursail soiltzea %85 areagotu da

2020an, 2019an jasandako kalteak baino larriagoak izateko arriskuan dago oihana. Duela bi urteko indizearekin alderatuta, %85 areagotu zen iaz deforestazio prozesua. Hainbat erakundek Brasilgo presidente Jair Bolsonaroren administrazioa susmagarri nagusitzat dute.


2020-07-30 | Mikel Eizagirre
3.000 milioi animalia hil eta kaltetu zituzten Australiako suteek

Historia modernoan fauna basatiaren aurka jazo den “hondamendi handienetariko bat” izan dela diote zientzilariek.


Eguneraketa berriak daude