Gure herri eta hiriek ez gaituzte zaintzen. Lurra falta zaigu, berdeguneak, espazio komunitarioak. Gure herria kapitalaren zerbitzura dago diseinatuta. Zaintzaren herrian, ordea, bizitza da erdigunea.
Lehen Kale Nagusia zegoen, hiria zeharkatzen zuen kale erraldoi bat. Kontsumitzea eta produzitzea zentroan zeuden, erritmo frenetikoa, eta bizia zirrikituetan, bazterretan. Bizia kolonizatuta, kanporatuta, lehortzeraino xurgatuta. Turistentzako erakusleiho bihurtuta.
Baina porlanaren azpian lurra topatu genuen. Leku batzuetan padurak berreskuratu ziren, beste batzuetan baso biziak, baita zelaiak ere. Hegazti ugari hurbiltzen da hezeguneetara, intsektuak daude nonahi, pagoak, haritzak, lizarrak. Haien bidea egiten dute.
Hiriaren tamaina txikitzeaz batera gertatu zen hori, biodibertsitatearen leheneratzea lehentasun bihurtu zenean. Zaintzaren herrian, dagoen lekua izaki bizidunon artean banatzen da. Babesleku klimatikoa da. Egia esateko, ez dugu besterik behar. Ulertu dugu ez garela tokien jabe, aterpea eta munduari begiratzeko txoko goxo eta seguru bat baino ez ditugula behar.
Gure herri eta hiriek ez gaituzte zaintzen. Lurra falta zaigu, berdeguneak, espazio komunitarioak. Gure herria kapitalaren zerbitzura dago diseinatuta
Hiri-ortu andana dago etxeen alboetan, eskaileretan, teilatuetan: elikadura burujabetza lehentasun bihurtu zenean gertatu zen hori. Hormetan ere landareak eta belarra daude. Arnasa har dezakegu sakon, ekoizpen-moduetatik kutsatzeak aukera izateari utzi ziolako.
Orain, zaintzaren herrian, bizitza posibleagoa da. Oinezkoen neurrira eginda dago. Gehienok bizikleta bat dugu, eta badira oinez edo gurpildun aulkiz edonora mugitzeko bideak. Hamabost minutura dauzkagu merkatuak. Ni egunero joaten naiz hara. Trukeen ostean, gehienok bertan bazkaltzen dugu. Laster batzar orokorrera noa, merkatuko postuetako egurra hondatzen ari da, eta konpontzea proposatuko dut.
Gero, blokeko labadora erabiliko dut, Garazi eta biok geratu ginen bere alabaren arropak jarriko nituela nire asteroko koladan. Beste hiru lagunekin bizi naiz eta Garaziren alabarekin. Gogorra da batzuetan hazkuntzarekin asmatzea, baina moldatzen gara. Orain gogoratu dut, azkenekoz auzokoari tokatu zitzaion espazio komunak garbitzea, horrek esan nahi du aste honetan niri tokatzen zaidala! Antolatu beharko dut neure burua. Eskerrak etxetik kanpoko lana mugatuta dagoela.
Gainera, laster urtebeteko atsedena tokatuko zait, eta denbora izango dut leku berriak esploratzeko, gero Garaziren alabari istorioak kontatzeko.
Azaroaren 30erako Bilbon Zaintzaren Herria antolatu du mugimendu feministak. Gure herriak nolakoak izango diren eraikitzen hasiko zara?