argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko zentral eoliko handiena Urumeako mendietan
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko urriaren 30
205 metrokoa izango litzateke aerosorgailu bakoitzaren garaiera. 120 metro altu eta 6 metroko diametroa duen dorre metalikoaz gain, 170 metroko diametroko errotorea dute, 83,5 metroko luzerako palekin. Zimentuek 23 metroko diametroa dute eta 4,20 metroko
205 metrokoa izango litzateke aerosorgailu bakoitzaren garaiera. 120 metro altu eta 6 metroko diametroa duen dorre metalikoaz gain, 170 metroko diametroko errotorea dute, 83,5 metroko luzerako palekin. Zimentuek 23 metroko diametroa dute eta 4,20 metroko lodierako hormigoi armatuzko zapata zirkular baten bidez egiten dira. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura handiena" litzateke honakoa, eta herritar, talde zein elkarteen artean gaia aztertzeko eta "alerta emateko" helburuz egina da txostena. Zertzelada batzuk laburtuko ditugu segidan.

Endesa eta Repsol

Alde batetik, Enigma Green Power sozietatearen "Ikatz Gane" proiektuak Endesa dauka atzean –ARGIAk maiatzean azaleratu zuen moduan– eta 205 metroko bost aerosorgailu eraiki nahi ditu Elduainen eta Hernanin, Pagoaga auzotik gora Azketa mendiraino doan mendilerroaren eta Adarramendiko magalen artean. Denera 33 MW-ko potentzia edukiko lukete.

Bestetik, FE Energy kontsultoraren bidez, Repsol enpresak 99 MW-ko potentziako proiektua du esku artean –Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak elkarrizketatu ditugu horren harira–, Arano, Hernani, Goizueta eta Berastegiko udalerrietan, Mandoegitik hasi eta Adarraraino doan mendilerro luzean zehar. 165 metroko garaierako 22 aerosorgailu edo 205 metroko 15 aerosorgailu aurreikusten ditu proiektu honek eta Madrilen ari dira tramitatzen, duen dimentsioagatik eta bi erkidegori eragiten dielako (EAEri eta Nafarroari).

Nolanahi ere, Alvarezek txostenean dio zaila dela proiektatu dituzten konplexu eolikoen eta horiek eraikitzeko sarbideen kokapen zehatza identifikatzea, informazio gutxi dagoelako.

Aranzadik egindako ikerketen arabera mendi magal ospel horietan mehatxaturiko landare espezie endemikoak bizi dira, baita bisoi europarra eta muturluze piriniarra bezalako ugaztunak ere

72 hegazti espezie, 60.000 hegaldi

Aerosorgailuek sortuko lituzketen kalte ekologiko posibleei buruzko datu ugari dakartza txostenak. Besteak beste, inpaktu bisuala eta akustikoa, lur malkartsuetan halako azpiegiturak ezartzeak dakarren aztarna, eta horrek flora eta faunari nola eragingo liokeen. Aranzadik egindako ikerketen arabera mendi magal ospel horietan mehatxaturiko landare espezie endemikoak bizi dira, baita bisoi europarra eta muturluze piriniarra bezalako ugaztunak ere.   

Hegaztiei dagokienez, 2007an beste zentral eoliko bat jarri nahi zuen Eólicas Euskadiren (Iberdrola eta EEE) proiekturako egindako azterlanean, Mandoegi inguruan 72 hegazti espezietako ia 60.000 hegaldi zenbatu ziren. Miru gorria, gabiraia, sugezale europarra eta beste harrapari batzuen migrazioak atzeman dira, baita ehiza-espezieena eta paseiformeena ere (negu-txirta, euli-txori grisa, amilots urdina...). Gainera, sai arrearen etzaleku bat dago mendiaren hego-ekialdean.

Arleorko zabaleko cromlech edo mairubaratza, Abailarritik Adarramendira bidean. Atzean, Igoin, Urdaburu eta Aiako Harria. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Estazio megalitiko garrantzitsua

Onddi, Adarra eta Mandoegi mendien artean Euskal Herriko historiaurreko monumentu multzo garrantzitsuenetako bat kontserbatzen da. Hain justu, Leitzarandik ekialderantz ugaritzen dira mairubaratzak edo cromlechak deituriko zirkulu itxurako megalitoak. Aranon eta Goizuetan soilik, halako 74 katalogatu dira.

Txostenak azpimarratzen du "paisaia kultural" bat biltzen duela Urumeak, zeinean garai bateko lur komunalek edo zilegimendiek garrantzia berezia izan duten: "Mendi libreak ziren hauek", azaldu zion Luis Mari Zaldua adituak Gipuzkoako Hitza-ri.
Azken batean, "txosten hau egin da inpaktu larrien berri emateko, baina baita megaproiektuetan oinarrituriko trantsizio energetiko korporatiboari buruz funtsezkoak diren hainbat gai kritiko azaltzeko ere", dio Alvarezek.