Anariren Piromania kanta jarrita noa portu batetik barrena, kamioi txiki baten atzetik. “Denborak egin duen basoa, bere piztia, bere sasi, zuretzat eranzten dena eta zurekin jantzi. Zuk hainbeste zaintzen duzuna, eder eta egia izan dadin… Baina zuk ere nola basoa adina sua maite duzun…”. Kantak aipatzen du Galiziako emakume bat, bertako basoetan kandela lurrindunekin su txikiak pizten zituena han eta hemen. Volkswagen Golf gorria zuen, eta barruan aurkitu zuten I amo Galicia lema zeraman txiskeroa atxilotu zutenean. 22 hektarea pinu eta eukalipto erre zituen txinatar batzuen dendan erositako kandelekin. Denda hura senarrak lan egiten zuen gasolindegitik hurbil zegoen. Kanta entzuten dudan bakoitzean burutara etortzen zait Suro pelikula, ordea. Suro pelikularen bukaera, hobeki esan. Protagonistak masia bakarti batean bizi dira, eta sua entzutean kalera ateratzen dira eta mangera prestatu. Zer egingo dugu orain? Galdetzen du senarrak. Etxea defendatu. Hori da emaztearen erantzuna. Bikotea hautsi duen etxea defendatzeko prest daudela bukatzen da filma. Izan ere, maite dugunak suntsiarazten gaitu aldi berean. Eta maiteago izan dadin suntsitzen dugu batzuetan.