Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina hildakoez gain, bizirik irtetea lortu zutenak ere asko izan ziren. Gaur egun 140.000 inguru geratzen dira eta japonieraz hibakusha esaten zaie, literalki “bonba atomikoak eragindako pertsona”. 2024ko Bakearen Nobel saria haiei ematea erabaki dute.
Bonben inpaktu zuzena jaso zutenek betirako gorputzean eta aurpegian markatuta geratu ziren erredurak eta zauriak izan zituzten. Erradiazioaren eraginez, hasieran zaurigabe ziruditen askok ere sintoma larriak izan zituzten. Minbizi kasuak ugaltzen hasi ziren aurrerago… Eta ondorio fisikoei eragin psikologikoa ere gehitu behar zaio: batzuek bi hirietatik alde egin zuten eta ez ziren bizi guztian itzuliko; beste batzuek ezin dute ibai inguruetan edo zubietan ibili, uretan flotatzen zuten gorpuen oroimenaren erruz; eta zenbait jaki kontsumitzen ez dutenak ere badira, erretako gorpuen usaina gogorarazten dietelako.
Gaur egun 140.000 inguru geratzen dira eta japonieraz hibakusha esaten zaie, literalki “bonba atomikoak eragindako pertsona”. 2024ko Bakearen Nobel saria haiei ematea erabaki dute
Trauma eta beldurrez gain, asko errudun ere sentitu ziren, bizirik irteteagatik eta laguntza eskatzen zutenei ez emateagatik. Keiko Ogura zortzi urteko neskatoa zen orduan: “Eztandaren ondoren, oso larri zeuden bi pertsona hurbildu zitzaizkidan ur eske. Ura eman nien eta nire aurrean hil ziren biak. Luzaroan nik hil nituela pentsatu nuen”.
Hori guztia gutxi balitz, gizarteak ere baztertu zituen hibakushak. Yasuari Yamashitak sei urte zituen. “Jendeak uste zuen gaixotasun kutsakorra genuela. Baztertu behar gintuztela uste zuten, ezin zutela gurekin ezkondu edo gure lagunak izan”. Lanean hasi eta berehala hasi zen erradiazioaren eraginak nozitzen eta, lanak japoniar kulturan duen garrantzia medio, “ahula nintzela esaten zidaten, alferra, ez nuela lanik egin nahi”. Emakumeentzat egoera are zailagoa zen, garai hartan beren helburu nagusia ezkontzea baitzen. Keiko Ogurak dionez: “Ezin genuen esan egun hartan hirian ginela. Erradiazioari buruz hitz egiten bagenuen, ezin izango ginen ezkondu-eta”. Bizirauleen ziurtagiriak zituzten, arreta medikua eta gobernuaren laguntzak eskuratzea ahalbidetzen zietenak. Baina “ziurtagiria ez erakusteko esaten ziguten”.
Hibakusha gutxi batzuk antolatzen hasi ziren eta, denboraz, arma nuklearren aurkako ekintzaile nabarmenak izango ziren. Baina beldurrak, erruduntasunak eta bazterkeriak ia 80 urtez isilik egotera kondenatu zituen gehienak.