argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ezetz harrapatu
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko urriaren 16a

Ikasle beraren datu berberak hirugarren aldiz jasotzen nituela, esaldi hain erabili horiek baino ez zitzaizkidan etortzen gogora, adimena ere ezerezak apalduta: “Ez gara ezer”, “bizitzak ez dauka zentzurik”, “jainkoak, esaten duten bezain txintxoa bada, zergatik egiten digu hau?”. Ez nengoen zerraldo baten aurrean, ez zen, ez tanatorio bat, ez hilerria. Inprimaki bat zen.

Nork erakutsi zien idazten, joder. Liburuetatik, letretatik urrun eduki behar zen talenturik gabeko espezie batek gobernatzen gaitu. Eta gobernatu, ia maila guztietan. Ez nuen inoiz meritokrazian sinetsiko nuenik espero, nahiz eta kontrako norabidean izan. Zenbat eta gorago, orduan eta talentu urriagoa. Etxetik hasten dira, zerrendak egiten, dena sailkatzen, eta gai dira, gero, orduak pasatzeko ulerterrazak, baina luzeak diren ikasgaiak memorizatzeko, beste sailkapen batzuekin eta zerrendekin batera. Eta ez da egoera estatiko bat, borrokatu ezean, ohetik jaikitzeko bete beharko dugu salbuespen inprimakiren bat, edo arriskuaren erantzukizuna gure gain hartzen dugula dioena, adibidez, oin bat lehenago eta bestea gero jaiki nahi ez badugu, nahi baditugu biak batera atera eta, gainera, saltotxo bat eginez, zeren eta horrek orkatila okertzeko arriskua %6 igotzen duela froga-frogatuta edukiko baitu Massachusetts unibertsitateren batek, eta, gero, denok ordaindu beharko dugu osasun publikoko medikua, orkatilari begira beharrean ordenagailuari begira egongo dena, bere sendatzeko talentua suizidatuta hatz erakusleez teklatua kolpatuz. Eta nola urrean eserita daukana izango da C1B2, edo HH5eko, edo Batxilergoa eta baliokideak, edo errubrikak dioena, edo testak, edo diagnosiak, edo RGIa kobratzeko behar diren izen-abizenak. Eta egongo da norbait zure ondoan esango duena “bestela, benetan behar duenak ez du edukiko”. Benetan behar duenak. Ez naiz inoiz ausartzen “benetan” zer den galdetzera. Susmoa dut ahal bezain beste tranpa egitea gaizki iruditzen bazaie, “benetan” inprimakiak zehazten dituen baldintzak izango direla. Goitik datorren inprimakiak zedarritzen du errealitatea. Eta jende horrek errepikatzen du desesperatuki “i-le-ga-la da”, “ezin da”. “Eskuak lotuta ditugu”. “Bestela nola dakigu”. “Errealista izan behar da”. Azken hori gustatzen zait gehien.

Eta errealista izatea da, errealitatea inprimakien mugetara makurtzea. Bete beharreko hutsune bakoitzak seinalatzen dizu mugetako amildegia, mehatxatzen zaitu kaosarekin, ezerezarekin. Eta orduantxe, autolesionatzeko zorian gaudela, ergel sentitzen gara. Irabazi dute. Zergatik ez dugu grebarik egiten burokraziaren aurka?

Enterrari eman eta arnasa hartu dut. Arraro begiratu dit idazkariak. Zerbait daukazu ilean. Loreak dira. Izan ere, batzuk ipuinetan bizi gara. Ezetz harrapatu.