“Bi urteko gogoetaldia” iragarri zuten urte hasieran Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, baina ez da geldialdia izaten ari, etorkizunean izan ditzaketen oztopoak aurreikusten eta atontzen ari baitira erakunde publikoak. Horrez gain, uda betean, Dalia enpresa eraitsi dute Gernikan; hor eraiki asmo dute museoetako bat.
Hiru arlotan ari dira lanean Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideak. Nagusiki, ezkutuko asmoen berri izaten eta informazioa jasotzen, horiek, gero, jendeari komunikatzeko, eta epaitegietan borrokatzeko.
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 19rako, Gernikan, 18:00etan.
Astelehen goiza da Gernikan. Merkatu eguna. Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideekin egin dugu hitzordua, Astran. Hiru lagun agertu dira ARGIAren zitara: Eider Gotxi, irakaslea eta aspaldian Urdaibaiko Guggenheimaren inguruko hitzaldiak eman eta eman ari den Bermeoko ekintzailea; Txema Garcia, idazle eta kazetari erretiratua; eta Gorka Barba, basogintzan eta ingurugiro lanetan buru belarri ari dena.
Urdaibai eta inguruko herritarrek osatutako herri plataforma da Guggenheim Urdaibai Stop. Urtebete da mobilizazio handia egin zutela Gernikan –Palestinaren aldeko mobilizazio handi bat deitu zen egun berean, gainera–, eta herri mobilizazio berri bat antolatu dute urriaren 19rako. Palestinako egoerak ez du hobera egin; museoarenak ere ez, antza.
Plataformako kideek informazioa eskuratu eta herritarren artean zabaltzea dute xede. Izan ere, kontrara, Guggenheim proiektuaren ezaugarri nagusia da informazio eta gardentasun eza. Inork ez daki proiektua zertan den. Bizkaiko Diputazioko kideek adierazten dute proiektuak bai ala bai aurrera egin behar duela. Proiektuaren erredakzioa ez dago inon eskuragarri. Udaletako arduradunek ez dute ezer argi, eta plataformako kideek informazio bila jarraitzen dute, hemen eta han, herritarrei helarazteko. Asko batu dute, eta bidean aurkitutako trabei aurre eginez, informazio hori mobilizaziorako baliatzen dute, kontzientzia sortzeko eta proiektua geldiarazteko.
Proiektuak bi egoitza izango ditu: Gernikan bat, Dalia enpresa zegoen egoitzan; eta Muruetan bestea, hamarkada luzez funtzionatzen eta kutsatzen aritu den Urdaibaiko itsasadarreko ontziolan. Bien artean oinezko lotura bat egin nahi dute, lau kilometro baino luzeagoa.
Lehen golpea: Daliaren eraisketa
Udan mugimendu esanguratsurik egon bada, hori Dalia fabrika eraistea izan da. Alegia, bi egoitza horietako lehenengoaren oinarri fisikoa prestatzen hasi dira. Ekainaren bigarren astean hasi ziren eraisketarekin, Eider Gotxik azaldu digunez, proiektuari “bultzada handia” emateko.
“Daliaren eraisketak argi adierazten du museoaren proiektu honek lehenengo urratsak eman dituela”, argi mintzo da Gotxi. Ehundik gora hitzaldi eman ditu Guggenheimen proiektua herriz herri azaltzen. Urdaibaiko ezinegona, Busturialdetik beste eskualdeetara zabaltzen aritu da beste herritarrekin batera. Eta orain arte, susmoa zena, nola gauzatzeko urratsak ematen ari den ikusi dute uda honetan bertan. Begien aurrean, Gernikan.
Ezustean hartu zuten hondeamakina handien lana Gernika erdialdean, trenbidearen paralelo. Inork ez zituen lanak iragarri, baina egiten ari ziren. Isilpean, baina zarata asko eragiten; udan etenik gabe jarraitu dute lanek, eta amaitu dute. Eta segituan, Dalia fabrika eraitsita, azpiko urak garbitzeko lanetan hasiko dira. Dalia enpresa ezaguna zen nazioartean, 1970eko hamarraldian, koilarak eta sardexkak ekoizten zituena. Hitzetik hortzera ibili da azpiko urak kutsaturik dituela, amiantoz josita.
Garbituko dituztela eta akuiferoa “erabat kenduko” dutela hitzeman du Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegitura diputatuak Batzar Nagusietan. Are gehiago, esana du hori egingo dutela, helburua delako hor “museo” bat kokatzea. Horren inguruko informazio gehiagorik ez dutela dio Eider Gotxik.
Bigarren golpea: Guggenheimen zuzendaritza
Erretiroa hartuko duela iragarri du Bilboko Guggenheim museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek, 32 urteren ondoren. Orain, bere lekua hartuko duten hurrengoaren bila ari dira. Hautaketa prozesua iragarri zuten udaberrian, eta udazken honetan aurkeztu nahi lukete zuzendari nagusi berria.
Agurreko elkarrizketaren batean, Vidartek oso argi adierazi du Gernikako Dalia fabrikaren eraisketa “lurren garbiketa” dela, baina helburua ez dela zertan izan museo bat, "beste ekintza batzuekin ere bateragarria" izan daitekeela. Baina plataformako kideek argi diote, Bizkaiko Aldundiak, lehen aipatu bezala, kontrakoa dioela, Alzaga diputatua museoaren alde mintzatu izan baita. “Beraien artean kontraesanean dabiltzala dirudien arren, guk argi daukagu herritarrekin jokatzen ari direla”.
Azpiko uren garbiketa, bi urteko etenaldi betean
Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargua utzi baino lehen, Iñigo Urkullu Bizkaiko diputatu nagusi berri Elixabete Etxanoberekin elkartu zen, aurtengo urtarrilean. Etxanobe berak zuzentzen duen Guggenheim Bilbaoko patronatuaren izenean adierazi zuen “bi urteko gogoeta garaia” ireki behar zutela Urdaibaiko proiektuari buruz. Hauteskunde ziklo betea zen, beraz, “gogoeta egiteko unea”.
Txema Garciak bestela ulertzen du kontua: “Bi urteko moratoria bat baino ez da, egunero ikusten ari baikara balizko oztopoak gainditzeko lanean ari direla. Arlo guztietan ari dira, gainera. Zailtasunei aurre egiteko lanean, dena soiltzen, proiektua aurrera atera ahal izateko. Errealitatea hauxe da: Dalia bota dute, eta beste arlo askotan mugitzen ari dira. Judizialki, esaterako, urratsak ematen ari dira, museoaren proiektua errazteko”.
Urtarrileko hitzak haizeak eroan dituela ematen du; Urkullu lehendakari ohia da egun. Bizkaiko Foru Aldundiko edozein eledunek, prentsaren aurrean edo irrati publikoetan izan duen agerraldi bakoitzean, Gernikako eta Muruetako proiektuaren alde sutsuki berba egiten du.
"Hau ez da eskualde mailako kontua; inguru natural hau guztiona denez gero, euskaldun guztion ardura da defentsa egitea"
Txema Garciaren ustez, “haientzat hau bideragarria da hasieratik”, eta “bideragarri egingo dute”. Eider Gotxik, berriz, zehaztu du proiektuaren ondorioetan ez dutela pentsatu ere egin nahi: “Bideragarria izatea nahi dute, bai ala bai, eskualde honetan, biosferaren erreserban izango dituen ondorioei begiratu gabe”. Esaterako, Daliaren eraisketako txostena nabarmendu du Gotxik: “Eraisketaren prozedurak eskatzen dituen urratsak ez dira jarraitu. Udan egin dituzte lanak, ekainean erabakiak hartu, buletin ofizialean atera eta herritarrak udan ezertaz ez jabetzea ekarri du horrek”.
Edozelan ere, bi urteko etena hasi eta berehala, Dalia eraistea esanguratsua dela dio Eider Gotxik: “Proiektuari errealitate itxura ematen dio horrek, ez da zer esaten duten, baizik eta zer egiten ari diren”. Txema Garciak eta Gorka Barbak, berriz, argi ikusten dute: “Urratsak ematen ari dira, baina ezer ez dago eginda, proiektua bera ez da existitzen, badaude aukerak hau gelditzeko... eta horretan ari gara, daukagun informazioa partekatzen, proiektuaren kontrako indarra kutsatzeko helburuz”.
Etenaldia baliatu, lanerako
“Etenaldia guretzat erronka izan da eta izango da”, dio Gotxik: “Tarte guzti honetan jendea aktibo mantendu gura dugu, horretan ari gara. Zaila da agintariek hausnarketarako urte bi hartuko dituztela esaten dutenean gaia pil-pilean mantentzea. Bi urteko pausa edo gogoetaldia hartuta, normala izan daiteke proiektua kolokan dagoela pentsatzea. Baina guk ikusten duguna kontrakoa da. Esan bezala, proiektua aurrera doa, administrazioetan urratsak emanez”. Plataformako kideentzat, beraz, helburua da jendeak ulertzea agintariek gauza bat esaten dutela publikoki, baina beste bat egiten ari direla ezkutuan.
Jendearen “narkotizazioa” aipatzen du Garciak: “Narkotizazio prozesu bat ikusten dugu, Daliaren kontuarekin garbiketa irudi bat eman nahi dute, Guggenheim proiektuarekin lotu barik. Akuiferoa garbitzen ari dira, amiantoa kentzen… gernikarrontzat onuragarria balitz bezala”. Baina argi utzi nahi du horren atzean Guggenheim proiektuaren oinarria ezartzen ari direla. Fabrika bota, museoa bertan eraikitzeko.
Eragiteko lana, kalean eta auzitegietan
Guggenheim Urdaibai Stop plataforma, kalean ez ezik, arlo judizialean ere ari da lanean. Horixe azpimarratu du Gorka Barbak: “Lan hori ez da horren argi ikustarazten, jendeak ez du sumatzen horren atzean dagoen lan guztia, kale mobilizazioarekin batera egiten den lana da".
Eider Gotxi baikorra da arlo judizialean zein mobilizazio mailan egiten ari diren lana azaltzean: “Eremu biak paraleloan doaz. Kalean oso ondo ari gara, jendea informatzen badakigu, sare sozialetan sekulako lana egiten ari gara; baina epaitegietako eremua gure eskuetatik kanpo geratzen da, eta konfiantza guztiarekin abokatu talde batekin ari gara lanean. Eremu batek ezin du bestea ahuldu, biak indartsu behar ditugu”.
"Iragarritako bi urteko etenaldia, moratoria da; egunero ikusten ari gara etorkizunean izan ditzaketen oztopoak gainditzeko lanean ari direla"
Konplexua da epaitegietako bidea. Bi bide dituzte zabalik. Lehenbizikoa, udalerriz gaindiko hitzarmen baten ingurukoa da: horixe egin dute Muruetan, Foruan eta Gernikan; 2023ko otsaila eta maiatza bitartean sinatu zuten hiru herreitako alkateek. Izan ere, Gotxik azaldu duenez, administrazioek hainbat plan urbanistiko aldatu behar dituzte, eta horretarako beharrezko dute eskumena udalen gaindi egotea, Aldundiaren esku. Gotxik eman ditu azalpen xeheagoak: "Guk Muruetako HAPO horri alegazioak jarri genizkion. Izan ere, Muruetako ontziola kokatuta dagoen lurraren kalifikazioa aldatu nahi dute, industriala dena gaur egun, berrian ekipamendu izatea eskatzen da. Alegazioak aurrera egitea lortuko bagenu, industriala den lurraren gainean ezingo litzateke museoa eraiki”.
Eta bigarrena: Kosta Legearen aldaketari ere helegitea aurkeztu diote Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2021eko urriaren 8an, Bizkaiko Aldundiak Espainiako Trantsizio Ministerioari zera eskatu zion: jabetza murrizketa gauzatzea, ehun metrotatik hogeira. Zertarako? Gotxiren arabera, museoa kokatzeko espazioa behar dutelako. "2023ko urrian publiko egin zuten hori, eta mundu guztia ohartu da orain, murrizketa gauzatu dela, eta guk demanda aurkeztu diogu, helegite horretan Kosta Legearen jatorria oinarritzat hartzeaz gain, badaude-eta akats administratibo batzuk. Esaterako, eskakizuna egin eta gauzatzeko epealdia iraungi egin zitzaien, hamar hilabetez”, dio Gotxik.
Horrez gain, bada beste kontu bat: nork eskatu behar du, legalki, murrizketa hori? Galderari atoan eman diote erantzuna herri plataformako kideek: “Jabeak. Eta lur horien jabea egun Astilleros de Murueta ontziola dela diosku Aldundiak, nahiz berak erosteko prozedura abiatua duen. Beraz, murrizketa ezin du, oraindik, Diputazioak eskatu. Alde horretatik ere baliogabetzat jo daiteke eskaera bera”.
Mobilizazio nazionala
"Hau ez da eskualde mailako kontua; inguru natural hau guztiona denez gero, euskaldun guztion ardura da proiektu hau gelditzea”. Horixe adierazita iragarri dute urriaren 19ko mobilizazioa.
Euskal Herri mailako erantzuna artikulatzen ari dira. Euskal Herri osoko eragileekin ari dira harremanetan, besteak beste artista, kirolari, herri mugimenduetako kide, ingurugiroaren aldeko ekimen eta elkarte, norbanako eta kolektibo... Baikortasunez hitz egin du Gotxik: “Busturialdeak baduela zer esana erakutsi nahi dugu. Duela urtebete ere erakutsi genuen, kasu handirik egin ez diguten arren, eta berriro esango dugu, ozenago adieraziko dugu… Ziur gaude askoz handiagoa izango dela aurtengo manifestazio hori, dagoeneko nabaritzen ari baikara”. Hain zuzen, plataformako kideen arabera, iaz “oso urrun” ikusten zuten jende asko hurbiltzen ari zaie, interesatuta eta lanera.
Hala eta guztiz ere, informatzen segitu beharra argi dute. “Busturialdetik kanpo nork ezagutzen du proiektu hau?”, galdetu du kezkatuta Gotxik. Hitzaldi ugari ematen ari dira plataformakoak, bereziki Gotxi, eta nabaritu du kostatzen ari dela jendeak interesa adieraztea. Baina lortzen ari dira, bai behintzat atxikimenduak. Zerrenda amaiezina dela diote.
Auzitegi Nazionalean aurkeztu du salaketa eta “proiektua berehala eten dezaten” galdegin du. Bi lege urratzen dituela ohartarazi du: Kostaldeko Legea eta Europako Legea, Red Natura 2000ri dagokiona. Auzitegi Nazionalak Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka... [+]
Eusko Jaurlaritzak epe mugarik gabe gelditu du Muruetan egitekoa zen oinezkoentzako egurrezko pasabide baten exekuzioa, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak helegitea jarri ondoren. Museoaren sarbideetako bat izan liteke bide hori eta biosferaren erreserba barruan legoke.
Seo/BirdLife GKEak eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformak bultzatzen dute ekimena, eta sinadura kopuruak Bilboko museoak urtero dituen bisitarien zenbatekoari erreferentzia egiten dio. Zehaztu dute “inpaktu kritiko eta itzulezinak” eragingo lituzkeela Urdaibiako... [+]
Ekologistak Martxan elkarteak bandera beltzak banatzen ditu urtero, kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik. Getariako makrogranjak eta Leioako Lamiakoko padurak jaso dituzte beste bi banderak.
Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.
Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]
Busturialdea eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu EH Bilduk Gernikan emandako prentsaurrekoan. Idurre Bideguren senatariak adierazi du neurria EAJren “kudeaketa eredu zaharkituaren beste adibide bat” dela.
Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du proiektua geldituko dutela 2024 eta 2025ean. Bilboko Guggenheim museoko patronatuak proiektuaren “bideragarritasuna” aztertu nahi du. Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren esanetan, etena ez da "onargarria"... [+]
Joan den urriaren 28an manifestaldi jendetsua egin zen Gernikan. Aspaldiko partez, 1987an bonbardaketaren 50. urtemugaren harira egindakotik, agian, handiena. Berton, instituzio politiko zentral, autonomiko eta probintzialetik babestutako Guggenheim museo proiektu... [+]