Behin azaldu zidaten spam hitzak adierazten duela txerrien soberakinetatik herri anglosaxoietan egiten zen oso kalitate txarreko hesteki bat. Beharbada hitza ezaguna zaizu, posta elektronikoan karpetatxo bat duzulako nahi ez dituzun mezuak jasotzen dituena. Hitz hori izan zen eremu digitaletan bizi kalitaterako kaltegarriak diren zerbitzu eta praktikak txatar-janariariarekin alderatzeko ezagutu nuen lehen adibidea. Lan asko egin dut arrakala digital egoeran dauden pertsonekin, eta spamaren ideia zabalduz, “digitalizazio txatarra” euren bizitzen parte dela esan dezaket: posta elektronikoa iragarkiz beteta dute garrantzitsua dena ezin bereiztuz, aplikazioen jakinarazpenek so egiteko beharra sortzen diete uneoro, publizitateak inbaditzen du euren pantaila pop-upak zelan itxi ez dakitela... Arreta eta indarrak kaltetzen dizkien dinamika bati lotuta daude.
2022an, lege bat atera zuten: baimenik gabeko dei komertzialen, spam deien, debekua. Berria entzutean, denok irudikatzen genuen mundu bat non ez genuen berriro pairatuko dei komertzialen edota dei iruzurtsuen mehatxua. Baina ez da horrela izan, legea hor dagoen arren, herritarrok deiak salatu behar ditugu gure eskubideak babesteko. Arazo horretaz ohartuta, Datuen Babeserako Espainiako Agentziak salaketak egiteko galdetegi bat martxan jarri du, baina salatu ditzakegun enpresak dira jada jokabide kode bat onartu dutenak, ehun bat. Zer egin ordea hor ez dauden enpresekin edota iruzurra egiten duten enpresekin? prozesua korapilatzen da, askotan zeintzuk diren ere ez dakigu, euren aurka egiteko dugun datu bakarra telefono zenbaki bat da. Gaia oso konplexua da benetan, eta heziketa beharrezkoa da, zaurgarriak diren pertsonak boteretzeko, baina horrez gain ez legoke txarto berrikuntzaren beharraz ahoa betetzen duten horiek “digitalizazio txatarrari” mugak jartzeko irtenbide sortzaileagoak bilatuko balituzte.