argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Lodifobia
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko urriaren 09a

Onintza Enbeitak bere urriaren 1eko zutabean lodifobia salatu zuen ginekologoari egindako bisita batean bizi izandakoaren harira. Denok gorputz berean sartzeko tema denok bizi dugula esan genezake, eta esaten da, eta egia da, denok entzun ditugu zerak, baina egia da baita ere... debekatuta-debekatuta dagoena lodi egotea dela. Lodia izatea.

Ni argala naiz. Oso argala naiz. Urduri nagoenetan sabela ixten zait, eta kontuz ibili behar dut aurretik pixka bat loditu ez banaiz, hezurretan bukatzen dudalako berehala. Aurpegian igartzen zait, zimurrak asko markatzen baitzaizkit, begizuloak amildegitu. Tentsioa baxu, zorabiatu egiten naiz maiz, eta gaizki jan, azkar bizi, gaixotzeko ere ez zait asko falta izaten zigarro bat gehiago erretzen badut. Entzun behar izan dut “puag”-en bat, “nazka pixka bat ematen du”... baina oso bakanetan. Inoiz ez dit mediku batek errietarik egin horregatik. Ezta haurdun gelditu nintzenean ere.

Haurdun gelditu nintzenean jan eta jan aritu nintzen: 1,81 neurtzen dut, ez nintzen 60 kilora iristen, eta hasi nintzen hirurogei kiloak pasa, eta itxura osasuntsua hartzen. Nire jateko faboritoa hanburgesa bokadiloa zen, patata frijituak barruan sartuta. Edozein ordutan. Ginekologoarengana iritsi nintzenean hirurogeita hamarrak pasata nituen. Lehen aldiz nire bizitzan, errieta egin zidaten baskulak markatzen zuen pisua zela-eta. Eta ezin izan nuen erantzun, ez dakit zergatik, beti naizelako iraintzen nautenak baino errespetutsuagoa: “Zuk ikusiko duzu zure umeari zer egiten diozun” (“Ez dizut esan zaldia txutatzen ari naizenik, makarroiak jaten ditut, marihuanarik gabe”); “horrelako omenaldiak egiten badizkiozu zeure buruari goizero” (tostadak gurinarekin gosaltzeagatik); “ezingo zaituzte ohe batetik bestera mugitu, jartzen zareten moduan” (“arrain batek zera zaitzala, maja, eta utzi sagarrak jateari, eta jan iezadazu...”). (Ulertuko zenuten zergatik ez nion momentuan erantzun).

Nire argaltasuna ez da osasungarria. Ez zen umekiarentzat ere. Eta lodia nengoelako egin zidaten errieta oraindik argal ez, argalegi nengoela. Mediku batek.