Ikasturte hasieran hauteskundeak izan behar ziren EHUko agenda informatiboko gertaera nagusia. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, gainera, hitzordu bikoitza dugu, gure zentroko batzarra ere urrian hautatuko baita. Aukera zabaldu da kudeaketa-eredu ezberdinak ezagutu eta horien artean erabakitzeko. Eztabaida hori, gainera, ematen ari da ikerlari eta irakasle gazte kolektibo batek bultzatuta, beren eskubideen aldeko mobilizazio-urte baten ondoren eta, besteak beste, belaunaldiarteko erreleboa gertatzen ari denean.
Fokua horretan jarri ordez, batzuek desitxuratutako irudi batean jarri dute fokua berriz ere, unibertsitate publikoaren interesaturiko irudi gatazkatsua nabarmenduta. Aurreko egunetan, unibertsitateko komunitatetik irakasle baten jarrera homofobo, xenofobo, matxista, faxista… salatzen zituzten ahotsak jaso beharrean, ikasle-talde batek horren aurka deituriko protestan emandako gatazka zabaldu zuten eta gogoeta desbideratu.
Ohituta egon behar banu ere, haserretu ninduen zabaldutako mezuak. Erantzunean –gorroto-diskurtsoak arbuiatu dituzte–, ordea, ohartu naiz dagoeneko euskal gizarteak ez duela amua hain erraz irensten.