Euskal esklabistak metropoli kolonialean

  • 1492ko urriaren 12an ez zen soilik Amerikako jatorrizko herrien genozidioa hasi. Europa munduko potentzia bilakatuko zuen Atlantikoko esklabotzaren negozioari ere bidea zabaldu zitzaion. Sistema kolonial erraldoi hori ezinezko zatekeen Cádiz bezalako metropolirik gabe: Cristobal Colon eta beste konkistatzaile askoren espedizioen abiaburu, esklabo trafikoaren europar zentroa ere izan zen. Eta euskaldunek protagonismo berezia izan zuten horretan.

Cádiz, Atlantikora begira dagoen hiria. Argazkia: Wikimedia Commons / diego Delso

Cádizen feniziar jainkoen panpina efimero erraldoiak ikusi ahal izan dira asteotan Puertas de Tierran, San Antonio plazan eta beste hainbat tokitan, hiria bere iraganarekin “arro” dagoela aldarrikatzeko. Antzinako Gadir, geroko Gades, gaurko Cádiz, historiaren pasarte arrastuagoen lekuko ere izan da ordea. Esaterako, oroituko al dira Cristobal Colonek 1492ko bere bidaia ospetsuaren ondoren hainbat espedizio antolatu zituela Cádiztik Amerikara, hango jendeak eta baliabideak xahutzeko asmo osoz?

Ez dago borroka antiarrazistarik ez bada ezbaian jartzen iragan kolonialista eta esklabista, diote Gasteizko ContraPunto Dekolonial kolektiboko lagunek. Horretarako, behartuta gaude lupa meridiano batzuk mugitu eta metropolian kokatzera

Askotan, Amerikako jatorrizko herrien genozidioaz hitz egitean Atlantikoaren alde hartan jartzen dugu historiaren lupa. Urriaren 12an ahoa betetzen zaigu Hispanitatearen Eguna salatzeko, baina begirada deshumanizatzailearekin hitz egiten jarraitzen dugu “besteaz”, indigenek eta beltzek osatzen duten alteritateaz. Ez dago borroka antiarrazistarik ez bada ezbaian jartzen iragan kolonialista eta esklabista, diote Gasteizko ContraPunto Dekolonial kolektiboko lagunek. Horretarako, behartuta gaude lupa meridiano batzuk mugitu eta metropolian kokatzera.

Cádizen iragan kolonialistaren mozkorraldia 1717an hasi zen. Urte hartan Gaztelako Koroak erabaki zuen Indietako Kontratazio Etxea hiri hartara eramatea Sevillatik. Amerikako espoliazioaren monopolioa ziurtatzeko Errege Katolikoek XVI. mendean sorturiko erakunde horren bultzadarekin, Cádiz Europako ziudade nagusienetako bat bilakatu zen; itsasoari begira hazitako megalopolia zen sasoi hartan eta dozenaka milaka biztanle biltzen zituen. Baina erraldoitasun horrek bazuen tranpa txiki bat: sei biztanletik bat esklaboa zen.

10.000 esklaboren hiria

Arturo Morgado historia katedradunak egindako kalkuluen arabera, gutxienez 10.000 esklabo “bataiatu” zituzten mende eta erdian Cádizen –ur bedeinkatuz busti eta izen kristaua emanda, gorputza ez ezik izatasuna bera ere lapurtzen zieten– eta 17.000 saldu zituzten enkantean. Asko otomandarrek Mediterraneotik eramandako dalmaziar eta hungariarrak ziren, baina batez ere Afrikako jendeak zituzten gustuko hiriko eliteek, haientzako artisau eta zerbitzari lanetan aritzeko.

Cádizko portuaren grabatua, zaintzarako dorre ugari ikusten direla. Dozenaka mila lagun bizi ziren eta Europako hiri garrantzitsuenetako bilakatu zen merkataritza kolonialari esker.

Artxibo historikoetako salmenta dokumentuak eta parrokietako jaiotza, ezkontza eta bataio aktak ditu iturri Morgadok. Eta kuriosoa da, esklaboez iritsi zaigun irudi maskulinizatua birrintzen duen beste datu bat ere ematen baitu historialariak: saldutakoen %52 emakumeak ziren. Bai, esklabotzarena ere historia androzentrista bat izan da oraindaino.

Baina zertara gatoz hau guztia kontatzera? Iberiar Penintsularen beste puntan dagoen hiriak baduelako lotura berezia euskaldunekin. Gaur eguzkiaren eta saleroaren bila turista saldoa joaten garen moduan, duela mende batzuk apellidu oneko euskaldun ugari ailegatu zelako haraino txin-txin hotsak deituta. Sevillan XVI. mendean Amerikako kolonietako merkataritzarekin –eta esklabotzarekin– aberastu zen euskaldun ugari zegoen moduan, Cádizen ere errotu zen komunitate sendo bat: vizcaíno-en antigoaleko kolegioak, kaperak eta Kristoren Pasiorako kofradiak aurkituko ditugu haien pausuen atzean.

XVII. eta XVIII. mendeetan euskaldunak erruz aurkituko ditugu hirian, izan ontzidietako kapitain, izan skyline-a eraldatu zuten zaintzarako dorreen etxejabe... eta, jakina, esklabisten artean ere bai

Garaycoechea, esklaboa vs. kortsarioa

XVII. eta XVIII. mendeetan euskaldunak erruz aurkituko ditugu hirian, izan ontzidietako kapitain, izan skyline-a eraldatu zuten zaintzarako dorreen etxejabe... eta, jakina, esklabisten artean ere bai. Cádizko Probintzia Artxibo Historikoan hamaika agiri daude erakusten dutenak gizakien trafiko horretan euskal jatorriko familiek zeukaten inplikazioa.

1767an, adibidez, Tomasa Irisarrik –Jose Aguirre eta Larraguchia ontzi kapitainaren alarguna–, José Benizo izeneko “esklabo beltza” saldu zion bere anaia Santiago Irisarriri zilarrezko 100 dukaten truke. Urtebete lehenago, Ignacio Zurbituagak berea zen esklabo bat “askatzeko” agindu zuen, Maria Dolores izenekoa eta 26 urte zituena, beste esklabo “libre” batekin ezkondu ahal izateko. Senargai esklabo-ohiak Caietano Mendieta zuen izena, eta “Pedro Mendietaren jabetzakoa” zela dio dokumentuak.

Cadizko Probintzia Artxibo Historikoko atea, Cristobal Colón kalean. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Halakoak maiz topatu ditzakegu notaritza-protokolo eta testamentuetan, izen artifizialaz gain, esklaboek jabearen apellidu jator askoa ere eraman ohi zutelako bizitza osorako. Hori izan zen, esaterako, Miguel Leabururen kasua. Ez dakigu txikitan portugaldarrek Afrikako ibai bazterren batean bahitu ote zuten edo Cádizen bertan jaio eta leaburuar aberastu batek erosi ote zuen, baina badakigu 1759an askatasuna lortu zuela.

Miguel Garaycoecheak ere askatasuna lortu zuen 1761ean, bere nagusi Pedro Garaycoecheak hala nahi izan zuelako. Azken honen familia jatorriz Lesakakoa zen eta Pedrok dirutza egin zuen kortsario bezala itsasontzi holandarrak harrapatzen. Cádiz erdigunean zuen etxe dotorearen azpiko pasabide ezagun bati horrela deitzen diote oraindik: “El arco de Garaicoechea”.

'Garaicoechea' arkua, familia horrena zen etxearen azpitik pasatzen zen. Hiriko eliteen artean gertatu ohi zen bezala, esklaboak zituzten jabetzan. Argazkia: Historia de Cádiz

Compañia de Negros: lehen enpresa esklabista

Portugaldar eta ingelesei kopiatuta, esklabotza negozio handi bat bilakatu nahi izan zuen espainiar koroak XVIII. mendearen erdialdean. Bere kolonietan loratzen ari ziren azukre sailentzako erregaia, eskulana, giza haragia behar zuen, eta zuzenean edo “en derechura”, Afrikako kostaldera joateko baimenak ematen hasi zen. Hor ere euskaldunak izan ziren aktore printzipalak.

Testuinguru horretan, esklaboen salerosketan propio espezializaturiko munduko lehen enpresa sortu zuten Cádizen 1765ean, eta espantuzko izen bat jarri zioten: Compañia Gaditana de Negros (Cádizko Beltzen Konpainia). Trafiko ilunetan zaildutako euskal tratulariak aurkitu ditzakegu inbertitzaile nagusien artean (Miguel Uriarte, Juan José Goicoa, Francisco Agirre, Lorenzo Ariztegui...), eta legatu makabro bat utzi zuen konpainia horrek: 1779an likidatu zutenerako, 27.000 esklabo baino gehiago zituen eramanak jadanik Atlantikoan barrena.

Historia hori tipexarekin borratua bezala egon da mende biz, 1970eko hamarkadan Bibiano Torres ikerlari andaluziarrak liburu batean jaso zuen arte: “Oso zaila da beltzen trafiko horrekin konpainiak lortutakoaz balantze bat ere egitea”, zioen ernegaturik hastapen haietan. Gaur egun gehixeago dakigu konpainiari buruz, eta Cádizko Probintzia Artxibo Historikoak bere altxor bat bailitzan dauka erakusgai euskal-cadiztar konpainia esklabistaren sorrera dokumentua.

Beltzen konpainiaren arrastoak

Cádizko Probintzia Artxibo Historikoan, 4.502 zenbakia daraman notaritza-protokoloan, Cadizko Beltzen Konpainiaren sorrera dokumentua kontserbatzen da (goian, eskuineko irudian, 1765. urtean idatzia. Ofizialki Aguirre, Aristegui y Cía izena zuen, euskaldunek negozio horretan zuten presentzia hegemonikoaren adierazgarri.

Beste baldintza batzuen artean, esaten da konpainiak ez zituela onartuko erditu berriak ziren emakumeak, ezta “bularrak erorita” zeuzkatenak ere. “Hondatuta” zeuden beltzak ere ez zituen onartuko, hala nola “itsuak, gaixoak edo gaixoberak, eta zilborra kanporantz dutenak, ombligones izenez ezagunak, izorratuta daudelako”. Bubi herrikoak ere ez zituzten nahi, “hortzak zerra bezala dituztelako”, baina cabaraliak bai. Musangaeak, mondongoak eta angolak ez, baina bai lukumiak, minak, mandingak eta mososoak...

Hori bai, den-denak markatzen zituzten enpresaren ikurra zeraman karinbo goriz (goian, ezkerreko irudian), horretan ez zuten bereizketarik egiten.

Mendinueta, Cádizko euskal trafikatzaile ezezagun hori

Askoz gutxiago dakigu, ordea, Hego Amerikara esklaboak eramateko sorturiko beste merkataritza sare baten inguruan. Cádizen bizi zen Francisco Mendinueta nafarrak, Espainiako Koroaren asiento edo baimen bat lortu zuen 1754an: hamar urtez sei itsasontzi pleitatu ahal izango zituen Río de la Plataruntz, salgai ugarirekin beteta, eta tartean 3.000 beltz ere bai.

Francisco Mendinueta Cádizen bizi zen nafarrak 1754an Espainiako Koroaren baimena lortu zuen 3.000 beltz Río de la Platara eramateko

1760rako itsasontzi guztiek egina zuten bidaia hori, batzuk zuzenean joan ziren, eta beste batzuk Gineako Golkotik igaro  ziren “merkantzia” preziatuaren bila. Aldiz, San Ignacio izenekoa geroago irten zen, Pasaiako portuan zeukatelako oraindik karenatzen. Itsasontzi hori Uztariz familia boteretsuak utzi zion Mendinuetari, baina ez dakigu azkenean patroiak lortu ote zuen bere helburua.

Esklaboak garraiatzeko itsasontzi baten krokisa, 1789an abolizionista ingelesek egina. Irudia: Indietako artxibo orokorra

Izan ere, Sevillan dagoen Indietako Artxibo Orokorrean gordetako paper-sortetan leitu daitekeenez, Mendinueta kexu zen, ez zitzaiolako giza-salmenta errentagarri ateratzen, besteak beste, ez zuelako arroparik Buenos Airesen pilatuta zeuzkaten esklaboentzako eta “aire librean lo egiten dutenez hil egiten direlako”. Galera dirutan kuantifikatzen zuen, noski.

Esklabo trafikoa legala zen garai hartan, eta beste askok ere gizakien gorputzak salerosten dirua egin nahi izan zuten. Adibidez, Enkarterrietako Julián Antonio Urkulluk eta Gorbeialdeko Julián Martinez de Murgiak esklabo beltzak garraiatzeko eskaera bana egin zuten 1770ean eta 1773an, hurrenez hurren. Baina Cádizko lobby esklabistaren oztopoek hankaz gora jarri zituzten euren pretentsioak.

Labarrieta, gordexolar bat Pedro Martínez trafikatzaile handiaren bazkide

Euskal Herrian emeki-emeki ari gara ezagutzen iraganean esklabotzan aritu ziren hainbaten izen-abizenak, Manuel Calvo, Julián Zulueta edo José Matia dira horietako batzuk. Baina negozio inhumano horrekin dirua egin zutenak askoz gehiago izan ziren, nahiz eta itzalpean geratu. Hori da Pedro Felipe del Campo Labarrietaren kasua.
Gordexolan jaioa 1791n, Pedro Felipe osaba Cosmek deituta iritsi zen Cádizera eta laster bere negozioen kargu egin zen. Han, esklabista handi baten lagun bihurtu zen: Pedro Martínez kantabriarra.

Bisaia gaizto bat

Martínezen bizitza beldurrezko pelikula bat egiteko modukoa izan liteke, baina oraingoz liburu bat daukagu, Cármen Cozar historialariak idatzia: La orca del Atlántico (Atlantikoko Orka, Silex, 2020) goiburua darama. Bertan kontatzen du Martínezek Kubara emigratu zuela gaztetan eta 25 urte besterik ez zituenean lehen goleta bidali zuela Afrikara esklabo bila. Konpainiak sortu zituen Habanan zein Cádizen eta, 30 itsasontziko ontzidia izatera iritsi zen, pertsonen trafikoan erabiltzeko. Terence MacMahon Hughes idazle eta bidaiari irlandarrak honela deskribatu zuen: "Martínez oso pertsona arrunta eta itxura txarrekoa da, eta bere lanbidearen gaiztakeriek bisaia okerragotu eta urratzen diotela dirudi". Halako gizaseme baten bazkide egin zen Gordexolakoa.

1827an Campo Labarrieta y Martínez konpainia sortu zuten eta handik bi urtera María izeneko goleta bidali zuten Afrikara; 270 esklabo eraman zituen Habanaraino. Hurrengo urtean ingelesek itsasontzia harrapatu zuten sotoan 505 esklabo zituela. Baina ez zuten etsi, eta espedizio gehiago antolatu zituzten Cádiztik: 1830ean Marinero ontzian 444 esklabo arribatu zituzten Kubako kostaldera eta Rosalía izenekoan beste 369.

Konpainia desegin zenean, Pedro Felipe Cambo Labarrietak itsasontziak erosi eta espedizioak antolatzen jarraitu zuen. Esaterako, Cazador Santurzano-ren jabe egin zen, Neguriko Ybarra familia boteretsuak esklaboen negozioan muturra sartzeko erabili zuen berbera. Beste esklabista batzuekin ere izan zituen hartu emanak; Málagako Pedro Blancoren agente egin zen, askoren esanetan garai hartan Afrikan zegoen trafikatzaile handiena.

Campo Labarrieta Cádizko zergadunen top-ean egotera iritsi zen. 1843an hil zen San Lucar de Barramedan, atsedenerako bere etxean.

Europako azken portu negreroa

1817tik aurrera, Ingalaterrarekin sinaturiko akordio baten ondorioz Espainian esklabotza formalki ilegalizatu zenean, urrezko beste aro bat hasi zen trafikatzaileentzat: merkatu beltzarena. Esklaboak ezkutuan kolonietara eramateko bidaiak askoz errentagarriagoak bihurtu ziren ingeles armadak harrapatuak izateko arriskuagatik beragatik, eta Cádiz izan zen kontrabandisten portu gogokoenetako bat.  

1864an Espainian kontsul britainiarra zen Alexander Dunlopek Foreign Office Erresuma Batuko Kanpo Ministerioari bidalitako gutun batean aitortu zion Cádiz “esklabo trafikoaren europar zentroa” zela momentu horretan. Eta hala dirudi.

Oso berandu arte iraun zuen esklabotzak Cadizen, hainbeste, ezen Europako azkenetako portua izan zen garraio genozida hori praktikatzen,
1866. urtera arte

Pompeu Fabra unibertsitateko Lizbeth Johanna Chaviano historialariak Foreign Office-eko iturriak erkatu ditu Slave Voyages interneteko datu base ikaragarrian aurkiturikoekin, erakusteko noraino zeuden Cádizko merkatariak lokatzetan zikinduta. Bere esanetan, esklabo trafikoa ilegala zen garaian Iberiar Penintsulako ontzi negreroen %65 Cádizko portutik itsasoratu zen: denera 51 espedizio.

Oso berandu arte iraun zuen esklabotzak Cádizen, hainbeste, ezen Europako azkenetako portua izan zen garraio genozida hori praktikatzen, 1866. urtera arte, zehazki esateko. Hiri gehienetan trafiko hori iraganeko kontua zen bitartean, 1863an Dulonp kontsulak, harrituta, oraindik ere hainbat bapore-ontzi ikusi zituen Cádizko moiletan Afrikara joateko prestatzen. Horien artean Cicerón izenekoa zegoen, Julian Zulueta arabar esklabista handiak bidalitakoa. Azaroaren 5ean  Kubako Playa Girón hondartza mitikoan agertu zen 960 pertsona gatibu zeramatzala, beste 149 bidean hil ziren.

Cadizko moila 1867an, esklabo trafikoaren garaian. Argazkia: Biblioteca Nacional de España

Chavianok dioenez, esklabo trafikoan sudurzuloetaraino sartuta zeuden “etxe komertzialen erdigunea izan zen Cádiz” denbora luzez, beste portu eta negozio askotako ateak irekitzeko tranpolin bat. Zer esanik ez handik sorturiko euskal fortunentzat. Eta batzuentzat iraganeko kontu deserosoa izan arren, beharrezkoa da gogora ekartzea, feniziar panpina horiek bezain historia efimero bihurtu ez dadin.

Paseotxo bat Cádiz zaharretik?

Cádizko hiriaren galtzada-harrizko kaleetan barrena ikusmiran den turistak oraindik suma dezake eraikinen eite airos bat eta halako atmosfera kolonial bat: La Habana es Cádiz con más negritos, Cádiz La Habana con más salero... dio habanera famatuak. Kubako hiriburuarekin sinbiosi hori XIX. mendean bereganatu zuen, azukre eta esklaboen abaroan aberasturiko merkatarien jauregiekin bete zirelako zabalgune berriak (1).

Mina plaza zen eliteen bilgune nagusietakoa, bere drago eta palmondoekin. Eta hantxe eraikiarazi zuen José Matía Calvo (2) laudioarrak beretzako etxe bat 1840ko hamarkadan, orain arkitektoen elkargoaren egoitza dena. Matíak txinatar esklaboekin trafikatzen egin zuen bere fortunaren zati bat eta, besteak beste, Cádizko Bankuko fundatzaileetako bat ere izan zen. Bizitzaren amaieran, itxuraz atake filantropiko batek erasanda, bere diruak zaharrentzako egoitzak egiteko utzi zituen Donostian –egungo Matia fundazioa– zein Cádizen.

Beste esklabista askoren lorratza ere jarrai daiteke Cádiz zaharrean: Compañía Trasatlánticaren bulegoak (3) Antonio Lpez kalean zeuden; Sierra Leonan esklaboentzako biltegi bat izatera iritsi ziren José eta Fernando Abarzuza anaien konpainiaren egoitza eta jauregiak nonahi daude; eta Pedro Felipe del Campo Labarrieta (4) gordexolar agente negreroa-ren etxea katedraletik bi pausotara.

Portura arrimaturik, berriz, Arabako Zulueta klanaren etxe horixka (5) bat topatuko dugu antzinako gerra-kanoi bitxiez inguraturik. Pedro Juan Zulueta bizi izan zen bertan, Cádizen bezala Londresen zituen banku-negozioekin esklabo trafikatzaileen kapitalak kudeatzen abila, besteren artean Kubara 800.000 esklabo eraman omen zituen Agustín Sánchez Ríansareseko dukearen –Maria Cristina Borboikoaren senarra– diruak maneiatzen zituen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
2024-10-09
Oroimen historikoa
Memoria gara

Awarei izarrak lapurtu zizkieten

Tijarafe (Kanariar Uharteak), XIV. mendearen erdialdea. Lehen monje katolikoak La Palma uharteko inguru horretara iritsi zirenean, ikusi zuten awarek, bertako aborigenek, Eguzkia, Ilargia eta izarrak gurtzen zituztela.

Eta azken urteetan Tijarafen egindako kanpaina... [+]


Emakume mochica nabarmen bat

Peru iparraldeko  kostaldean, Pañamarca aztarnategian, mochica kulturako (K.a. 330- K.o. 800) tronu areto bat aurkitu berri dute. Arkitektura ikusgarriagatik, iruditeria erlijioso zabalagatik eta xehetasunez betetako hormairudi koloretsuengatik ezaguna da kultura... [+]


Pakito Arriaran eta ‘Korta’

Ez dakit elkar ezagutu zuten Lapurdin. Enrique Gómez Korta 1979ko ekainaren 25ean hil zuen Batallón Vasco Español-ek Baionan. Pakito Arriaranek 1978ko azaroan ihes egin zuen Iparraldera eta urtebete eman zuen bertan, atentatuak saihestu aldera Venezuelara... [+]


Euskal Herriko Trikitixa Elkartea
Biziraupenetik kolektibora, transmisioaren soinua

Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen mende erdiko historia laburbiltzen duen liburua aurkeztuko dute larunbatean Azpeitian, Euskal Herriko Trikitixa Elkartea. 50 urte eta gehiago izenburupean, Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak egina. 2022an egin zituen elkarteak urrezko... [+]


Airbnb eta Bookingek ostatua eskaintzen dute palestinarrei kendutako lurretan
Ehunka etxe, hotel edo apartamentu dituzte Israelek Palestinan okupatutako lurretan. Nazio Batuen Erakundeari entzungor egiten diote.

2024-10-08 | Mikel Aramendi
Norenak ote dira munduaren akabuko uharteak?

Gurutzegramen zaletuek –eta beste inork gutxik– ezagutu ohi dute Txagos uhartediaren izena. Irla haietan handiena, Diego Garcia, aipatzen bada, gehixeago izango ginateke aditzera dugunak: ospea –ez batere gozoa– lortu du bertan dagoen base militar... [+]


Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garcia
“Harrotasun antifaxista, esker ona, poztasuna, amorrua… sentsazio gazi gozoak bizi ditugu prozesu honen amaieran”

Segundo Hernandez preso anarkistaren senide Lander Garciak hunkituta hitz egin du, Ezkabatik ihes egindako gasteiztarraren gorpuzkinak jasotzerako orduan. Nafarroako Gobernuak egindako urratsa eskertuta, hamarkada luzetan pairatutako isiltasuna salatu du ekitaldian.


Memoria gara

Historiak laguntzen digu ulertzen zer gertatu zen, baina baita gaur egun zer garen ulertzen ere. Nola ulertu gaur egungo mundua AEBetako sorrera eta Frantziako Iraultzaren sorrera ezagutu gabe? Nola ulertu gaur egungo Mendebaldeko hegemonia azken bost mendeetako kolonialismo... [+]


2024-10-02 | Cira Crespo
Euskaldunen eraztuna

Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


2024-10-01 | Euskal Irratiak
Miren Barandiaran
“Historia ofizialetik at gelditu den material asko dugu Lazkaoko artxibategian”

Euskal Herriko azken 50 hamarkadetako historia soziopolitikoa eta kulturala ezagutzeko erreferente da Lazkaoko Beneditarren dokumentazio funtsa. Funtsak orotariko afixa eta pegatinez gain, euskal mugimendu politikoei edota euskal gaiei buruzko ehunka artxibo gordetzen ditu.


Eguneraketa berriak daude