Bakardadearen arazoari erantzun kolektiboak eman nahian dabilen mendiartea

  • Urepele, Aldude eta Banka herriak batzen dituen Aldudeko ibarra bizirik eta airoski bizirik atxikitzeko asmoz dabil lanean AIBA Aldudeko Ibarra Beti Aitzina elkartea. Solastatzeko dorpea izan daitekeen gai bat mahai gaineratu du aldi honetan, urriko bigarren asteburuan eginen dituzten Aldudeko ibarreko ate irekitzeen kari: bakardadea. Hitzordua jarri dute urriaren 10erako, Aldudeko Alfaroenea ostatuan, ahal bezain bat herritar bildu eta azken hilabeteetan eramandako gogoeta borobiltzeko xedez.

AIBA elkartearen bilkura bat. Argazkia: AIBA
AIBA elkartearen bilkura bat. Argazkia: AIBA

Bere enpresa, etxalde, elkarte eta ostatuekin, haran dinamikoa izaten segitzen du Aldudekoak. 300 herritar inguruko Urepele, Aldude eta Banka herriak baturik dira mendi artean, eta urriaren 10etik 13ra ukanen dituzte bi urtero antolatzen dituzten ibarreko ate irekitzeak. Besta giroan pasako diren egun horiek gai sakon eta serioez solastatzeko ere baliatu ohi ditu AIBA elkarteak. 2016an sortu zuten hainbat herritarrek elkartea, herrian bizitzeko aukerei eta trabei buruz taldean gogoetatzeko xedez. Aurtengoan, bakardadearen gaia hautatu dute, eta dozena bat lagun dabiltza hausnarrean. "Urrundurik diren ibarrentzat bada serioski hartu beharreko gai bat", dio elkartearen dinamizatzaile Pascal Darrieumerlouk. Bistan da, bakardadeaz galdetzerakoan kontrajarriak izan daitezken hainbat ideia atera zaizkie: "Jende bat bakarrik bizi daiteke, baina ez bakarrik sentitu; beste bat jendez inguratua izan daiteke baina bakarrik sentitu… Ideien ala nortasunaren aldetik sentitu zaitezke bakarrik, edo herriaren bihotzetik urrun bizi zirelako", dio elkarteko Danielle Hirigaray aldudarrak. Ondoan du Pantxo, senarra, ideiari tiraka ondokoa gehitu diona: "Bakardadearen alde negatiboek eraman gintuzten gai horri buruz gogoetatzera, baina azkenean, bi aldeak ikusten dizkiogu, ez du bakarrik txarretik bakardadeak". Gainera, gai berari begira jarri eta batak kalteak ikusi ditzake eta besteak abantailak. Demagun, sare sozialez aritzerakoan "belaunaldien arteko talka" gertatu izana aipatu du Darrieumerlouk: garai bateko harremantzeko bideez nostalgiko diren aitzineko belaunaldien, eta alderantziz, sare sozialak bakardadetik ateratzeko eta harremantzeko bide gisa dauzkaten gazteagoen artean. Bakardadearekin batera, transmisioaren gaia ere jorratu nahi izan dute, azkenean, eskuz esku doazen bi gai direlako.

Pertsonen arteko harremanaz aparte, geografiak ere bihurtzen du gaia zentzudun. Mendi artean, Baigorritik kasik hogei kilometrotara dugu Urepele, geldi-geldian mendirantz gora eginez, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea bereizten dituen mugara arte. Baina kokapenari dagokionez, puntaren puntan izatearen sentsazioa ez da beti hainbeste sentitu. Begirada aldatu da: berriki arte Nafarroa Garaiko herriekilako harremanak ohikoagoak zituzten. Hizkuntzak –euskarak– ere egiten zuen harremana bazela Sorogainen beste aldeko auriztar, eugitar ala zubiriarrekin. Baina gazteen artean frantsesak euskarari lekua harturik harreman natural hori ere galdu dute.

Horretaz guziaz hausnartzen aritu dira azken hilabeteetan, eta gazte zein zahar, dozena bat herritarren lekukotasunak bildurik, gogoeta zabalduko diete guziei, urriaren 10ean, Aldudeko Alfaroenea ostatuan jarrita hitzordua –Kanaldude herri telebistan ikusgai izanen dena–.

Argi dena da Aldudeko ibarrak aldaketa handiak bizi dituela: nahiz eta azken urteetan berriz doi bat gora doan, populazioa azkarki ttipitu da –herrika 400 bat ziren 2000 urtean eta 500 inguru 1975 urtean– eta diren horiek elkartzeko aukera gutiago dituzte: etxaldeko lanak aitzina eramateko auzolan gutiago, zer erranik ez eliza izandako elkargunearen husteaz, baina, azkenean, sinpleki, elgar gurutzatu eta egoteko ohitura bera da galtzen ari. Baina etengabeko biziberritzean denez jendartea, harreman-gune batzuk galdu eta beste batzuk agertzen dira. Hor dute adibidez, Urepele erdian eraikitako haurrentzako joko-parkea, hain justu, umeak eta gurasoak juntatzeko gisan pentsatua izan dena. Hor dute ere Alfaroeneak proposatzen duen agenda kultural aberatsa, Alduden. Eta, azkenik, hor dute Bankako Tunio etxebizitza proiektua, ordura arte plazatik urrun bizi ziren adindunei herriaren bihotzean apartamenduak proposatzera datorren egitasmo berritzailea. Baina bakardadea arintzeko bide gehiago atzeman nahian segitzen dute. Bakarturiko etxeetan direnentzat, taxiaren funtzioa beteko lukeen garraio zerbitzu baten ideia mahai gainean dute, adibidez.

Mugikortasunarentzat bezala, oro har, zerbitzuak eskuragarri izatean dute ibarran bizia atxikitzeko gakoa. Ogiaren banaketa etxez etxe egiten duen okina badute, arrain saltzailea heldu zaie astean behin eta supermerkatu ttipi batek ere irekirik segitzen du… hots, beste haran batzuei konparatuz, nahiko ontsa hornituak dira. Zerbitzuei dagokionez, erizainak ibilki dira etxez etxe eta posta ere irekia dute oraingoz –"Hari piru batek dauka posta irekirik", dio hala ere Pantxok, 2019an zerbitzuaren hestearen kontra borrokatu behar izana gogoan–. "Egun guzietako borroka da, hautetsi gisa erne egon behar zara beti, ez ditzaten zerbitzuak hetsi eta gainera, egitasmo berriak proposatu behar dituzu", dio Urepeleko auzapeza den Xole Airek. Produktibitatearen ikuspegitik ez bada ere emankorrena, baserri munduaren bizigarritasunarentzat ezinbestekoa delako zerbitzu publikoen bermea.

Instituzioen laguntza ezinbestekoa du AIBAk, nagusiki aterabideen gauzapenerako. Elkarlan hori interesgarria zaio Aireri: "Kolaborazio hori beharrik hor dugula. Bi zentzutara doa, edo AIBAtik ideiak ateratzen dira eta herriko etxeak hor dira gauzapenean laguntzeko, edo herriko etxeek gai bat landu nahi dute eta AIBAk bideraturiko solasaldietan ateratzen dira ideiak".

Herriko etxeekin elkarlanean

Etxe hutsei buruz 2016an AIBAk abiaturiko gogoeta dugu segur aski horren froga argiena. Hiru herrietako 570 etxeetatik 103 dira hutsak (eta beste ehun bigarren etxebizitza ala turismora bideraturik). Arazoa da etxe alimaleak direla, eta arraberritzeak sekulako kostua suposatzen duela. "Gazteek nahi dute herrian gelditu. Etxe hutsak alde batetik, etxebizitza bilaketan dabilen gazte belaunaldia beste aldetik. Horri buruz gogoetatu beharra dugu, hiru helbururi segi: lekuko ondareari balioa ematea, bilakaera demografikoa behekoz gora jartzea eta etxebizitza eskaintza segurtatzea", zioen garaian  AIBAko Maika Alfarok. Departamendu mailako Arkitektu, Hirigintza eta Ingurumen Kontseiluarekin eramandako lanketaren ondotik, hiru herriko etxeekin, Euskal Hirigune Elkargoarekin eta EPFL Lurraren Erakunde Publikoarekin elkarlanean hamabi etxeren ikerketa arkitekturala egin zuten, eta gaur egun herriko etxeek bultzaturiko hainbat arraberritze proiektu dira bidean.

2012an buruturiko Aldude 2030 gogoeta dute guziaren oinarrian, izenak dioen gisara, soa ordutik hogei urtera jarri eta mendiarte bizi bat irudikatzeko ariketa izan zena. 60 problematika inguru zerrendatu zituzten, tartean, etxe hutsena edo bakardadearena. Ongi oroit du hausnarketa hura Airek, eta “bihurgune” gisa dauka. Sozialki ateratako ideiek inarrosi zuten: "Sozialki, beranta handia genuen. Tabu diren hainbat gai atera ziren: bakardadea, prekaritatea, alkoholismoa, homosexualitatea, bertzearen begiradaren pisua...". Ez dira gai arinak, baina elkartu, tabuak gainditu eta taldean hitz eginez arinagoa daukate pisua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aldude
2022-08-02 | Euskal Irratiak
Ur edangarria ez xahutzeko neurriak hartu dituzte Euskal Herriko hemeretzi herritan

Horien artean da Armendaritze, eta ondorioz, baratze eta landare ureztatzea bakarrik arratseko 20:00 orenetarik goiti egin beharko dira, eta auto garbiketak edo pizina betetzeak debekatuak izanen dira.


Dei Auzitegiak arrazoi eman dio CLPB Euskal Herriko Esne Kooperatibari

Axima Refrigeration enpresaren kontrako salaketa jarri zuen CLPB Euskal Herriko Esne Kooperatibak, Aldudeko Gasnategia gaizki eraiki izanagatik. Arrazoi eman die auzitegiak laborariei, eta milioi bat euro ordaindu beharko die enpresak. Kalte immaterialen atala, haatik, Baionako... [+]


Dom Campistron. Bekatorosa plazerez
“LGTBQ+ nortasunak marrazten ditut, jendeak gero nahi edo ahal duena ikusten du”

Bere Aldudeko estudioan hartu gaitu Campistronek. Elizaren eraikinean bertan du lantokia, horma hormaren kontra, eta meza garaian bertan balego bezala entzuten omen ditu fededunen kantuak eta apezaren hizketaldiak. Bere murruetan, ordea, kolore paletak eta emazteen irudiak ageri... [+]


2020-06-28 | ARGIA
Alduden Pierre Santxotena hautatu dute auzapez

 Bigarren itzuliaren ostean herriko etxea Pierre Suquilibideren zerrendako hamaika hautagaiek osatuko dute.


2017-12-15 | Euskal Irratiak
“Aldudeko ibarrean diren etxe hutsekin zerbait egin behar da”

Aldudeko ibarrean kasik 220 etxe badira hutsik, orotarat 580 etxetik. Aldudeko Ibarra Beti Aintzina elkarteak azterketa bat egin du bi urtez, etxe horietaz, eta aste honetan lehen emaitzak agertu dituzte.

 


Sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


Marijane Minaberri, sortzaile ahantziari omen

Ekainaren 11n, Alduden,  Marijane Minaberri idazle eta sortzaile bankarrari omenaldia egin zioten Adur Euskara Elkarteak eta Sareinak taldeak.


2017-06-02 | ARGIA
Marijane Minaberri idazlea omenduko dute Alduden

Otsailaren 23an hil zen 90 urterekin Minaberri sortzaile eta hezitzaile bankarra. Sareinak taldeak eta Adur euskara elkarteak eskainiko diote omenaldia ekainaren 11n.


2015-05-19 | Laborari
Eztitxu Sabarots, fruitu ekoizle Alduden
“Galde azkarra bada fruitu freskoetan, eta lan handia bada egiteko horri buruz”

Eztitxu Sabarotsek fruitu txikiak ekoizten ditu Aldudeko (Nafarroa Beherea) Alastainia etxaldean. Transformatu egiten du bere produkzio osoa eta "Mamiño" markarekin saltzen zuzenean. Eskaintza zabaltzearren, fruituen barietateak eta horiekin egin produktuak... [+]


Eguneraketa berriak daude