Ordenagailuaren aurrean orduak ematen zituen gazte horietako bat izan nintzen. Internet bidez munduko beste pertsona eta kultura batzuen pentsamendua, musika eta ikus-entzunezkoak aurkitu zituena. Garai haietan ez zen hain ohikoa Internetera konektaturiko gailu bat izatea, eta pantailaren aurrean egoten ginen, batez ere konexioa zaintzen, zeren familiakoren batek telefonoz deitzen bazuen, agur orduetako deskargari abesti berri bat entzuteko. Gainera, gurasoek ordu batzuetan baino ez ziguten konektatzea baimentzen, ostera telefonora ezin zuen inork deitu.
Denbora muga hori izanda, kuadrilarekin hitz egiteko webgunetxo bat sortu nuen: sutan zegoen lapiko baten gif baten inguruan pertsona bakoitzak tabloitxo bat zuen eta hor mezuak utzi ahal genizkion elkarri. Beharrak irudimena pizten du. Gazteak gaur antzera dabiltza, baina ez dituzte guk genituen muga teknikoak. Alderantziz, sistema osoak pantaila aurreko presentzia sustatzen du. Pertsonon arreta eta jokabideen datuen analisia baitira Internet sostengatzen duten enpresa handien negozio ereduaren oinarria. Belaunaldi bakoitzak bere erronkak ditu; gure gazteen kasuan, zelataritzaren kapitalismoak gure herrien etorkizuna bideratzeko gaitasuna mugatzea. Eta gizartea antolatzen ari da: Altxa Burua taldea kezkatuta dago mugikorren aurrean ematen dugun denborarekin, eta Hezkuntzan Librezale arduratuta dago gazteak hainbeste erakartzen dituen mugikorretako logika bera ikastetxe askotako gailu eta hodeietan ezarri delako. Pixkanaka, bi mugimenduak gauzak lortzen doaz, hezkuntza komunitatean mezua zabaltzen eta konponbideak bilatzeko bideak ereiten, hala nola mugikorrak ikastetxeetan debekatzea eta ikasleen eskubide digitalak babestuko dituen hezkuntzarako baliabideak sortzea (Iradi prototipoa).
Internet 1989an sortu zen, gauza asko aldatu ditu oso denbora gutxian, eta eraldatuko ditu. Orain dugunari zelan aurre egin ikasten gabiltza, bizitza on baterako aproposagoa izango den eredu digital bat eraikitze aldera. Ikasketa hau ere gazteei transmititu behar diegu, etorriko denari aurre egiteko gaitasuna eskuratu dezaten.