Lotsa ahitzen ari ote zaigu? Horixe da egungo hainbat autoreren diagnostikoa. Ez da existitzen, jada, lotsarazi ahal gaituen begiradarik? Bestelakoa zen Jean-Paul Sartrek, 1943an, lotsaren inguruan deskribatutakoa: sarrailaren beste aldean, begia giltzaren zirrikituan itsatsita, pertsona bat begira harrapatu dute, eta lotsa sentitzen du. Egungo pantailetan, aldiz, begira dagoena harrapatuz gero, berarekin batera begiratzeko gonbidapena jasoko dugu: “Hara! Eseri eta ikusi bideoa nirekin!”. Kultura pornografiko orokor batean bizi garela entzun ohi dugu, dena garden, gordin eta lotsagabe erakustea omen da gakoa.
Konplexurik ez! Living your life. Badirudi ahulen kontua baino ez dela lotsatzea, galtzaileen gauza. Beste garai batzuetan, aldiz, ez da egon lotsari buruzko ikuspegi gutxiesgarririk. Egun, ordea, lotsa izatea estigma sozial bilakatu da. Indibidualismoaren inguruko leloarekin lotu daiteke joera hori? Nola liteke lotsak gure askatasun pertsonalari horrelako mugak jartzea?
Badirudi ahulen kontua baino ez dela lotsatzea, galtzaileen gauza. Beste garai batzuetan, aldiz, ez da egon lotsari buruzko ikuspegi gutxiesgarririk
Eskolan, komunikabideetan edota pertsonen arteko harremanetan, lotsaren aurkako aholku psikologiko asko entzun daitezke, coach-en estiloan. Bizi zaitez axolagabe, besteek zer esango duten beldur izan gabe, nahiz eta esango dutena arrazoizkoa izan daitekeen; ez isildu zure iritzirik, astakeria izan arren. Utz diezaiegun buruari eta ahoari libre izaten. Errege bakarra existitu behar da: Nia. Lotsagarriena lotsatuta egotea da. Errudun sentitu zaitez lotsatzen bazara. Izan ere, hori da errudun sentitzeko motibo bakarra: bizitzaz, lotsaren erruz, behar beste ez gozatzea.
Agian, egun, ez da hain erraza lotsaz hiltzea, ados. Ohorea ez da egungo ideala eta ez dut uste ohorearen balio soziala berreskuratzea denik bidea –hori zen jendea erreputazioagatik lotsarazteko antzinako modua–. Baina zein izan da lotsaren bira neoliberala? Lotsa ezabatzea eta kontsumitzaile moduan lotsagabe disfrutatzen ari garela erakustea?
Lotsa iraultzailea da: horixe dugu Frédéric Gros-en liburu baten izenburua. Moralistegia al da diskurtso hori? Ez nuke letra larriz jarriko; hori ere, agian, gehiegi esatea da. Baina, moduren batean, elkarbizitza eta lotsa batera doazela uste dut. Besteen begiradaren aurrean lotsagarri agertzeak gure jokabide batzuei mugak jarri diezazkioke eta harremantzeko modu duinago baten alde egin. Agian ez da hain txarra komunitateak auzo-lotsa apur bat eragitea gugan. Eta, zorionez, asko ahalegintzen bagara ere coach berriei kasu egiten, agian ezinezkoa da lotsa erabat ezabatzea.