"Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?”. Izenburu asaldagarria du Kike Amonarrizek prentsan berrikitan argitaratu duen artikuluak. Euskal Herrian baino lehenago, galdera halakotsua egin dute Katalunian. Joan M. Serraren L’ús parlat del català en un tombant decisiu (Katalanaren ahozko erabilera bihurgune erabakigarrian) liburuaren irakurketak zer gogoeta piztu dizkion partekatu nahi izan du gurekin soziolinguista tolosar erneak.
Euskaltzaletasunak inbidiaz begiratu izan dio beti Kataluniari. Ez dugu hemen hango indar eta bultzadaren erdia ikusi, ez herritarrengan ez erakundeetan, bertako hizkuntzaren alde. Han ere ibiliko ziren zakurrak oinutsik, baina literaturan nahiz hedabideetan, administrazioan nahiz eguneroko jardun arruntenetan, aitzindari, eredu eta bide-erakusle izan ditugu azken hamarkadetan katalanak.
Alabaina, katalanaren biziraupenari buruzko kezka areagotu da hondar urteetan. Procés-aren zirimolek badute noski ikusteko ezkortasun horrekin. Independentzia berehalakoarekin mintzaira behin betiko salbu ikusiko zutelakoan ari ziren, bertzeak bertze, katalan abertzaleak estatu berriaren alde. Haien ametsa ez da gauzatu, eta gainera, iduri du atzarri zaiela hainbertze urteetan Katalunian gordean egon den mamu gaztelaniaduna. Espainola harro eta ozen aditzen da orain lehenago aho azpiz erabiltzen zen eremuetan.
Espainiako Estatistikaren Institutu Nazionalak dioenez, estatuko hizkuntza koofizialen artean euskara da hiztunak irabazten ari den bakarra
Nik testuinguru horretan kokatuko nuke Serraren liburua, Amonarrizek hizpide hartu duena. Haren arabera, katalana, lehen aldiz historian, minoritario bilakatu da bere lurraldean. Higaduraren eragileak ezagunak ditugu gurean ere: estatuen eta hainbat aginte-erakunderen jazarpena edo bultzada eza, hiztunen utzikeria, aldaketa soziodemografikoak (jaiotze-tasaren jaitsiera eta hiztunen zahartzea), etorkinen kopuru handia eta gazte aunitzen jarrera, gaztelaniaren aldekoa.
Horiek guztiak kontuan, Serrak aurrera-begirako bat aurkeztu du bere liburuan. Hara, gaurko dinamikan, egiazko katalan hiztunen kopurua ez litzateke %25 baino handiagoa izanen 2075ean, hau da, egungoen erdia. Soil-soilik “neurri egokiak hartuz gero” lortuko litzateke oraingo hiztun errealen zenbakiari eustea (%40-45). Gerta liteke, hala ere, egoera makurtzea, eta horren ondorioz, talde marjinal bilakatzea, %10-15era beheititurik.
Beldur pixka bat ematen du. Serrak Amonarriz zubi dela “talde marjinala” izendatzeko erabiltzen duen ehunekoa ez dabil urrun euskararen egungo hiztun errealen kopurutik.
Hain gaizki gaude? Ez dakit. Espainiako Estatistikaren Institutu Nazionalak dioenez, estatuko hizkuntza koofizialen artean euskara da hiztunak irabazten ari den bakarra, bai hiru probintzietan bai Nafarroan. Ikerketa iazkoa da, baina, auskalo zergatik, oharkabean joan zen gurean. Agian gure zakurrak ez dabiltza hain oinutsik.