Euskal Herriko lekuen izenen frantsestearen arazoa ez da bakarrik seinale paneletan hizkuntza ez kontutan hartzearengatik izaten, duela zenbait urte hartu helbideratzeari buruzko erabaki baten gauzatzearen ondorioa ere bada.
Azal dezagun, administrazioko hainbat arlo sinplifikatzeko eta eraginkor egiteko hartu lege bidezko erabakiak (Parisko poderearen eta administrazioaren deszentralizazioa bideratu behar lukeenak eta bide beretik erabiltzaileen bizia sinplifikatu) helbide sistema aldatu eta bateratu du. Hainbat herritan karriken izenak, etxeenak eta bestelako lekuenak, helbide ofizialetan ez dira gehiago lehen bezala agertzen, baizik eta molde sinplifikatu eta uniformizatuan, munduko beste edozein hiri handitako helbideen gisan. Hots, gure eskualdeetako frantseste prozesua azkartu du gisa batez.
Izan ere, azken urteetako lana da helbideen harmonizatzearena, zehaztearena eta berregitearena. Horiek horrela, gure herri handi eta (batez ere) tipietako etxeen helbideak eta karriken izenak moldatuak izan dira. Behar zen karrika guztiei izen bat eman eta helbide bakoitzari zenbaki bat.
Horren ondorioz, betiko etxeen izenak zenbaki bihurtu dira eta karriken izenak norabide soil baten adierazle.
Frantses administrazioaren eskutik, hizkuntza gutxituetako toponimiak etengabe egin du atzera azken hamarkadetan. Izan dadin euskal izenen kasuan, izan dadin beste hizkuntza gutxituenean. Nahiz eta, garai batez, hainbat indar eginak izan ziren leku izen zaharren biltzeko eta integratzeko mapetan.
Gure toponimiak gure erroen eta euskal herritar gisa lotzen gaituenaren lekuko dira. Agian, horregatik dute batzuek desagertzea nahi
Gainera, hirigintza lasterrak, soroetan lotizazioak sortzera garamatza. Nehori, edo kasik nehori ere, ez zaio bururatzen lotizazio berri horietan euskarazko edo beste bertako hizkuntzetako izenak jartzea.
Alde onak baldin badira ere, adibidez postarien, suhiltzaileen, zergalarien eta besteren lana errazten baitu, badu alde izigarri penagarria, ez baitu batere kontutan hartzen lekuen izen historikoa. Zenbakiek eta toponimo bitxiek hartzen dute euskarazko baserri izen zaharren lekua, eta horiek helbide ofizialetatik ia desagertzen ari dira. Euskal Herria ez da erabaki horren ondorioak pairatzen dituen lurralde bakarra. Bretainian ere, Koun Breizh elkarteak arazo bera mahaigaineratu du berriki, baita Gaskoiniako, Korsikako edota Alsaziako biztanleek ere.
Helbidea aldatzeko betebeharrari buru eginez, misioa, milaka euro batzuen truke, gure hizkuntza kontsiderazioekin zer eginik ez duen administrazioaren eta postaren esku uzten da lekuen identifikazioa. Eta erabiltzaileek ordaintzen dute gaur egun beren lurraldeko berezkotasuna xuritzeko!
Bestalde, gure toponimian eragin kalteak irakurri beharko dira, zentzu gutxiko izenez gain, helbideratze bitxi batzuk ikusi beharko baitira. Adibidez Le chemin d’Arrangoitzeko bide.
Gure toponimiak gure erroen eta euskal herritar gisa lotzen gaituenaren lekuko dira. Agian, horregatik dute batzuek desagertzea nahi.
Hizkuntza larrialdi larriaz gain, Unescok uste du gure toponimiak parte hartzen duela gizateriaren kultur ondare immaterialean, eta botere publikoei eskatzen die babes dezaten. Debaldetan.
Errekonozimendu sinboliko horrek gure hizkuntzari zor zaion begirunea indartzen lagunduko luke, gehiegitan falta baita.
Alde egiten ez denean, ezabatzen denean, kontra egiten da. Gure historiaren eta gure hiztun ibilbidearen inflexio puntu batean gaude, maila bat baino gehiagotan.