Domeka euritsu honetan, arduraz bizi dugu munduan dauden gatazka askotarikoak direla ezinegonean bizi diren pertsonen zoria. Urrunetik, badirudi boterera jokatzen duen hainbat agintariren eskuetatik ezin garela askatu. Beti bere burua babestu behar duen susmoarekin bizi da gizaki asko munduan. Beharbada, hori da zenbait botere ereduren azken helburua, klase xumeetan ezinegona landatzea.
Aspaldi, egun hauetan Libanon gertatzen ari dena hobeto ulertzen lagundu didan hitzaldi batean izan nintzen. Gisa Elkarteko Maider Likonak gazteei zuzendutako hitzaldia zen. Antenekin zein Internet bidezko datuekin, gailuen bidez, batez ere mugikor adimentsuen bidez, pertsonen kokalekua ezagutzeko erabiltzen den teknologia azaldu eta erakutsi zigun. Zientzia fikzioa iruditzen zitzaien gazteei, baina txundituta geratu ziren Maiderrek euren gailuak kokatzen zituenean, euren informaziorik izan gabe. Hitzaldi horretan ulertu nuen mugikorrek bi bideko komunikazioa egiten dutela inguruan dauden antenekin, antena eta mugikorra elkarrizketa batean baleude bezala, eta horrek dakarrela modu zehatzean gailuak triangulatzeko aukera.
Agian horregatik, Mossad Israelen kanpo inteligentzia-agentziak teknologien inguruan duen ezagutza handia ikusita, Libanoko Hezbollah-ko agintariek erabaki zuten euren artean modu seguruagoan komunikatzeko alternatiba bat bilatzea. Hala, beeperrak eta antzeko teknologia duten gailuak erabiltzen hasi ziren, gailu horiek bide bateko seinalea egiten baitute, eta baliteke ere sare propio bat sortu izana, triangulazioa zailduz. Baina gaiztoa izateko ere irudimena behar da, eta komunikabide ugaritan ikusi, entzun eta irakurri dudanez, gailuak aurretik manipulatuak izan ziren leherkariak baterietan txertatuz, eta horiek eztanda egiteko agindua zelan eman den oraindik ez da argitu. Gailuen bateriak lehergai bilakatu badaitezke, zelan eragingo dio horrek gure bizitzetan darabiltzagun gailuei? Ziur nago aldaketak etorriko direla.