Eraitsi, adieraberritu edo historia museo bihurtu

  • Iruñerrian, eta Nafarroan orohar, une honetan memoria historikoaz hitz eginez gero, mahai-gainera indarrez aterako da Iruñeko Erorien Monumentuaren afera. Eraikina 1942an eraiki zen Francoren alde altxatutako hildakoei gorazarre egiteko. Elkarte memorialista gehienek monumentua eraistea eskatu dute, haien ustez hura zutik mantentzea 1936ko Gerran frankistek hildako biktimei irain iraunkorra egitea delako. Beste batzuen aburuz, tokiari beste esanahi bat eman beharko litzaioke, beti ere memoria historiko kritikotik abiatuta eta pentsamolde faxisten aurkako tresna gisa baliatzeko.

    Artikulu eta informazio ugari atera dira hedabideetara, gehienak eraikina bota ala mantendu eta beste esanahi bat ematearen aldekoak; tokia adieraberritu beharraz mintzo dira azken horiek. Iruñeko Udala da monumentuaren jabea, Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikuak 1997an haren eskuetan utzi zuenetik. Joseba Asiron Iruñeko alkateak legealdi honetan prozesu parte-hartzailea bultzatzeko asmoa iragarri izan du, baina oraindik ez dago bide zehatzik finkatuta. Gaiaz hitz egiteko bildu dugu ondoko laukotea: bi mahaikide monumentua eraistearen aldekoak dira, beste bi aurkakoak. Argudio sendoak dira bi aldeetan, eta ondoko orrialdeetan irakurleak topatuko ditu gai konplexu honen aurrean hobeto kokatzeko ideia mamitsuak.

Iragan apirilean Nafarroako 31 talde memorialista bildu ziren Iruñeko Erorien Monumentuan eta eskatu zuten berau eraustea. (Argazkia: Iñigo Uriz / Foku)
Iragan apirilean Nafarroako 31 talde memorialista bildu ziren Iruñeko Erorien Monumentuan eta eskatu zuten berau eraustea. (Argazkia: Iñigo Uriz / Foku)
Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

ASUN LARRETA AYESA. Iruñean jaioa, 1959an. 1936ko uztailean frankistek hil zuten maisu baten biloba da, eta errepublika, demokrazia eta berdintasuna defendatzeagatik Frankismoaren muturreko indarkeria jasan zutenen alaba eta iloba. Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea D ereduko eskola publikoan. Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleekin egin zuen lan 2019an erretiroa hartu arte.
2002az geroztik, mugimendu memorialistan aktiboki parte hartzen du Nafarroako eta Errioxako hainbat elkartetan. Azken urteotan, belaunaldi gazteei ikastetxeetan hitzaldiak ematen kolaboratzen du. Juan Larreta Larrea, El compromiso personal y familiar de un maestro represaliado (1881-1936-2023) liburuaren egilea da (Pamiela, 2023).

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

AMAIA LERGA. Tafallan jaioa, 1986an. AFFNA36, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteko presidentea da azken bost urteetan. Nafarroako Eskola Publikoko Haur Hezkuntzako irakasle lanetan dihardu. 1936an frankistek bere birraitona hil zuten, Modesto Manuel Azkona Garaikoetxea, Arabako Unión Republicanako diputatua zela.
Elkartearen lanen artean, Hitz egin dezagun hitzaldia ematen ari  da gaur egun. Oraindik senideen bila ari direnei bilaketa lanean laguntzen die elkarteak, eta biktimen erreparazio moralerako dokumentazioa lortzen ere bai. Besteak beste, Iruñean edo beste hainbat herritan ikusten diren lurreko plakak jartzen dituzte.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

FERNANDO MENDIOLA. Santurtzin jaioa, 1966an. Historia ikasi zuen Deustun eta Salamancan, eta historia garaikidean espezializatu zen. Ikasketak amaituta Iruñera joan zen bizitzera. Intsumisoa izateagatik urte eta erdi eman zuen espetxean. 2008ra arte bigarren hezkuntzan aritu zen historia irakasle eta 2016tik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Caídos Irauli kolektiboko kidea da.
Inmigración, familia y empleo: estrategias familiares en los inicios de la industrialización, Pamplona 1890-1930 izenburua duen doktorego tesia egin eta 2002an argitaratu zuen. Memoriaren bideak kolektiboko kidea da eta Esclavos del Franquismo en el Pirineo liburua argitaratu zuen 2006an, Edurne Beaumontekin batera.

Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA

FERNANDO MIKELARENA. Beran jaioa, 1962an. Zaragozako Unibertsitateko Historia irakaslea da. Ehun artikulutik gora idatzi ditu historiako hainbat alorri buruzkoak, hala nola biztanleriaren edota nekazaritzaren historiaz. Bere gai zabalduenak, dena den, 1936ko Gerra eta hartan faxistek eta karlistek Nafarroan eragin zuten errepresioa dira.
Sin Piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores liburu ezagunaren egilea da (Pamiela, 2015), non zorroztasun handiz, borreroen izen-abizen ugari aipatuta, aztertzen den gerra garaiko errepresioa. Beste egile batzuekin batera honako liburuak egin ditu: Historia del navarrismo (1841-1936). Sus relaciones con el vasquismo (NUP, 2002) eta Sartaguda 1936. El Pueblo de las Viudas (Pamiela, Udalbide eta Euskal Kultur Elkargoa, 2008). 

 

Ezkerretik eskuinera, Fernando Mikelarena, Amaia Lerga, Fernando Mendiola eta Asun Larreta. (Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA)

Erorien monumentuaren gaian bete-betean sartu aurretik, azter dezagun apur bat oroimen historikoaren alorra Nafarroan. Joan den mendearen amaieran, eta bereziki honen hasieran, asko hitz egin eta aurreratu baita oroimen historikoan. Nola gaude gaur egun? Egiten ari dena egokia da? Nola jarraitu behar da?
ASUN LARRETA: Nafarroan memoriaren inguruko gaietan aitzindariak izan gara estatu mailan, deshobiratze goiztiarren garaietatik eta gaur egun arte. Biktimentzat eta haien ondorengoentzat egia, onarpena, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak dira memoria historikoaren helburu nagusiak. Egiteke asko dagoen arren, aitorpenaren eremuan elkarte memorialistek erakundeekin lankidetzan egindako lana oso emaitza garrantzitsuak ematen ari da: indusketak, DNA bankuaren identifikazioak, omenaldiak, ikerketan NUPeko Fondo Dokumentala, Oroibidea bilatzailea, argitalpenak, azpimarratzekoa da Memoria duten Eskolak hezkuntza-programa… Justizia arloan, aldiz, 1977ko Amnistia Legea eta Sekretu Ofizialen Legea oztopo ditugu, eta ezer gutxi aurreratu da. Kereilak Argentinan edo Europako auzitegietan daude.

Arreta jarri nahi nuke ez errepikatzeko bermeetan, herritarrei helarazi behar baitzaie Frankismoaren biktima gizarte osoa izan zela, eta azaldu estatu kolpea zergatik eman zen. Eta zergatik izan zen? Giza aurrerapenak jasan ezin zituztelako, eta horretarako pertsonen borondatea menderatua eduki behar zutelako. Jendartea ondo informatuta badago, etorkizunean mezu neofrankistak prebenitu ahal izango ditu eta haiei aurre egiteko prest egongo da.

Ezer aldatzerik nahi ez dutenek hainbat estrategia erabiltzen dituzte garaietara eta egoeretara egokituak, gizartea menderatzen jarraitzeko eta berdintasunezko gizartea izan ez dadin. Gure tragedian gertatutakoa salatzeak, gogoeta kritikoak, izugarrikeria haiek ez errepikatzen lagunduko dutela uste dut; erronka gizarte osora iristea da.

FERNANDO MENDIOLA: Bai, hemen aitzindariak izan gara gauza askotan, besteak beste hor dira Trantsizio garaiko deshobiratzeak edo 1980ko hamarkadan mugarria izan zen Altaffayllako liburua (Navarra 1936 De la esperanza al terror). Estatuan eta Nafarroan memoria kontuetan egoera nahiko ona dugula uste dut, eta aitzindari izaten jarraitzen dugu. Baina arazoak ere badira, adibidez, inpunitatearena: epaileak oraindik oinarritzen dira Amnistia Legean Frankismoaren garaiko giza eskubideen bortxaketetan justizia bermerik ez emateko. Eta Asunek aipatu duen bezala, egia ezagutzeko bermerik ere ez dago, Sekretu Ofizialen Legea hor dagoelako.

Nafarroara etorrita, hezkuntza mailan aitzindariak gara Memoria Duten Eskolen programarekin. Desobiratzeetan eta biktimen inguruko datu baseetan ere bai: hor ditugu bi funts, bata NUPen, irizpide historiografikoetan oinarrituta eta bestea, Oroibidea, horrekin konektatuta eta hainbat baliabide multimediarekin.

Erronkak? Gazteengana heltzea da bat, elkarteetan eta mobilizazioetan ikusten da hori; badago nolabaiteko haustura. Lortu behar dugu memoria historikoaren gaia erabilgarria izatea gaur egungo arazoen aurrean ere. Dena den, ezin dugu pentsatu memoria edozer sendatzeko botika dela, ikusi besterik ez dago Alemanian gertatzen ari dena, non eskuin muturraren gorakada ematen ari den. Gazarekiko han dagoen sentiberatasun eza ere oso adierazgarria da, kontuan hartuta Alemanian memoria historikoaren oso politika aurreratuak egin direla genozidioaren inguruan.

Monumentua 1942an eraiki zen eta gerraren ondorengo hiriaren egoera ekonomikoa zela eta, Iruñeko Udalak ez omen zuen halakorik eraikitzekogogo handirik, hala ere, presio handiak jaso zituen eta eraiki egin zen.

FERNANDO MIKELARENA: Bai, estatuan eta Nafarroan asko egin da, baina asko dago egiteko. Bi memoria mota daude, ezkerrekoa eta eskuinekoa, eta hemen oraindik eskuineko memoria gailendu da. Orain arte memoria historikoa kudeatu dutenek hutsune garrantzitsua utzi dute: biktimarioa, bai Espainian, baita Nafarroan ere. Nafarroako oroimen-leku guztietan dauden paneletan ez da biktimarioari buruzko ezer aipatzen, abuztuan argitaratu nuen artikulua horri buruz [Valcaldera: memoria incompleta de los lugares de memoria]. Hori ezin da ulertu.

Egin diren memoria legeetan badira hutsune penagarriak, bai monumentuen inguruan, bai politikariak aipatzearekin ere. Historialari ofizialen papera ere aztertu behar da. Egia da Sekretuen Legea eta Amnistia Legea mugak direla, baina horiez gain, bada ere historiografiaren amnistia lege baten gisakoa, zeinak hagitz zaila egiten duen aldizkari akademikoetan hainbat ikerketa argitaratzea.

Nire ustez, Nafarroa ez da memoria kontuetan jarraitzeko moduko adibidea. Aipatu den Altaffayllako liburuan, adibidez, biktimen zerrendak azaldu ziren, baina sarreran, Jose Mari Esparzak argi eta garbi utzi zuen karlistek ez zutela errepresioa bideratu, karlista guztiak frontera joan zirelako. Hori ez da egia. Ez dakit zergatik, gai hori ez du ia inork landu nahi Nafarroan, eta alor horretan ez da gehiegi aurreratu. Uste dut erronka handiena dela erakundeek, gobernuak, udalek eta unibertsitateek onartzea memoria kritikoaren garapena inolako oztoporik jarri gabe.

AMAIA LERGA: Memoria lana hasi zen emakume hark hobian lehen loreak jarri zituenetik, eta jarraitu du hedatzen bai lehen desobiratzeak egin ziren arte edota 2000. urtetik aurrera garatu den memoria mugimendu indartsuarekin. Hortik aurrera, instituzioekiko elkarrizketa jarraitu bat hasi zen, eta horren ondorioz, Nafarroako Legebiltzarrean 2007an memoriaren adierazpen bat onartu zen, 2013an Nafarroako Memoria Historikoa ekarriko zuena.

Lege hori aitzindaria izan zen estatu mailan eta gauza gehienak bete ziren. Alemaniako kontzentrazio esparrutan izandako nafarrei egin beharreko omenaldiak gelditu dira bete gabe. Beraz, legea ia bete da, baina kontuan hartu behar da egia, justizia eta erreparazioari dagokienez, legeak oso hastapeneko garapena aurreikusten duela, eta beraz, Frankismoaren biktimei dagokienez, gehiena egiteko dago. Bulego honetan gaur egun hartzen ditudan hainbat pertsonak oraindik ez dakite ezer ere beren senideei buruz. Eta noiz datoz pertsona horiek hona? Asko memoria ekitaldiak izan ondoren, beraz, ikusten da zein garrantzitsua den horiek egitea.

2016tik aurrera memoriaren instituzionalizazioaren etapan gaude, non instituzioen eta mugimenduen arteko lan oreka hori sortzen ari den. Mugimendua zenbat eta gertuago egon memorian dauden pertsonetatik, orduan eta hobeto zainduko dira biktimen eskubideak.

Erronkak? Asko eta asko. Adibidez, zigorgabetasuna. Eta horren adibide da, esaterako, Erorien Monumentua; isiltasun sozialak oraindik zutik jarraitzen du haren erdian. Legearen alde errazenak bete dira eta orain konplexuenak falta dira, hemen zehaztu den bezala, biktimarioena adibidez. Denbora ere giltzarri da, bestela ez gara helduko biktimen azken belaunaldi horretara, hiltzen ari da eta.

Mahai-ingurua Iruñeko AFFNA36 elkarteko egoitzan egin genuen irailaren hasieran. (Argazkia: Josu Santesteban / ARGIA CC BY-SA)

F. MENDIOLA: Xabier [moderatzaileari zuzenduta], bigarren galderara pasatu aurretik zenbait gaitan derrigorrez erantzun behar diot Mikelarenari. Nik ez nuen asmorik aurreko egunean argitaratu zenuen artikuluan sartzeko, baina orain ere aipatu duzu, eta hartan diozu Nafarroan memoria historikoa kudeatzen duten instituzioak eta NUP etengabe ari direla saihesten korronte negazionistarekin talka egitea. Hasteko, Altaffailyako liburuan 100 borrero baino gehiagoren izenak aipatzen dira, izenez eta abizenez, eta horietatik hamarnaka karlistak dira, falangistak, apaizak… Karlistak etengabe aipatzen dira borrero gisa. Sarreran, bestalde, aipatzen duzuna ez da esaten. Nafarroak duen Karlismoaren Museoan, hitzez hitz esaten da karlismoak bat egin zuela erreakzioarekin eta Italiako faxismoarekin errepublikak martxan jarri zituen erreforma demokratiko guztien aurka. Eta esaten da ere, hitzez hitz, karlismoak erantzukizun zuzena izan zuela errepresioan.

Nafarroako Gobernuak eta NUPeko Memoria Historikoaren Funtsak Iruñeko gatibualdi zentroei buruzko txostena eta mapak argitaratu ditugu. Ikusgai daude Interneten, eta bertan azaltzen da nortzuk ziren horien arduradunak, karlistak barne. Nafarroan historialariok hamarkadak daramatzagu ikertzen gaiaz, borreroak izen-abizenekin identifikatzen, erakundeak, enpresak… eta ez dugu arazo handirik horiek argitaratzeko. Arazo nagusia informazio iturrietan dago. Dokumentazio asko desagerrarazi egin dute, edo oraindik ezin da kontsultatu.

F. MIKELARENA: Biktimarioari buruzko ikuspegi argi eta zehatza nik eman nuen Sin piedad liburuan, eta horrek ekarri dit [Jaime Ignacio] Del Burgoren kereila bat. Zuri inork ez dizu kereilarik jarri, niri bai. Ez dut inongo baliabiderik izan egin dudan ikerketa egiteko, Fernando, dena ordaindu behar izan dut nik...

F. MENDIOLA: Inork ez du ukatzen lan horien balioa, alderantziz. Nik neuk ere publikoki goraipatu dut liburu hori. Bestalde, nortzuk antolatu zuten zure aldeko sostengu kanpaina?

F. MIKELARENA: Eta ezin duzu konparatu Altaffayllako liburuan esaten dena edo nik nire liburuetan esaten dudana. Eta ez dut ulertzen nola tematzen zareten inor sartuko ez den txiringito bat eraikitzeko itxikeria horretan…

F. MENDIOLA: Oinarririk gabeko akusazio larria da hori, baina ez gara hona etorri horretaz mintzatzeko. Ez naiz sartuko orain eztabaida horretan.

Ez, ez dugu eztabaida horrekin jarraituko, hau ez da horretarako tokia eta, beraz, zuzen-zuzenean sartuko gara Erorien Monumentuaren aferan. Oraingoz, hiru jarrera nagusi daude: bat, monumentua eraitsi; bi, mantendu eta memoria-gune bihurtu; eta hiru, historia museoa bihurtu, memoria kritiko kontuetan sartu gabe. Azaldu dezakezue zuen iritzia?
A. LARRETA: Nire ustez, adieraberritzea bakarrik egin daiteke monumentuari bere egungo esanahia guztiz aldatuta, hau da, gaur egun duen esanahiaren kontrako erabilera emanda. Monumentuak gurutzadan eroriak omentzen zituen, orain agian ezkutuan egingo dituzte halako ospakizunak, baina jadanik ez dira publikoak. Mausoleo esanahia gorpuzkinak hobitik atera ondoren galdu zuen. Erabilerari dagokionez, monumentua bere esanahia galtzeko bidean dago, baina horrek ez du esan nahi adieraberrituta dagoenik. Adieraberritzeak esan nahi luke biktima errepublikarren mausoleo bihurtzea, Frankismoaren biktimak eta gobernu errepublikarra goratzea, baina hori ez zaio inori bururatzen.

“Hiriaren erdian kokatuta dagoen estatuko monumentu bakarra da eta gertakari historikoen material paregabea, beraz, probestu dezagun hori egungo eta etorkizuneko belaunaldiak kritikoki dokumentatzeko”
ASUN LARRETA

Beraz, monumenturako nire proposamena hau da: izan zuen esanahia salatzeko eta bere arrasto ideologikoa hausteko erabiltzea. Nola? Kanpoko itxura errotik eraldatuz eta bertan interpretazio zentro bat eginda, non Frankismoak egindako giza eskubideen urraketen arrazoiak azalduko diren, eta ez bakarrik ondorioak eta egindako sarraskia. Interpretazio zentroak egungoaren fatxada ordezkatu beharko luke, egungo monumentuak duen hiriaren arkitektura mugarriaren izaera hautsita.

Monumentuaren zati batek azaltzen digu jainkoaren izenean egindako genozidio handienetako bat izan zela, eta gizakiaren deshumanizazioaren adibide. Kupulak Ramón Stolzen irudiak biltzen ditu, eta horietan Nafarroa erlijiosoa eta gerlaria da; aurrerapenaren eta askatasunaren aurkako eduki superstizioso, supremazista, menderatzaile eta suntsitzailea biltzen du, eta hori guztia erabiliko litzateke estatu kolpearen kausak eta ondorioak azaldu eta salatzeko. Interpretazio zentroak, gorespen eta umiliazio sentimenduak kontzientzia sortzeko materiala bihurtu beharko lituzke, indarkeriazko gertaerak errepika ez daitezen, beti ere jarrera menderatzailea azalduz eta salatuz.

Hiriaren erdian kokatuta dagoen estatuko monumentu bakarra da eta gertakari historikoen material paregabea, beraz, probestu dezagun hori egungo eta etorkizuneko belaunaldiak kritikoki dokumentatzeko.

Eraikineko kupulako margoak Ramón Stolz muralistak egin zituen eta garaiko idazki batean honako zentzua eman nahi ziela adierazi zuen: “Nafarroa hilezkorraren espiritu erlijiosoa eta gerlaria irudikatu nahi izan dut, zeinak Gurutzaden garaietatik gaurdaino jakin izan duen bizitzen, otoitz egiten eta hiltzen Jainkoaren eta Aberriaren alde”.  (JAGOBA MANTEROLA / FOKU)

F. MENDIOLA: Monumentu hori berez da gerra eta faxismoaren apologia sutsua, eta horretan laurok ados gaude. Barnealdetik eta kanpoaldetik hiriaren gainean egindako botere erakustaldia da. Orduan, zer egin hegemonia hori apurtzeko? Caidos Irauli kolektibotik honakoa proposatzen dugu: eraldaketa erradikala, barrutik eta kanpotik. Barruko osagaiak dokumento historikoak dira, kripta, kupulako margoak, erorien zerrenda... arkitektura osoa, azken finean. Kanpotik ere aldaketa erradikala behar luke: bota zati bat, agian zati bat estali… hau da, hautsi eraikinak hiriaren gainean duen presentzia hegemonikoa.

“Europa mailan halako eraikin bakarra da, eta baliatu beharrekoa: faxismoa eta gerra santuaren baloreak transmititzen ditu, eta horiekin batera arrazakeriaren eta kolonialismoaren goraipamena”
FERNANDO MENDIOLA

Europa mailan halako eraikin bakarra da, eta baliatu beharrekoa: faxismoa eta gerra santuaren baloreak transmititzen ditu, eta horiekin batera arrazakeria eta kolonialismoaren goraipamena. Eta ez dezagun ahaztu, hor agertzen diren erorien izenak, gehienak joan zirela gerrara reklutamendu bidez eta derrigortuta. Nafarroan milaka gazte boluntario joan ziren gerrara, karlismoak eramanda, baina beste milaka derrigortuta.

F. MIKELARENA: Ni monumentua eraistearen alde nago. Batetik, biktimen aurkako etengabeko iraina delako. Bestetik, erkidego honetan iragana kudeatu dugun erarekiko ador jotze handia delako monumentu hori. Iragana gaizki kudeatu dugu eta horretan jarraitzen dugu. Ez dut uste eraikinari beste esanahi bat eman ahal zaionik, eta eraikina zutik mantendu nahi dutenek badakite hori. Eraikina zutik mantentzearen alde manifestua sinatu dutenen artean erreketeen seme-alaba ugari daude.

Monumentu horren izaera karlo-faxista da, bereziki erreketeen oroimena laudatzeko egindakoa. Nafarroako Diputazioak eraiki zuen, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Ermandadearen laguntzarekin, eta batez ere azken honek erabili izan du. 1965ean Huarte eta Urmenetaren diputazioak –azken horren ekimenez– monumentuari beste esanahi bat ematea pentsatu zuen, baina inork ez zuen onartu. Hilabete batzuk lehenago, dena den, erreketeen sarraskien buru zen Esteban Ezkurrari omenaldia egin zitzaion eta jende asko bertaratu zen hartara.

“Ez dut uste beste esanahi bat emateko aukerarik dagoenik, besteak beste, lehen esan dudan bezala, hemengo instituzio publikoek eta unibertsitateek ez dutelako biktimarioen gaian sakondu nahi, eta hori gabe ezin delako adieraberritzerik eman”
FERNANDO MIKELARENA

Ez dut uste beste esanahi bat emateko aukerarik dagoenik, besteak beste, esan dudan bezala, hemengo instituzio publikoek eta unibertsitateek ez dutelako biktimarioen gaian sakondu nahi, eta hori gabe ezin delako adieraberritzerik eman. Eta azkenean, hori da gertatuko dena. Horregatik, nire ustez, eraistea da aukera onena. Eta ondoren, lautada horretan beste zerbait egin nahi bada, ba primeran, baina egin beharko litzateke behar bezalako prozedura batekin, orain arte nik ikusi ez dudana. Iruñeko Udalak bideratu zuen prozesuan aurkeztu ziren lehiaketa hartako proiektuek, adibidez, ezer gutxi zuten memoria errestauratibotik.

Monumentua eraiki eta ondorengo urteetan, Iruñean milaka herritar biltzen ziren gorazarre egiteko estatu kolpearen aldeko armadan hildako 4.500dik gora nafarrei.

A. LERGA: Gu urte luzez ari gara eraistearen aldeko lanean. Eraikina memoria demokratikoaren aurkako osagaia da, kolpearen alde hildakoen omenaldia eta erail zituzten 3.500dik gora nafarren eta errepresaliatu zituzten gainerakoen aurkako etengabeko iraina. Hamarkada asko geroago, monumentu horren esanahia berdintsu mantentzen da, gerra garaiko bi komunitateak azaleratzen ditu, eta gizartearen zati batek, gainera, horrela mantentzen jarraitzea defenditzen du. Hainbat osagai daude monumentuaren inguruan: zer ordezkatzen duen, tamaina, tokia, arkitektura, memoria… eta gure ustez horietatik guztietatik giza eskubideena lehenetsi behar da, eta hortik defendatzen dugu eraistea. Frankismoaren biktimak berriz biktima bihurtzen ditu monumentuak eta haien eskubideak zapuzten ditu. Monumentuaren berezko esanahia hain da handia, ezin zaiola beste esanahirik eman.

Bikaina litzateke toki horretan Frankismoaren biktimen lehen museoa egin ahal izatea, baina oso zail ikusten dugu. Zaila da gertatutakoaren inguruko errelato bateratu bat egitea gizarteko sektore batek oraindik biktimen eskubideak ukatzen dituenean. Nafarroako hainbat herritan oraindik ez da oroimenaz hitz egiten. Uste dugu Nafarroan erraza dela oroimenaz hitz egitea, baina ez da. Berriki, herri batean, eraildako baten zoru-oroigarri bat jarri nahi izan dugu, eta ukatu egin digute. Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko eztabaida hau askoz lehenago ere egin zitekeen, baina noiz azkartu da? Memoriaren inguruko 31 elkartek eraikina eraistea eskatu dugunean. Ez da gaiaz hitz egiteko gunerik eraiki, eta guk bildu behar izan dugu gure proposamena egiteko. Eta gaiaz hitz egitera Nafarroako Parlamentura joan garenean, talibanak garela entzun behar izan dugu. Begira ze errespetu maila biktimekiko.

“Frankismoaren biktimak berriz biktima bihurtzen ditu monumentuak eta haien eskubideak zapuzten ditu. Monumentuaren berezko esanahia hain da handia, ezin zaiola beste esanahirik eman”
AMAIA LERGA

Gazteluko Ingurubidean jarri zen lehen oroigarri hartatik, urteak daramatzagu lanean eta toki askotan egin dira omenezko guneak, baina beste askotan ez. Uda honetan, adibidez, hilketa haren urteurrenean, abuztuaren 23an, egon ginen Valcalderan, alde batera utzitako lur eremu batean, oraindik inongo oroigarririk ez duena. Nafarroan izandako bigarren hilketa handiena izan zen han [53 pertsona Iruñeko espetxetik atera zituzten eta aske utziko zituztelakoan, Valdecaran fusilatu zituzten; batek ihes egitea lortu zuen] eta han memorial bat eraikitzeko eskaera aspaldikoa da, baina oraindik gauzatu gabea. Erorien Monumentuaz asko hitz egiten da, baina horrez gain, beste toki-oroimen ugari ere badira, oraindik ere lana eta arreta eskatzen duten toki garrantzitsuak.

Nola jokatu beharko luke Iruñeko Udalak gaiaren aurrean? Orain arte esan du plazaratzen diren proposamenekin herritarrek erabakiko dutela zer egin. Zuen ustez udalak erabaki beharko luke zer egin? Edo kontsulta egokiagoa da? Zer eratako kontsulta?
A. LARRETA:
Oraindik ez dakigu prozesu hori nolakoa izango den. Aurreko legealdi batean udal aurrerakoiak egin zuen lehiaketak bazituen oinarri interesgarriak, baina haien epaia tamalgarria izan zen, zazpi sarituetatik batek bakarrik betetzen baitzituen oinarrietan memoriari buruz zehaztutako baldintzak. Berriz ateratzen badira lehiaketa hartan saritu zirenak, gaizki hasiko gara. Une hartan udala ez zen gai izan lehiaketaren oinarriak defenditzeko, eta orain gaiari buruz erabaki eta erantzukizun eza dago. Aukera paregabea galdu zuen. Epaimahaiaren emaitzak errekurritu egin ziren birritan, baina udalak horiekin jarraitu du oraindik.

“Uste dut Iruñeko Udalak erabaki beharko lukeela zer egin, Nafarroako Gobernuarekin adostasunean, baina beti izan beharko luke memoria kritikoaren esparruan”
ASUN LARRETA

Balizko herri kontsulta bati dagokionez, hartuko den erabakiak erantzun beharko lioke Frankismoaren garaian izan zen giza eskubideen urraketari. Giza eskubideak betetzea ez da eztabaidagarria, ezta hautagarria ere, baina haiek betetzeko estrategiak eta moduak bai izan daitezke desberdinak. Hori bai erabaki beharko litzateke demokratikoki. Eta nork bozkatuko du? Nafarroa Garaian giza eskubideen aurkako pertsona asko daude eta bozkatzen badute… baliteke emaitza ez izatea egokia.
Hasteko, eztabaida herritarrengana iritsi behar da, baina udal ordezkariengandik hasita. Momentuz ez dute hori egin. Ondoren, uste dut Iruñeko Udalak erabaki beharko lukeela, Nafarroako Gobernuarekin adostasunean, baina beti izan beharko luke memoria kritikoaren esparruan.

Zehaztu nahi nuke ere biktimak ez direla bakarrik hil direnen ondorengoak, herritar gehienak ere biktimak dira, eskubide guztiak murriztu zirelako, eta alor askotan errepresio handia jasan zutelako.
F. MENDIOLA: Uste dut gure artean badirela adostasunak eta horiek ere komeni dela azpimarratzea. Bada monumentua bere horretan mantendu nahi duen jendea, azken finean Frankismoaren nostalgikoak direlako, edota memoria hori eroso egiten zaielako. Eta beste batzuek hainbat proposamen ditugu (eraitsi, eraldatu, estali...), beti ere faxismoaren apologia hori mendean hartzeko.

“Iruñeko Udalak aukera handi bat galdu du, Erorien Monumentua Europan molde horretako bakarretakoa delako, eta egindakoa erreferentziala izan zitekeelako Europa osoan”
FERNANDO MENDIOLA

Iruñeko Udalak aukera handi bat galdu du, Erorien Monumentua Europan molde horretako bakarretakoa delako, eta egindakoa erreferentziala izan zitekeelako Europa osoan. Elkarteak 2008an hasi ziren mobilizazioak egiten eta, gehien bat, haiek jarri dute gaia mapan. Nafarroako memoria toki gehienak errepresio tokiekin lotuta daude: memoriaren parkeak, hobi komunetako memorialak, bortxazko lanen tokiak... Horregatik berezia da monumentu hau.

Argi dago lehiaketan memoriaren gaiak ez zuela zentraltasunik izan, eta horren ondorioak orain ikusten dira. Proiektu parte-hartzailea bideratzea zaila da, baina ongi egon daiteke. Hala ere, udalak ere aurkeztu beharko luke bere proiektua.

F. MIKELARENA: Galdera pixka bat maltzurra da. Monumentua Iruñeko Udalarena da, besterik gabe gainera erori zitzaiolako. Erregimenarekin zituen arazoak tartean, jadanik 1948-49an udalak ez zuen monumentua bere gain hartu nahi izan, eta 1960an ere erabaki hura berretsi zuen, Zaldunen Ermandadearen presio handiak jaso ondoren. Azkenik, gotzaitegiak ere ez zuen nahi monumentuaren jabetza eta 1997an udalari eskaini zion. Moralki, aldiz, udalak ezin du esan hor nahi duena egingo duela. Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Legebiltzarraren nahiak ere kontuan hartu behar ditu. Horregatik, hiru erakundeek elkarrekin jardun beharko lukete monumentuari dagokionez, eta horretarako legedia aldatu behar da. Ez gaitezen engaina, hori litzateke egokiena, hemen inork ez baitu hildakoa bakarrik bizkarreratu nahiko.

Edozein eratan, hiru erakunde horiek indarrean jarri beharko luketen erebaki-prozesuaren aurretik hainbat kontu argitu behar dira. Estatuko 2022ko Memoria Demokratikoaren Legeak eragiten dio Monumentuari? Uste dut ezetz, lege horretan esaten delako memoria demokratikoaren aurkakoak direla gaur egun gorazarre ekintzak egiten diren toki edo guneak. “Gaur egun“, aipatzen du eta ez iraganean egindako gorazarrea. Hortaz, nire ustez, horregatik ez dago aukeratik lege horren bidez monumentuaren aurka egiteko. Beraz, hori horrela bada, onena litzateke Nafarroako Gobernuak lege-proposamen bat egitea 2013ko Memoriaren Foru Legea aldatzeko eta horrela monumentua botatzea aurreikustea. Lege horrek adierazi beharko luke ez dela kontuan hartzen Espainiako legeak ondare babesari egiten dion erreferentzia, eta horrela askatuko genuke sor daitekeen beste edozein oztopo. Lege aldaketa hori onartuko balitz, Iruñeko Udalak, Nafarroko Gobernuak eta Legebiltzarrak bidea libre izango lukete monumentua eraisteko.

 “Onena litzateke Nafarroako Gobernuak lege-proposamen bat egitea 2013ko memoriaren foru legea aldatzeko eta horrela monumentua botatzea aurreikustea”
F. MIKELARENA

Kontsultari dagokionez, birmoldatutako lege horrek esaten badu monumentu hori legearen aurkakoa dela, eta bota behar dela, betetzen da eta kito, ez da inongo kontsultarik behar horretarako.

A. LERGA: Monumentuaren etorkizunari buruzko proiektuekin lehiaketa egon zenean, orduan ere agertu genuen gure desadostasuna prozesu harekin, eta esan genuen kontraesankorra iruditzen zitzaigula giza eskubideen kontua kontsulta batera eramatea. Herritarren arteko bozketa batera eramatea, beraz, akatsa litzateke. Gure ustez, gainera afera Nafarroa osokoa da eta ez Iruñekoa bakarrik. Horregatik, uste dugu azkenean Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala akordio batera iritsi beharko direla gune horretan egin beharrekoaz.

Estatuko beste erkidego batzuetan ere adi daude hemen egingo dugunaz. Guk ere, Fernandok [Mikelarena] adierazi duen bezala, eskatu genion Nafarroako Legebiltzarrari alda zezala Memoria Legea, Erorien espazio horri dagokion garrantzia eman diezaion, printzipio gisa hartuta biktimekiko errespetua.

Mikelarenak eta Lergak hitz egin dute legeez zertxobait. Beste biek, Larreta eta Mendiola, egin nahi duzue ekarpenik alor honetan?
A. LARRETA:
Ni ez naiz aditua lege kontuetan, baina arrazoi ekonomikoak direla medio, arrazoi sozialak eta Memoria Legea bete behar duelako, iruditzen zait Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko duela gai honetan. Oraingoz, dena den, gobernuak ez du deus esan. Nire ustez, eraistea momentuko kontsolamendua eta behin-behineko poza izango litzateke pertsona askorentzat. Baina, eta gero? Denbora pasa ahala, ahanztura, eta ezer ez. Azken finean, galduko litzateke gisa eskubideen aurkako muturreko indarkeriaren testigantza baliotsu bat.

“Proiektuen lehiaketa egin zenean ere, esan genuen kontraesankorra iruditzen zitzaigula giza eskubideen kontua kontsulta batera eramatea. Herritarren arteko bozketa batera eramatea, beraz, akatsa litzateke”
AMAIA LERGA

Gizartean hainbat iritzi daude oroimenaren inguruan: batzuk gaude erreparazioa lortzeko informazioa eta justizia berreskuratzearen alde, eta gure artean badira iritzi desberdinak ere. Beste batzuk, beldurra eta ezjakintasunaren ondorioz, ahazteko beharrean daude; beste batzuk oportunismoan, debekuan eta jarrera menperatzailean daude. Eta beste batzuei oroimena eta historia ez zaie interesatzen. Beraz, informazioa beharrezkoa da gero gizartean eztabaida emateko; eta prozesu bat irekitzen bada, erakundeak eta elkarteen arteko elkarlana beharko litzateke bide horretan.

F. MENDIOLA: Zaila da esatea nork erabaki behar duen azkenean, baina erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da, Erorien Monumentua ez baita edozein ikur eta, gainera, Nafarroa osoari eragiten diolako. Elkarte memorialistek ere hor egon beharko lukete. Legedian aditua izan gabe, nire ustez gaur egun monumentua sakonki eraldatzeko aukera dago, Nafarroako ikur frankisten erroldan agertzen delako.

Bestetik, argi dago Museoaren aldeko Plataforman bildu direnak maniobra oportunista bat egiten ari direla, hor historia museoa egitea proposatuta. Bai, Iruñeak horrelako museo bat izan beharko luke, baina ez du zertan hor egon behar.

Monumentuaren irudi bat 1953an.

Azken txanda bat irekiko dugu bakoitzak nahi duena esateko.
A. LARRETA: Biktimak berreskuratzea ezinbestekoa da, baina genozidio horren arrazoiak publiko egitea premiazkoa da, eta are gehiago eskuin muturraren gobernuak gora doazen garai honetan. Ondo informatutako gizarte batek buloei eta demogogia populistari aurre egin ahal izango die. Beharrezkoa jotzen dut egungo belaunaldi gazteenek nondik datozen jakitea, trajedia hori non eta nola gertatu zen ezagutzea, gizarte libreagoa eta bidezkoagoa lortzeko lan egin behar dute eta, beti ere giza eskubideen defentsaren alde. Oroimen kritikoaren helburu garrantzitsuenetarikoa da gertakizunen kausak eta ondorioak salatzea eta jendarteari helaraztea, salaketaren memoria inboluzioaren aurrean egon dadin. Aukera bat litzateke eraikina erabiltzea, aipatutako aldaketa guztiekin, Frankismoa salatzeko eta korronte neofaxisten prebentzio gisa.

“Une hartan udala ez zen gai izan lehiaketaren oinarriak defenditzeko, eta orain gaiari buruz erabaki eta erantzukizun eza dago. Aukera paregabea galdu zuen”
ASUN LARRETA

F. MENDIOLA: Nafarroan gaur egun dagoen egitura faxistazale eta gerrazale handiena tresna antifaxista eta bakezale bihurtu beharko genuke, eta baditugu hori lortzeko aukerak. Horretarako behar da irudimena, dirua eta, besteak beste, gatazka, baina eginez gero lortuko genuke Iruñea memoriaren inguruko hiri erreferentziala izatea.

F. MIKELARENA: Esandakoa, eraistea da aukera indartsu bakarra, ez dut beste alternatibarik ikusten. Estatuko eta Nafarroako memoria legeek ez dute hitz egiten monumentuaz, beraz, uste dut gure foru erkidegoko legea aldatu egin behar dela Nafarroako Legebiltzarrean, azken hori, gobernua eta Iruñeko Udala elkarlanean aritu daitezen. Edozein kasutan ez dut uste asmoak bide horretatik doazenik. Entzun dudanez, gaiaren ardura duen kontseilaritzak eta gobernuko Memoria Zuzendaritzak txosten bat eskatuko diote ustezko aditu bati, azter dezan nazioarte mailan zer egiten den. Pertsona hori ezagutzen dutenen arabera, hortik adieraberritze bigun bat aterako litzateke; hau da, biktimei buruz bakarrik hitz egingo litzateke, bestelako kontuetan sartu gabe.

“Erorien Monumentuak
gure Auschwitz izan beharko luke, baina uste dut erratu egingo naizela horretan”
F. MIKELARENA

Urrezko aukera galtzen ari gara. Bestelako prozesu erabakitzailea jarri beharko litzateke martxan, azken hamabost urteetan egondakoa baino askoz zabalagoa, oinarri tinkoagoekin eta argiagoekin. Alemanian 1960ko hamarralditik aurrera memoria askoz integratuagoa eta tinkoagoa garatzen hasi ziren, eta hori gertatu zen Auschwitzen eta haren gisako beste hainbat tokitan gertatu zena ezagutzera eman zutenean. Erorien Monumentuak gure Auschwitz izan beharko luke, baina uste dut erratu egingo naizela horretan.

A. LERGA: Biktimen eskubideetan oinarrituta, argi dago ezin dugula beste legealdi bat galdu. Beste lehiaketa bat egitea izan daiteke formula politiko erraz bat, politikoki zaila den gai batentzat. 31 elkartek eraispenaren alde egiten dugunean, hori da uste dugulako irtenbideak atzeraezina behar duela, eta adieraberritzeak ez du aukera hori bermatzen. Gertatu zenari buruz ikasteko biktimen erreparazioaren guneetara jo behar da; beste edozelako pedagogia egiteko hezkuntza sistema dago. Baina adi, hezkuntza kritikorik gabeko testuinguru bati buruz hitz egiteak ekar dezake edozein toki eta espazioren manipulazioa.
Ikusi dugu nola kosta den curriculuma aldatzea hartan memoria historikoa ere sar zedin. Toki bat hezitzailea izan dadin, haren atzean sistema hezitzailea egon behar da, eta ikusi dugu nola kostatu den hezkuntza lege batek lehenbiziz kontuan hartzea oroimen historikoa. Baina hori guztia atzeragarria da, eta beraz, kontu izan dezagun adieraberritze mailarekin, batez ere ari garenean gizartearen zati baten giza eskubideez.

“Legedian aditua izan gabe, nire ustez gaur egun monumentua sakonki eraldatzeko aukera dago, Nafarroako ikur frankisten erroldan agertzen delako”
FERNANDO MENDIOLA

F. MENDIOLA: Azken bi flash bota nahiko nituzke. Mundua ez da gurekin hasten. 2008tik aurrera Rodezno plaza eta toki horiek erreferentzialak bihurtu ziren. Memoriaren Autobusa ekimena hortik atera zen eta han bukatu zuen bere ibilbidea. Rodezno Kondeari buruzko liburu monografiko bat egin zen lehendabizikoz eta lekuari buruzko informazioa ere eman zen. Amaia, irakasle askok urteak eta urteak daramatzate gai hauekin lanean, memoria elkarteekin batera, haien kabuz, historialarien elkarteekin… Memoria Legearen aurretik ere Nafarroan oso proiektu pedagogiko onak egon dira.

Desadostasunak aipatu ditugu, baina uste dut adostasunak ere azpimarratu behar ditugula. Auschwitz esaten du Fernandok, baina Auschwitz ere erabiltzen den leku bat da. Hemen gauden guztiok gaude eraikuntza bere horretan mantentzearen aurka eta guztiok gaude Amaiak aipaturiko atzeraezintasunaren alde eta Fernandok adieraberritze biguin moduan izendatu duen horren aurka.

"Toki bat hezitzailea izan dadin, haren atzean sistema hezitzailea egon behar da, eta ikusi dugu nola kostatu den hezkuntza lege batek lehenbiziz kontuan hartzea oroimen historikoa"
AMAIA LERGA

A. LERGA: Argi utzi nahi dut ez ditudala irakasleak kritikatzen eta egindakoa ez dela kritika pertsonalizatua. Ni neu irakaslea naiz, eta badakit eta balioan jartzen dut aurretik egindako lana, eta eskoletan eta institutuetan egiten ari garena. Elkarte gisa, halaber, Nafarroako Gobernuaren Memoria duten Eskolak programarekin elkarlanean ari gara.

Dena den, ez dut uste praktika orokortua eta sistematizatua denik. Hezkuntza formalaren beharra dugu –eta ez hezkuntza formal kritikoa–, eta horrela, besteak beste, ulertuko genituzke espazio hauek, eta hori gaur egun ez dago bermatuta. Hala izan balitz, 2024an Erorien Monumentuari buruz eztabaidatzen egon beharrean, hari buruz iraganean hitz egiten arituko ginatekeen.


Azkenak
2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


Nafarroako Gobernuak administrazioan sartzeko euskara baloratzeko merezimenduen dekretua onartu du

Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.


Emakume* Abertzaleen X. Topaketa egingo dute azaroaren 16an Laudion

Egun osoko egitarauarekin elkartuko dira, eta Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi duten zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dute.


Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute

Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS)... [+]


“A”, Arabako familia-upategien ardoa bereiziko duen marka berria

ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko upategiek ekoitzitako ardo botilek bereizgarri propioa izango dute uzta honetatik aurrera. Markaren sustapen kanpaina ere egingo dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Kontsumitzaileei lagundu nahi diete Arabako ardoak eta... [+]


Dela klima aldaketa, dela Ukrainako gerra, arrakalatu egin da Artikoko bake neurtua

Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]


Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Iruñeko Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois taldeko ultren kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Realeko entrenatzaileak euskaraz jarraitu zuen, zenbait kazetari frantziar kexatu arren

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude