argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Merezita
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko irailaren 18a

Krisi existentzial dezente ditut inguruan. Nerabezaroa/gaztaroa itxurakerian pasa, antzezten helburu zutena pertsona onak (ona izanik justua, ez denari baietz esaten dion lerdoa) izatea, benetako bizitza bat bizitzea zela, are, iraultza egitea, eta, orain, berrogei urteak pasa, eta ez dira ez hori (gezur bat zen), ez benetan nahi zutena: izan beti besteei bizitza barkatu ahal izateko bezain dirudun (familiadun, etxedun, liburutegidun, opordun...), izan prestigio eta duintasun ofizial guztietako tituluak, gero horiek ez dituztenak noizean behin gonbidatzeko jatetxe garesti batera, inoiz izenik entzun ez zuten talde baten kontzertura (sarrerak beste guztiek bezala erosi gabe, “lortuz”), kontatzeko “ez dakizu nolakoak diren”... beren garunaren nonbait meritokrazian sinetsi zutelako, komeni zitzaienez izanik gizon, zuri, klase ertain, cis... europar. Izan ere, esan digu filosofoak (Berrian irakurria euskaraz): «Zeure buruarekin gezurretan ez aritzea da lehendabizikoa, esango nuke, bizitzaren arlo guztietan».

Ni ere hartzen nau krisi existentzialak zenbait pertsona krisi existentzialak edukitzen ikusten dudanean; “nola dira gai hain memoria laburra edukitzeko? Nola espero zuten beren buruari krisirik sortu gabe kontraesanak saihestu, tristurei gainetik salto egin, psikopatatu... eta doan ateratzea?”, berez, atera zaie, berez, badute nolabaiteko arrakasta, itxuraz: itxura ona dute, arropa berria erabiltzen dute, nortasuna kapritxo ingeniosoz apain dezakete (“ezin ditut jasan hain kopa lodiak”, “nik beti oihalezko musuzapiak”, “nola hondatu daiteke horrela arraina”...). Gertatzen da ezin dutela atzera begiratu bat-batean konortea galdu gabe. Gertatzen da bakardade zeken horrek biktimak uzten dituela bidean. Kontua da, besteok, batzuk-batzuk, gogoratu egiten garela. Orduko kretinoak zarete. «Zeure buruarekin gezurretan ez aritzea da lehendabizikoa, esango nuke, bizitzaren arlo guztietan», dio Draghik, Europaren krisia existentziala dela azpimarratzeko, eta behar duena dela, funtsean, zera... diru publikoa.

Duela urte batzuk existentziala zen diru publikoa, diru publikorik ez gastatzea, alegia. Gure eskubideen ertzetan itotzen ditugun guztiez gain, niri troika etorri zait gizona ikusita. Troika, Grezia, suizidioak... berak zuzentzen zuen banku zentrala guztiok itotzen, orduan (ere Alemaniak), inflazioak kezkatzen zuelako. Beste zera existentzial bat, konstituzio izeneko estafa bat saldu ondoren. Aurpegi batzuk ikusi orduko sentitzen dut hutsaltasun handi bat barnean: ez dakit bereizten den nirea (berak adierazten didana: zu ez zara inor, ni naiz nor, eta nire fanatismo finantzieroa), edo berea (nola bizi daiteke bat hain ez-pertsona izanik), edo gurea (nola oraindik erabiltzen dugu Europa, erabiltzen dugu konpetitibo, erabiltzen dugu “etorkizunerako prestatu” presente kriminaletatik). Europa aspaldi hil zen. Merezi duelako (ez existitzea).