argia.eus
INPRIMATU
Aldairak
Castillo Suárez @casti_suarez 2024ko irailaren 18a

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora; eta, beraz, objektu bat baztertzeak gertakari edo harreman bat baztertzea dakar, baina, batez ere, hura berriz bizitzeko aukera desagerraraztea. Diotenez, aldairak une egokiak dira itxaropena, usteak eta nahiak desagerrarazteko, aurrera egin eta non gorde ez dakigun guztia botatzeko, suntsitzeko edo oparitzeko. Alabaina, eta kontrakoa espero genezakeen arren, aldairek urduritasuna eta sosegurik eza eragiten digute eta ez, ordea, lasaitasuna eta bakea. Izan objektu edo pertsona, berdin gertatzen zaigu: ez du ezertarako balio oraindik botatzeko sasoian ez dagoena botatzeak. Maite izan ditugunak ere desagertu eginen dira gure baitatik egunen batean gugan ez ditugulako nahi, baina bizitzaren misteriorik handienetako da jakitea zergatik ezin dugun ahaztu, hain zuzen ere, ahaztu nahi dugun hori.