argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Europa
Ula Iruretagoiena 2024ko irailaren 11

Europar sentimendua duen lagun gutxi ditut, ez dakit europartasuna identitate bat izatera iristen ote den. Baina Europara bidaia egiten dugunean, adiskidetasun bat atera daiteke, ze gurean eta bertan gertatzen den lurraldetasun norabide nagusiak elkarbanatuak dira; bertan erabakitzen baita diru-funtsen banaketa eta norantz goazen, ez etxean. Europako beste herrialdeetan ikusten diren hiri eraldaketa estrategikoak gurera iritsiko dira, bakoitzak bere erritmo eta berezitasunekin, baina agenda berean sarturik gaude denok. Industrializaturiko hirien eraldaketa planteatu zen garaian, hirigileen artean oso ohikoa zen beste europar hirietara bisita egitea, arazo antzekoaren aurrean biderapenak aurreikusteko. Aurrea hartutakoen erabakiekin ikasi, zerk balio duen eta zeintzuk diren arriskuak frogatzeko. Hirien museifikazioa eta ondoren etorri den turistifikazioa, hiri estrategien arteko errezeta dealer baten ondorioa da.

Hirien berdefinizio kapitalistaren hurrengo urratsa berdetasunetik etorriko dela nabaria da Europako hiri nagusietatik udako turismoa egin ostean. Bizikletari eskainitako bide sare eta aparkalekuak nonahi, herriguneen trafiko mugatua eta bertakoa, berebil elektrikoen inpaktu neurtua, irla beroen efektua baretzeko poltsiko-parkeak eta landarediaren presentzia nagusitua. Zentroetako trafiko gutxiak isiltasun huts bat ekartzearekin batera, landareen berdetasuna hazi da espaloi eta fatxadetan, hormigoiaren zulatze erraz baten ostean. Landaredi basatiagoa aurkitzen da espaloi ertzetan, parkeetan mantenu gabeko landare eta zuhaitzak probatzen dira, soropila ia desagerraraziz lorategigintzatik. Baina interes gehien pizten duena da hainbat belardiren zaintza komunitatearen gain dagoela, administralgoaren kudeaketatik kanpo. Berdetasun komunitario batek bertakotasun izpiritu bat esna dezake, azken hamarkadetako Europan lokarturik egon dena hirien eraldaketa esparruan.