“Elkarlanari uko egiteko, ELAk errelato bat eraiki du, CCOO eta UGTrekin aliantzak egin ditugula”

  • 2017an izendatu zuten LABeko idazkari nagusi eta gaur egun Igor Arroyorekin partekatzen du koordinatzaile orokorraren kargua. Eredu sindikalak, aliantzak, helburu orokorrak eta etorkizuneko erronka handiak landu ditugu ondoko lerroetan. Eskuin muturraren mamua ere agertu da.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

50 urte hauetan denetik egon da euskal sindikalgintzan: 80ko urteetan, adibidez, UGT, CCOO eta ELA alde batean zeuden, eta LAB eta beste batzuk bestean. Gero ELA-LAB gehiengoa nagusitu zen, eta geroago negoziazio kolektiboan UGTrekin eta CCOOrekin akordioak erdietsi dituzue hainbatetan... Nola aurreikusten dituzu blokeon etorkizuna?
LAB da hasieratik kontraboterea egin duen sindikatu bakarra. Hasieratik da independentista eta euskalduna. Lurrari ondo itsatsitako sustraiak ditugu, enborra sendotzen joan den proiektua da gurea eta adarrak zabaltzen ari da. Klase borroka eta nazio askapena ondo uztartu ditugu, eta ekosistema sindikala aldatzen ere ekarpen handia egin dugu.

Hiru eredu sindikal daude hemen: batetik, CCOOren eta UGTren kontzertazio eredua, elkarrizketa sozialean oinarrituta eta kontrabotere izaerarik gabea; bestetik, LAB eta ELA kontraboterean gaude, baina estrategia desberdinekin eta harreman gorabeheratsuekin. Guk kontraboterea ez dugu erresistentzia klabe hutsean ulertzen, herri honetan eraldaketa soziala eta eraldaketa politikoa guztiz lotuta ikusten ditugulako. Kontraboterea herri botere baten eraikuntza gisa ulertzen dugu. Presio sindikala, mobilizazioa eta konfrontazioa behar beharrezkoak direla deritzogu, eta indar hori baliatu nahi dugu klase borroka eremu guztietara eramateko.

Beraz, estrategia desberdinak daude eremu sindikalean, baina ez da egia gu CCOOrekin eta UGTrekin inongo aliantza esparrutan gaudenik. ELAri dagokionez, gustatuko litzaiguke gauzak beste puntu batean egotea, ELAren eta LABen gehiengo sindikala indarrean balego, potentzia handiagoa izango genukeelako, bai patronalaren, bai instituzioen aurrean. Une honetan ez gaude hor eta etorkizun batean bideak esango du.

Negoziazio kolektiboan, zertan bereizten zarete LAB eta ELA?
ELA, gu bezala, hainbat hitzarmenetan etorri da bat CCOOrekin eta UGTrekin. Negoziazio kolektiboan, gure arteko desberdintasun handienak ez dira CCOO eta UGT, baizik eta LABek ulertzen duela langile guztiontzako tresna bat garela, gure eredu sindikala ez dugula gure helburu korporatiboen arabera antolatu, eta ELAk hori beste modu batera lantzen du. Kontuan izan behar da ez dugula ahalmen legegilerik ez eskuduntza osorik enplegu gaietan. Negoziazio kolektiboak funtzio garrantzitsua du euskal esparruaren egituratzean, LABek beti defenditu izan ditu sektore arteko negoziazio kolektiboa, sektorekoa eta enpresetakoa, eta hor izan ditugu desberdintasunak ELArekin, eta ez bestelako aliantzetan. Gero, edukien arabera, ematen dira argazki batzuk edo besteak.

"2017an sinatu genuen adierazpen bateratuan baziren konpromiso batzuk eraldaketa politiko eta sozialean oinarritutako prozesu bat bultzatzeko. Adierazpen hori sinatu eta denbora gutxira ELAk akordioa garatzeari uko egin zion"

LABen eta ELAren arteko harremanak izoztuta daude gaur egun. Zer oinarri behar dira etorkizunean elkarlana sendoa izan dadin?
2017an sinatu genuen adierazpen bateratuan baziren konpromiso batzuk eraldaketa politiko eta sozialean oinarritutako prozesu bat bultzatzeko. Adierazpen hori sinatu eta denbora gutxira ELAk akordioa garatzeari uko egin zion. Horren ondoren, elkarlanari uko egiteko errelato bat eraiki du, eta horren parte da esatea LABek aliantza politika aldatu duela, eta CCOOrekin eta UGTrekin hitzarmenak sinatzen dituela. Guk erabaki dugu euskal langileei inolako onurarik ekartzen ez dien errelato hori elikatzen ez jarraitzea.

ELAk dio independentista dela, baina kontuan izan behar da Trantsizioaren garaian ELAk ez zuela hausturaren aldeko apusturik egin, hautu erreformista egin zuela; garai haietan ez zegoen kontrabotere posizioan, eta autonomia ontzat eman zuen. Ondoren, LABek tiratu du nagusiki Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko ekimenen gurditik, eta LABen ekimenez bideratu ziren 1994ko manifestua eta manifestazioa. Independentista dela dio ELAk, Euskal Estatua behar dugula, baina urte hauetan guztietan ez du inolako praktika independentistarik erakutsi.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

1974an LABen helburua Euskal Estatu Sozialista eraikitzea zen, eta orain ere bai. Gaur egun zein ezaugarri ditu estatu sozialista horrek?
Euskal Estatu Sozialistari mamia jarri diogu, edukiz bete dugu. Sozialismo hori irudikatzerakoan programa sozio-ekonomiko bat landu dugu: nolako zerbitzu publikoak izan beharko genituzkeen, estatuaren papera zein izan behar den ekonomian, langileek zein protagonismo izan beharko luketen estatu horretan, demokratizazio prozesuak nolakoa izan beharko lukeen, bai nazio gisa, bai langileen parte-hartzean ekonomian. Lan kode proposamen bat jaso dugu, gizarte segurantzako lege propio bat, trantsizio energetikoan beharko genukeen industria politika, trantsizio ekosoziala, zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra ere planteatzen dugu... Programa honen birtualitate handiena da trantsiziorako bide bat ere marrazten duela, teoria hutsean geratu gabe.

2015ean eredu sindikala birpentsatzeko prozesua egin genuen eta 2017ko kongresuan ideologikoki berritze inportantea gauzatu genuen, lana-kapitalaren dikotomiatik bizitza-kapitala dikotomiara eginez. Enpleguaren defentsatik bizitza duinen defentsan arituko den sindikatu batera jausi egiteko.

Trantsizio ekosoziala aipatu duzu. Ekosozialismoak eskatzen du produkzio gutxiago, desazkundea. Eta horrek lan eta enplegu gutxiago. Nola egin aurre egoera horri?
Gure berrikuntza prozesuan edan dugu feminismotik, ekosozialismotik eta antiarrazismotik, besteak beste. 2017an ekosozialismorantz egin behar genuela erabaki genuen eta oraingo kongresuan desazkundearen beharraz hitz egin dugu. Eremu batzuetan desazteak beste batzuetan hazteko aukerak ematen ditu, besteak beste zaintzaren eta zerbitzu publikoen eremuetan. Honek guztiak enpleguaren munduan izango duen eraginari begira, lanaldi murrizketa sakona planteatzen dugu: 30 orduko lanaldia. Oraindik guk bakarrik jarri dugu mahaiaren gainean horrelako erreferentzia bat, eta aldarrikapenak pixkanaka egin beharko du bidea. Kapitalismo berdearen iruzurra hor dago, eta horregatik diogu langileon parte hartzea ezinbestekoa dela. Horregatik, trantsiziorako batzordeak deitzen ditugunak sortzea proposatu dugu, behar den eztabaida soziala egon dadin.

"Gure berrikuntza prozesuan edan dugu feminismotik, ekosozialismotik eta antiarrazismotik, besteak beste. 2017an ekosozialismorantz egin behar genuela erabaki genuen eta oraingo kongresuan desazkundearen beharraz hitz egin dugu"

Eztabaida politiko eta instituzionalean desazkundearen gaiak ez du existitzen. Tabu da parlamentuetan, udaletxetan... ia edozein erakundetan.
Hitz horri heltzea kosta egiten da eta gurean ere ondo neurtuta sartu da hitza, 2017tik gatoz hausnarketa horrekin. Guztiok interpelatzen gaitu, norbanakook ere gure erantzukizuna dugu, besteak beste zer eta nola kontsumitu nahi dugun erabaki dezakegulako, baina erantzukizun hori bada instituzionala ere, patronalarena... eta horregatik diogu eztabaida marko orokorragoak behar ditugula.

Europan ikusten ari gara ezkerreko mugimenduek eta sindikatuek baino eskuin muturrak erakartzen dituela langileak.
Eskuin muturra eta faxismoaren hedatze horren atzean sistemak berak sortzen duen bizi espektatiba falta dago. Kolektiboaren kaltetan, indibidualizazioaren areagotzea ekarri du neoliberalismoak. Sistemak sortutako desberdintasun sozialen ezinegon hori baliatzen ari da eskuin muturra, oso mezu errazekin, langile migratzaileak etsai bihurtuta, edota feminismoaren aurrerapenen aurrean erreakzio matxista eraginda. Euskal Herrian ez gaude balio erreakzionario horietatik salbu, baina zorionez bestelako errealitate politiko eta sindikala dugu. Horren guztiaren aurrean antidotorik onena da sindikalismo borrokalaria, feminista eta antiarrazista. Eskuin muturraren errelatoa oso modu azkarrean ari da zabaltzen gizartean eta oso adi egon behar dugu horren aurrean.

Euskal Herrian ere bai? Lantokietan sumatzen duzue?
Lantokietan oraindik ez, baina gizartean oro har bai, badira mezu asko: migratzaileak eta segurtasuna lotzen direnean, eguneroko elkarrizketetan badira mezuak, tik batzuk... McDonald’s-ak hasi zirenean, “Euskal Herrira ez dira iritsiko” esaten genuen, baina iritsi dira. Mezu, ideia eta jarrera erreakzionarioei aurre egiteko antidotoa prest izan behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sindikalgintza
2024-10-09 | Leire Ibar
EAEko ordu estren %53 eta Nafarroakoen %27 ez dira ordaintzen

CCOOk egindako azterketa batek agerian utzi du hezkuntzan, industrian, ostalaritzan eta merkataritzan ordu estren kopurua nabarmen altua dela, eta enpresek urteko 3.254 milioi euro bereganatzen dituztela ordaindu gabeko ordu gehigarriengatik.

 


2024-10-09 | Onintza Enbeita
Xabier Arriaga, 'Txiplas'. Baserritarra
“Gipuzkoako ENBA-k eta EHNE-k nekazaritza eredu bera defendatzeak asko esaten du”

Emakume bat ikusi zuen Xabier Arriagak Gernikako kafetegi batean kafesnea esne gaingabetuarekin eta gurinezko opil batekin hartzen. Orduan konturatu zen nolako kontraesanetara ohitu nahi gaituen sistema kapitalistak.


2024-10-09 | Julene Flamarique
Arabako zahar-etxeetako langileek greba egingo dute urriaren 17an

ELA eta LAB sindikatuek deituriko lanuztea da eta “lehenengo probintzia lan-hitzarmena” aldarrikatuko dute. Langileak lau urtez egon dira “baldintza duinak” galdegiten eta ekainean berriro biltzen hasi zirenetik “ez da aurrerapausorik eman”.


2024-10-09 | Leire Ibar
Erretiro adina aurreratzeko lanuzteak egitera deitu dute garraio sektorean

Sektoreko gidarien "egoera prekarioa" salatu eta lan baldintzak hobetzeko premia azpimarratzeko egin dituzte deialdiak CCOO eta UGT sindikatuek. Hiru sindikatuak eskaerak "oso motz" geratu direla kritikatu du. Hego Euskal Herrian 50.000 langile inguru daude... [+]


2024-10-03 | Leire Ibar
UGTk Euskotreneko hizkuntza eskakizunen aurka jarritako eskaera atzera bota du EAEko Justizia Auzitegiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du UGT sindikatuak Euskotreneko egonkortze prozesuko euskara eskakizunen aurka egindako eskaera. UGT sindikatuak horren aurka eskaria egin zuen eta epaileak azpimarratu du eskakizunak UGTk berak sinatutako lan-hitzarmenean onetsita... [+]


2024-10-01 | ARGIA
Lansarien, pentsioen eta zerbitzu publikoen alde, greba eguna da gaur Ipar Euskal Herrian

Sindikatuen arabera eragina izaten ari da, bereziki garraio publikoan, Baionatik iparralderat.


2024-09-19 | ARGIA
Euskal preso politiko bati langabezia jasotzeko eskubidea aitortu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du hirugarren graduan dagoen presoak eskubidea duela langabezia jasotzeko. LAB sindikatuak aurrekari gisa ikusi du epaia eta urrats bat dela dio "presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean".


Beste langile bat hilik aldamiotik erorita: “Lan-segurtasun araudia ez da betetzen”

Irunberriko etxe partikular batean lanean ari zela erorita hil da 42 urteko iruindarra. Sindikatuen esanetan, lan-segurtasun araudia "ez da betetzen" eta erantzukizunak argitzeko eskatu dute. LABen arabera, jadanik 42 dira Euskal Herrian lanean ari zirela hildakoak.


LAB-ek 50 urte bete ditu
Ezker abertzaleko baso hartatik, arbola bakarra zutik

1970eko hamarkadaren erdialdean sigla dantza itzela zegoen euskal panorama soziopolitikoan, eta horien artean mordoxka bat ezker abertzalekoak. Mende erdi geroago, denboraren higaduraren edo errepresioaren ondorioz, horietako gehien-gehienak desagertuta daude, arbola bakarra... [+]


Etxeko langileen lan segurtasunerako dekretua: eskubideak bai, baina hutsune handiak ere bai

Espainiako Ministro Kontseiluak etxeko langileentzako osasun-azterketak, formazioa eta lan-arriskuak ebaluatzea ezartzen duen dekretua onartu berri du. Baina dekretu horrek arrakala garrantzitsuak ere baditu: langileari “sekretu profesionala” mantentzea eskatzen dio,... [+]


2024-09-09 | Ahotsa.info
Hezkuntzako sindikatuek irailaren 26rako greba deialdia aurkeztu dute Nafarroan

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza publikoko sindikatuek (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) 2024ko irailaren 26ko ostegunerako greba deialdia aurkeztu dute Hezkuntza Departamentuko erregistroan.


Amezketako paper fabrikako langilearen heriotza salatu dute

30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.


Stop azpikontratazioa

Esku-hartze sozialeko sektore publikoaren alde.


Eguneraketa berriak daude