argia.eus
INPRIMATU
Eskua altxatzeko artea
Edu Zelaieta Anta 2024ko irailaren 11

Ikasle asiriar eta babiloniarrek ez zuten ezagutzen eskua altxatzeko artea. Mendeak igaro behar izan ziren, bai eta beharbada milurtekoren bat ere, Egiptoko eskola bateko ikasle batek, zerbait galdetu nahi baitzuen, eskua altxatzeko artean saiatzeko: azalpen bat ematen ari zen maisua eta, nonbait ere egia horren inguruko zalantza sortzen hasita, eskua altxatzeko bulkada sumatu zuen ikasle hark.

Galdera egiteko keinu xelebrea ikusita, asaldaturik begiratu omen zioten gainerakoek. Haren jakin-min naturalarekin eragindako eskandalu giroaz lotsatu zen egiptoar txiki hura, eta altxatua zuen eskuarekin, zer egin ez zekiela, burua hazkatu zuen azkenean. Egia da ikasle hura ez zela ailegatu deus ere galdetzera, baina eskua altxatzeko artearen lehen urratsa eman zuen. Urratua zen bidea.

Halatsu kontatu zuen Gianni Rodarik ipuin baten hasieran. Zalantzaren alde. Jakin-minaren alde. Solasaren alde. Eta ipuin hori irakurrita bezala egin dizkizute galderak, ikasturte berriaren hasieran: Non kudeatu dute ongi (kultura) aniztasuna? Zein gizartetan lortu dute (kultura) aniztasuna gatazka-iturri ez izatea?

Rentrée on.