argia.eus
INPRIMATU
Erantzun konplexuen alde
Maialen Arteaga @MaialenArteaga 2024ko irailaren 11

Garai hiper azeleratu eta likido hauetan erantzun sendoek heldulekuak eskaintzen dizkigute. Erraza da krisi garaietan halako premisa bati heldu eta zure egitea, bandera altxatzeraino. Inguruan gertatzen ari den guztia ulertzeko erantzunak behar dituzu, erantzun azkarrak; eta horrek, sarritan, errudunak inguruan bilatzera garamatza. Gora begiratu beharrean analisia buruaren errotazioak baimentzen duen 180 graduetara mugatzen duzunean, bukatzen duzu eskuinak behin eta berriz errepikatu duena zure ahotsetik esaten (literalki esaten ez bada ere, iradokitzen). Ideia batzuk erraz sartzen dira gure buruetan eta oraindik errazago aurkitzen dute erroldatzeko leku bat gure baitan. Bat-batean, justizia, borroka, askatasuna, eskubideak, aldaketa, herria... eta ezkerreko mugimendu eraldatzailearen hiztegia osatzen duten hitz potoloek eskuinaren agenda betetzen dute. Nekez izango du, ordea, askatasunak, justiziak edo herriak esanahi bera kontrakoa nahi dutenen ezpainetan. Izenak ez dakar beti izana. Ustekabean, gehiengoaren defentsan ari garelakoan gutxi batzuen betaurrekoetatik ariko gara mundua (edo buru bueltaren 180 graduak) irakurtzen.

Zapalduen dominak pilatzea helburu duen lehiaketa gisa erabiltzen dute zenbaitzuek intersekzionalitatea. Niri ez dit feminismoak hori erakutsi

Zurrunbilo horretan, ez da berria euskaldunak pribilegiodunak garela dioen diskurtsoa. Ez da berria, baina haize harro batekin ari dira orain plaza digitaletan. Euskara burgesiaren hizkuntza dela ere irakurri behar izan dugu azken egunotan. Ustez, klase ikuspegiaren babespean egiten diren hainbat analisik beste hainbat ertz ahaztera eraman ditu batzuk. Begi batean partxe bat jarrita ikusten denari ezin zaio analisi edo kritika deitu, ikusiko dugun hori osoa ez delako, eta ikusten dugun horretatik interpretatzen dugun errealitatea kamutsa izango delako. Klase ikuspegitik baino gehiago, pribilegioen mehatxuen lurrikaratik eginda daudela esango nuke. Kritika horietan zu, zure herrian zure hizkuntzan bizitzea ezinezko zaizun hori, orain, zure hizkuntzan bizi nahi izate hutsagatik pribilegioduna omen zara. Kontuz! Zure euskaltzaletasunari burgeskeria omen dario. Zapalduen dominak pilatzea helburu duen lehiaketa gisa erabiltzen dute zenbaitzuek intersekzionalitatea. Niri ez dit feminismoak hori erakutsi. Erakutsi dit, batzuetan errealitate konplexuak galdera eta erantzun konplexuekin baizik ezin direla irakurri. Erantzun konplexuek ez dute lekua horren erraz aurkitzen gure baitan, baina 360 graduko ikuspegiaz gehiago fio naiz. Merezi du.