argia.eus
INPRIMATU
Enric Marco: pertsonaia bi, larru berean
  • Hogei urte pasatu dira bazterrak nahasi zituen iruzurra argitara eman zenetik: Enric Marco, Holokaustoaren ustezko biktima bat, ez zen sekula kontzentrazio-esparru batean egon. Ez zen nolanahiko iruzurra izan, Marco bazelako nor: Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkartearen presidentea zen, eledun ezaguna, gaia pil-pilean ipini zuena, hedabidez hedabide adierazpenak emanda.

    Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute Moriarti ekoiztetxekoek fikziozko Marco filma, Perlak sailean. Jon Garaño zuzendariarekin hitz egin dugu.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko irailaren 11
Pelikulako fotograma bat. Eduard Fernandezek gorpuztu du Enric Marco; laudorio ugari jaso ditu lanagatik.
Pelikulako fotograma bat. Eduard Fernandezek gorpuztu du Enric Marco; laudorio ugari jaso ditu lanagatik.

30 urte baino gehiago iraun zituen gezurrak. Enric Marco (Bartzelona, 1921-2022) ezagun egin zen Espainian, edo hobe esanda bere istorioa, duela hogei bat urte. Wikipedia kontsultatu nahi ez duenarentzat, hona laburpen bat: publikoki, estreinakoz, 1976an esan zuen Marcok Alemania nazian egona zela preso, kontzentrazio-esparru batean; eta 2005ean ezagutarazi zen, tranpetan harrapatu zion historialari baten bitartez, gezurra zela dena. Egia zen, ordea, Alemania nazian egon zela, baina ez esandako urteetan. Eta nazientzat egon zen lanean. Preso egon zen, baina ez zuen esandako kontzentrazio-esparrurik zapaldu. Ez zen sekula berak saldu zuen “borrokalari antifaxista” hori izan.

Hizlari bereziki ona zen Enric Marco, eta horren bitartez heldu zen Mauthausen eta nazien kontzentrazio-esparruetan egondako deportatuek sortutako Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkartearen presidente eta eledun izatera. Aurrez, CNT sindikatuko buruzagietako bat izan zen. Karisma eta sinesgarritasuna transmititzen zuen, eta hitzaldi ugari eman zituen, bereziki ikastetxeetan, baina baita espazio agerikoagoetan ere: esaterako, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Asko agertu zen telebistan eta hedabide konbentzionaletan, mintzalari prestua eta abila zenez gero. Goia jo zuen hor, nahiz berez gorago ere heldu behar zuen. Izan ere, urtero Mauthausenen preso egonikoen topaketak egiten dira, urtez urte presidentetza aldatzen da, eta Espainia mahaiburu izatea bere proposamena izan zen; 2005. urtea zen hori. Horretarako, lortu zuen estreinakoz Espainiako Gobernuko presidente bat egotea ekitaldi horietan, José Luis Rodríguez Zapatero, babesa adierazten. Espainiak, mahaiburu izango zenez, hitzaldi nagusia emango zuen: Enric Marco zen hautagai printzipala. Berak eman behar zuen hitzaldia.

Baina gauzak ez zitzaizkion nahi bezala irten. Mauthauseneko egonaldiak baino egun gutxi lehenago, Benito Bermejo historialariak –Alemaniako kontzentrazio-esparruetan egon ziren espainiarren ikerketan aditua– Marcoren egia ezagutarazi zuen. Hilabeteak zeramatzan bere atzetik, susmoa zuelako gezurretan ari zela, dokumentu gorde batzuetan aurkituriko informazioek bestelakorik ziotelako: Alemania nazian egondakoa zen Marco, baina boluntario joana zen hara, Francoren eta Hitlerren arteko akordioaren bitartez, espainiar askok Alemaniako nazien armagintzan lan egin baitzuten. Marcorekin elkartu nahi zuen historialariak, aurrez aurre hitz egiteko zeukan informazioaren inguruan. Baina Marcok ez zion jaramonik egin. Bistakoa da zergatik. Urrunegi zihoan, Mauthauseneko hitzaldi hori ematea ez zen txikikeria, eta historialariak ez zeukan egia azaleratu besterik: aurkituriko proben txosten bana bidali zien Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteari eta Espainiako Gobernuari.

Ez zen bidea hor amaitu
Gezurretan harrapatuta ere, Marco jauna ez zen isilik geratu. Beste hamarkada batez, gutxienez, tematuta segitu zuen gaiarekin. Foku mediatikoen biktima zela zioen, “dibulgazio-lanak” egin zituela deportatuek bizitakoaren berri emateko eta jende batek eskerrak eman beharko zizkiola, berak ere sufritu zuela Alemania nazian egonda eta beraz zeresana bazeukala...

Bolo-bolo ibili zen hedabideetan, enegarrenez. Iruzurti gisa, baina hor segitu zuen hizketan. Eduki freskoa zen kazetarientzat. Dokumental bat egin zioten 2009an, kamerek Alemaniara lagundu ziotenean, benetan preso egon zen espetxe hartara eta beste lekuetara. Eta 2014an eleberri biografikoa idatzi zion Javier Cercas idazleak, El impostor (Iruzurgilea).

2024aren amaiera parte honetan, Moriarti ekoiztetxekoek Marco. La verdad inventada (Marco. Asmatutako egia) fikziozko pelikula estreinatuko dute. Azaroaren 8an helduko da zinemetara. Aurrez, Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean emango dute, saila ixteko.