argia.eus
INPRIMATU
Elhuyar anaiek baino lehen
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko irailaren 11
Tycho Brahe zientzialari daniarra astronomian nabarmendu zen arren, alkimian ere aritu zen, eta berriki jakin da wolframa erabili zuela bere esperimentuetan.
Tycho Brahe zientzialari daniarra astronomian nabarmendu zen arren, alkimian ere aritu zen, eta berriki jakin da wolframa erabili zuela bere esperimentuetan.

Knustrup (Danimarka), 1546ko abenduaren 15a. Tycho Brahe astronomoa jaio zen. Besteak beste, Kopernikoren Ilargiari buruzko teoria hobetu zuen, errefrakzioei buruzko lehen taula osatu zuen eta Johannes Keplerren irakaslea izan zen.

Beraz, astronomiaren alorrean egindako bidearengatik da batez ere ezaguna, baina Stjerneborgeko bere laborategia beste eremu batzuetan ere jarduteko erabili zuen Brahek; alkimian aritu zen luzaroan, botikak topatzea helburu.

Stjerneborg  lurpeko laborategia zen, Öresund itsasarteko Ven uhartean eraikitakoa. Laborategirik ez dago gaur egun, baina Brahek erabilitako materialen arrastoak geratzen dira, eta Kaare Lund Rasmussen Danimarka Hegoaldeko Unibertsitateko fisika, kimika eta farmazia irakasleak berriki aztertu ditu, Braheren alkimia jardunaz gehiago jakiteko. Nikela, kobrea, zinka, eztainua, merkurioa, urrea, beruna… aurkitu ditu, baita garai hartako zientzialarientzat ia ezezaguna zen elementu bat ere: wolframa edo tungstenoa.

W ikurra eta 74 zenbaki atomikoa duen elementua Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek isolatu zuten lehenengoz 1783an. Baina bi mende lehenago Brahek bere laborategian wolframa esku artean izan zuela dakigu orain, eta ez zen lehena izan.

W ikurra eta 74 zenbaki atomikoa duen elementua Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek isolatu zuten lehenengoz 1783an. Baina bi mende lehenago Brahek bere laborategian wolframa esku artean izan zuela dakigu orain, eta ez zen lehena izan

1546an, Brahe jaio zen urte berean, Georgius Agricola minerologo alemaniarrak De Natura Fossilium liburuan esperimentu baten berri jaso zuen: eztainua galdatzen saiatzen ari zela, ezohiko substantzia baten formazioaz konturatu zen. Substantzia hari wolfram deitu zion. Rasmussenen ustez, litekeena da Brahek Agricolaren lanean izatea substantziaren berri eta, hortik abiatuta, elementuaren propietateak aztertzen hastea.

Wolframa pisu handiko elementua da eta, hain zuzen, hortik datorkio bigarren izena: tungsteno hitzak suedieran du jatorria eta “harri astuna” esan nahi du. Propietate hori dela eta, elementuarekin topo egin zuten alkimisten jakin-mina piztuko zuen ziurrenik, baina wolframita minerala ez da oso ohikoa eta harekin egindako esperimentu gutxiren berri iritsi zaigu. Rasmussenek uste du Brahek medikuntzarako erabili nahi izan zuela, baina, oraingoz, ez du erantzun garbirik.

Aurrerantzean Braheren laborategiko material lagin handiagoak aztertzeko asmoa du, Elhuyar anaiek baino lehen elementu kimikoa zenbateriano ezagutzen zen eta zertarako erabili zuten hobeto jakiteko.