Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak, sare sozialetako interakzioak… itxuraz loturarik gabeko segida zoro bat osatzen dute. Gaur ikerketa baten albistea jasotzen dugu non, muturreko beroaren ondorioz, Europan, aurreko urtean, 43.000 pertsona hil zirela esaten zaigun, eta bihar turismoak, berriro, errekorrak hautsi dituela esango zaigun, pozarren. Atzo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko CO2 isurien inbentarioa argitaratzen zen, isuriak %4,7 igo direla egiaztatuta, eta gaur errepideak (eta gasolindegiak) autoz lepo bete eta zeruak hegazkinez josi ditugu. Urte osoan desazkundea guda-oihu gisa erabili duen hainbatek gaur urruneko txoko xarmantetatik turismoz beteriko argazkiak zintzilikatu dituzte sare sozialetan.
EAEko auto-hornidura energetikoa %8,7 ziztrin bat besterik ez da, edo alderantziz esanda, kontsumitzen dugun energiaren %91,3 kanpotik dator
Edozein kasutan, niretzat, ia oharkabean pasa bada ere, Energiaren Euskal Erakundearen azken balantze energetikoa izan da, berriro, gehien kezkatu nauen argitalpena. Hain dira eskasak datuak, salagarri bezain ulergarri suertatu zaidala udako nahasmenean argitaratu izana. Badira izutzeko moduko hainbat datu, baina hiru azpimarratuko ditut. Bat, erabilitako energiaren %47 petrolioa erretzetik dator; bi, EAEko auto-hornidura energetikoa %8,7 ziztrin bat besterik ez da, edo alderantziz esanda, kontsumitzen dugun energiaren %91,3 kanpotik dator; eta, hiru, kontsumitzen dugun elektrizitatearen %6,6 bakarrik dator bertako iturri berriztagarrietatik. Hori bereziki larria da, zeren, kanpoan ekoitzitako elektrizitatearekiko sekulako menpekotasuna izateaz gain, bertan sortzen den elektrizitate gehiena gasa erretzetik baitator. Eta, noski, ezin ahaztu gasa erretzetik datorren megawatt bakoitzak berriztagarrietatik datozenak baino askoz CO2 isuri gehiago dituela, nazioarteko aldaketa klimatikoaren panelaren arabera. Hain zuzen ere, 44 aldiz gehiago, adibidez, eolikoarekin alderatuta. Hori ere kontutan hartu beharko da ematen ari garen eztabaidetan, ez?
Kontraesanak kontraesan, ikasturte berria heltzen ari da eta Augusto Monterrosoren mikroipuin famatua parafraseatuz [esnatu zenean, dinosauroak hor jarraitzen zuen], esan dezakegu oporrak amaitzen ari zaizkigun honetan arazoek hor jarraitzen dutela, krisi ekologikoari aurre egiteko uda bat gutxiagorekin, hori bai. Jarrai dezagun eztabaidan arazoaren tamaina eta konplexutasuna alboratu gabe, arren.