Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun horrekin? Norbanakoon arteko elkarreragina, taldetasuna eta inguratzen gaituen munduarekiko harremana dakartza mahai-gainera, besteak beste, Egurats zabaletako izendaezinak (Maiatz, 2024) lanak. Poemok jasotzen dituzten galderen jatorria ezagutzeko asmoz batu gara idazlearekin.
Zure izenean argitaratu duzun lehenengo poesia-liburu osoa da Egurats zabaletako izendaezinak. Nola sortu zen lanaren lehenengo hazia?
Aspaldi hasi zen ibilbidea. Nafarroaren Egun batean Maiatz argitaletxeko arduraduna eta koordinatzailea den Luzien Etxezaharreta ezagutu nuen, eta hasierako momentutik hasi ginen poesiaz solasean. Nire poemak harekin konpartitu nituen, eta halako ibilbide bat hasi zen. Hasierako momentutik adierazi zidan sekulako konfiantza nire poesiarekiko, eta horren adierazle da Maiatz aldizkarian hasi zirela agertzen poema horiek. Duela dezente izan zen hori; hamar urte erraz.
Liburuaren proposamena beti egon da mahai gainean, baina garai hartan eta gerora ere ez nuen momentua zenik sentitu. Orain arte.
Eta lan honen sorkuntza-prozesua, berriz, nolakoa izan da?
Joan den urteko apiril inguruan elkartu nintzen Luzienekin, eta aipatu nion bazirela hor zenbait poema zeintzuk iruditzen zitzaidan indar gehiago bazutela edo zentzua hartzen zutela elkarren ondoan egonda. Ondorioztatu nuen akaso egon zitekeela hor liburu bat. Orduan hasi zen liburuaren proiektua. Beraz, poema gehienak aurretik sortutakoak dira, eta urte horretan zehar poema bakoitzaren lanketan zentratu zen: hitzak aldatzen, forma aldatzen... Poema bakoitzean sakontzen. Prozesuan ere sortu ziren poema berriak, baina gehienak aurretik idatzitakoak dira.
Prozesu bakartia izan da, edo bidelagunak izan dituzu hurbil?
Bi gauzak. Arras bakartia izan da, baina izan ditut lagunak hurbil, aholkatzen. Beharrezkoa da.
Elkarrizketa egiteko idatzi nizunean, lehen unetik eskerrak eman zenizkidan, liburua irakurtze hutsagatik, “lan zaila” dela diozulako. Mezu hori jaso al duzu kanpotik?
Bai, tira, hori beti ateratzen zait: jendeak liburua irakurtzen duenean, joera dut eskertzeko, ez dakit berria delako, horretan berria naizelako edo... Baina kontziente naiz irakurketa zaila dela. Uste dut jendea poesiaren beldur dela nolabait, halako mesfidantza bat ere baduela. Ulergarria da, lengoaia poetikoak mundu abstraktu batera eramaten zaituelako, mundu berrietara, eta akaso urrun sentitzen ditugun munduetara. Uste dut edonork irakurtzen ahal duela poesia, baina lengoaia poetikoan sartzeko behar dela epe luzerako halako konpromiso bat, poesia irakurtzen ere ikasi egiten delako. Nik ere izan dut halako bizipen bat: zenbait autore irakurri eta deus ere ez ulertu, sobera abstraktua delako, edo ez naizelako iritsi mezua ulertzera. Horrek eragiten du frustrazio bat irakurle bezala. Baina gero konturatu nintzen gakoa zela, justuki, irakurtzea: irakurtzea eta irakurtzea, poesia liburu bat behin irakurrita ez baituzu gehiegi harrapatuko; bi, hiru irakurraldi behar dira, beharrezkoa da benetan sakontzea.
Liburua “inoiz lurreratuko ez den hipotesia” dela dio poema batek; izan ere, ideiei tira egin eta pentsamenduan sakontzeko modutzat har litezke testuok. Zertarako darabil poesia Egurats zabaletako izendaezinak-ek?
Nik uste dut liburuak nahi bat duela funtsean: irakurlea bere giza baldintzaz jabetzea. Ariketa bat egitea eta hortaz kontzientzia hartzea. Baldintza hori zuzenki lotuta dago bizitzako zenbait espaziorekin, izendaezinak diren espazio horiekin zuzenean konektatzearekin. Hor badago ezintasun bat, espazio izendaezinak baitira, eta ondoriozko ezinegona, beti piztua, ezin garelako haiengana hurbildu.
Erranen nuke bizitzan badirela, izenburuak ere azpimarratzen duenez, zenbait espazio izendaezinak direnak, misterioarekin lotu izan direnak, eta badutenak berezitasun bat: bi indar topatzen ahal dira haiengan, erakartze-indarra eta uxatze-indarra. Erakartze-indarrak sortzen du bizitzeko gogoa, motorra, pasioa... Eta bideratzen du bizitzaren zentzua. Baina era berean badago uxatze-indar bat, noski, izendaezinak direnek ez baitute izendatuak izan nahi. Eta ondoriozko frustrazioa. Poema-liburu hau inguru horretan sortu da, galderen eremuan. Hor du zentzua liburuak: galderan. Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean.
Hor badago paradoxa bat liburua definitzen ahal duena: galderak konstanteki bilatzen du erantzun bat, hori da galderaren esentzia, baina, era berean, galderak, hala izanda, ez du erantzunaren bitartez haren galdera izaera galdu nahi. Zentzugabea eman dezake, baina funtsezkoa da liburuaren testuinguruan eta galderen eremu honetan.
Helburua zentzu propio bat eraikitzea da, baina ez hainbertze zentzu bakarti batean, baizik eta kolektiboan baita ere.
"Uste dut jendea poesiaren beldur dela"
Idazketa “kateak labainarazten dituen hasperen” batekin ere ei dator. Hitza eta ekintza eskutik baitoaz lan honetan: hitzak badu egoteko eta egiteko modua aldatzeko gaitasunik.
Hori aurretik aipatutako espazio izendaezinetara iristeko egiten den bidearekin dago lotuta. Izan ere, nahiz eta jakin badakigun bideok helmugarik ez dutela, horrek ez die zentzurik kentzen. Bizitzarekin gertatzen den bezala: hemen gaude, bizirik gaude, ez dakigu zertan ari garen sobera ongi, baina horrek ez dio zentzurik kentzen. Kontrara, eman egiten dio.
Horrek halako erronka bat ere suposatzen du, liburuak ez duelako baieztapenik eskaintzen, ez diolako bide itxirik ematen irakurleari. Gizakia ahul sentitzen da egoera horietan, eta gaur egun aise gehiago, dena bideratua edukitzeko beharra baitugu. Eta erronka da, baita ere, gelditasuna eta isiltasuna eskatzen dituelako. Kontziente izan beharra dago jarrera hori eduki behar dela. Hori da asmoa, jarrera horretara bideratzea.
Poemen formari begiratuta, eszena txiki, zehatzak baliatzen dira ideia orokorragoei zentzua topatzeko.
Nik uste, irakurlearentzat, inportantea dela konkretutik abstraktura joatea, eta abstraktutik konkretura. Lur bat eduki behar da poeman gero ideiara joan ahal izateko eta berriz itzultzeko; joko horretan mugitzen naiz beti. Lurra zapaldu behar da poema ulertzeko, gorputza sentitzeko bertan.
Bestalde, nik bizi ditudan eszenak dira, liburuak ardatza nigan baitu, baina uste dut ez dela nigan gelditzen, askapen-prozesu bat egon dela, mundua ulertzen saiatzeko.
Badago hor kolektibo bat, gu-tasun bat presente dagoena, ahots poetikoa barnebiltzen duena.
Gu-tasun horrek baditu bi ardatz nagusi: jatorri berdina dugula, eta bizitzari zentzua bilatzen diogula etengabe, izan modu kontziente edo inkontzientean. Hortaz, poema-liburu honek ez du hainbeste identitatea biltzen, baizik eta saiatzen da nolabait hura gainditzen, eta erantzun bat bilatzen identitateaz harago dagoen zerbaitengan. Pertsonokin lotzen dudan joera da: norbanakoarekin, gizatasunarekin eta genealogia batekin.
Kolektiboak norberarengan duen eraginaz jakitun, bere burua eraiki nahi duen ahots bat ere bada liburuan. Idazteak ere badu horrekin zerikusia.
Dudarik gabe, eta liburuan horrek badu sekulako garrantzia. Saiatzen naiz azpimarratzen kolektiboak gugan duen eragina eta guk kolektiboarengan duguna, aldebikoa baita. Hau zuzenki lotuta dago liburuan aski zentrala den beste gai batekin: mugarekin. Lehenbiziko poema solastatzen da mugaz lehenbiziko momentutik, erditze-momentutik, eta horrek suposatzen duenaz: haurra sortzen denean, munduak egin du bera, espazioaren bitartez gorpuztu da. “Espazioak definitu zaitu”, dio. Eta noski definitu zaituela, baina horrekin ez da aski: hori gertatzen da, baina gero, gorputz horretan dagoen izatea izate bilakatzeko, behar du bertzearen begirada. “Begiratua naiz, beraz, banaiz”. Horrek beteko du existentziaz izate hori. Izugarrizko garrantzia du begiradak. Baina hor badago prozesu bat, haustura eta pertzepzio-aldaketa oso bat, helduarora iristen garenean; izan ere, badirudi bat-batean bertzearen begirada mehatxua dela, ezinegon-puntu bat sorrarazten du. Baina begirada, existentziaren hutsunea betetzen duena izanik, nola izango da mehatxu? Uste dut hor badagoela behar bat begiradaren poetika batena, lengoaia berri batena. Hortaz idazten dut modu obsesiboan begiradaren inguruan.
“Uste dut gaur egun bizi garela denbora guztian isiltasuna saihesten, batez ere ez omen delako zerbait produktiboa edo erabilgarria. Denok dakigun zerbait da, baina gero ez dugu isiltasuna praktikatzen”
Liburuko argazkiek, berriz, ingurura begiratzeko gonbita egiten digute. Nola bururatu zitzaizun poema artean irudiak txertatzea?
Irudiena izan zen kuriosoa, izan ere, Luzien izan zen hasiera baten proposamena egin zuena. Buruan gelditu zitzaidan ideia, eta liburua sortu zenean konturatu nintzen bazirela zenbait poema akaso astunegiak zirenak, eta pentsatu nuen argazkiak interesgarriak izaten ahal zirela horretarako: atsedenleku bat emateko poemen artean, ideien artean.
Argazki guztiak zuri-beltzean daude, baita azalekoa ere. Hori hasieratik hartutako erabakia izan zen, uste nuelako barne-mundua ez dela koloretan ulertzen, kontrasteen bitartez baizik, argi-jokoen bitartez. Halako koherentzia bat mantendu nahi nuen pentsamendu-maila horrekin.
Argazkiek ere zentzu poetikoa izan nahi dute liburuan, eta izan nahi dute leiho bat, poema irakurri eta ikusteko zer begirada dagoen ortzi-muga horretan.
Argazkiekin batera, poemen forma aldakorrak egitura ziklikoa eman diezaioke lanari: “pausekin” datozen poema laburrak, prosan idatzitako poemak, elkarrizketa-gidoiak… Bilatu duzun egituraketa da?
Bai. Bazuen helburu bat, justuki: liburuarekiko ezagutza bat piztea. Lehen erran dugu komeni dela liburu bat behin eta berriz irakurtzea, irakurtzen ari garena ezagutzeko. Uste dut irakurleari eskaini behar zaizkiola nolabaiteko ardatz edo ainguraketa-puntuak non sostengatu. Bizitzan gertatzen den bezala. Pertsona bat ezagutzen dugunean, formak zaintzen ditugu, ez gaude hain presente edukian. Baina gero, ezagutzan sakontzen dugun heinean, hor badago espazio seguru bat. Eta uste dut liburuekin ere gertatzen dela: liburua ezagutu, ireki, eta behin hor dagoela, orduan hasten ahal gara barneratzen irakurtzen ari garena.
Elkarrizketa-gidoiek nolabaiteko dialektika bat baliatzen dute liburuko gaiei sarrera emateko. Zergatik formatu hori?
Poesia elkarrizketa moduan ulertzen dut, eta maiz ateratzen ditut poemak elkarrizketetatik, formatu horretan bertan ere. Solasaldi bat izatea suposatzen du, eta bada irakurlea erakartzeko modu bat ere, nahi gabe bilatua dena, baina baduena zentzu guztia. Mugimendu dialektiko batean gauzak hurbilago sentitzen dira, eta hizkuntza-maila lagunartekoago batekin, berdin. Beraz, modu bat da irakurleari esateko: “Zu hemen presente zaude, liburu honen parte zara”.
Gorputza ere nabari zaio liburuari, ideiei lotua dagoela eman arren.
Hori da asmoa, gorputz horren bitartez irakurleak ulertzea hau ez dela liburuaren eta idazlearen arteko zerbait bakarrik, baizik eta berak ere ardura bat duela ematen den eduki horretan. Horrek erabat aldatzen du irakurketa.
Beraz, bilatzen duzu irakurleak sortzea bere esanahi-sorta propioa zure testuetatik abiatuta.
Bai, hori da liburuaren helburua: espazio bat eskaintzea irakurleak bere zentzua garatu dezan.
Hain zuzen, kontzeptuen birdefinizioak pisu handia du liburuan. Behin eta berriz azaltzen dira muga, lilura, basamortua, ezponda...
Erraten dute idazle bakoitzak baduela bere hiztegi propioa, bere unibertso propio, bere lengoaia. Nik kanpotik begiratuta batzuetan ikusten dut badela hala, badagoela halako hiztegi bat, harremanean dagoena akaso presentziaren ideia batekin: presentzia landu hiztegi baten bitartez, pertsona gorpuztu ahal izateko eta harremanaren kontzientzia hartzeko.
Isiltasuna da agian kontzeptu errepikakor horietan garrantzitsuena. Nola ulertzen dugu isiltasuna, eta zer da Egurats zabaletako izendaezinak-en?
Etengabe bilatzen dut isiltasunak toki zentrala izatea liburuan. Ez da asotsaren kontrako isiltasuna, baizik eta ideien edo pentsamenduaren hutsunearen isiltasun bat. Hortik hasten baita mugaren pertzepzioa, eta hori beharrezkoa da gero ezagutzaren mundura salto egiteko, mundu berriekiko konexioak irekitzeko. Hori da gakoa.
Uste dut gaur egun bizi garela denbora guztian isiltasuna saihesten, batez ere ez omen delako zerbait produktiboa edo erabilgarria. Denok dakigun zerbait da, baina gero ez dugu isiltasuna praktikatzen ohiko bizitzan. Eta uste dut ate aunitz irekitzen dituela, nahiz eta ez diegun erabilgarritasun bat bilatu behar: isiltasuna, bere baitan, bada. Hor hasten da, eta hor akitzen.
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]
Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.