argia.eus
INPRIMATU
Medailez gain, bideozaintza eta gentrifikazioa ere utzi dizkiete paristarrei olinpiar jokoek
  • Olinpiar Jokoek eta Paralinpiarrek dakarten "festa" gutxietsi gabe, kostu sozial, ekologiko eta ekonomiko izugarria eragin dutela dioten ahotsak ere badira, entzun nahi izanez gero. Horretan dabiltza Frantziako Legebiltzarretik, LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko hautetsiak eta karrikatik,  ehun bat elkarte eta sindikatu biltzen dituen Le revers de la médaille [Medailaren ifrentzua] kolektiboa. Alde sozialari begiratu eta hiru ondorio nagusi azaleratzen dabiltza: eragindako etxegabeen kanporaketak, ondorioztatu gentrifikazioa eta algoritmo bidezko kontrol soziala.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko irailaren 04a

Bukatu da festa handia, bukatu dira Parisen iragandako Olinpiar Jokoak, eta "bozkario popularra" azpimarratu da balorapena egiterako orduan. Berez festa ez da bukatua, printzipioz hitzorduaren erdibidean beharko genuke, Olinpiar Jokoak bukatu eta Paralinpiarrek hartzen dietelako segida. Baina hain dugu kapazitismoa oinarrian, non eta bigarren parte horri ez zaion kasik inportantziarik, arretarik eta aipamenik bideratzen.

Emmanuel Macron presidenteak bere politika hauspotzeko eta bere kontrako kritikak deuseztatzeko baliatu du kirol hitzordu nagusi hori: "Erran nahi dizuet zenbat harro nagoen frantsesez. Galtzaile bat dago: porrotaren espiritua. Badu zazpi urte Olinpiar Jokoak hartzea zoroa zela azaltzen zigutela guztiek; Sena ibaiaren gaineko irekiera ekitaldia segurtasunari begira arduragabekeria ziurra zela; inoiz ez genuela domina nahikorik irabaziko; zulo finantzario bat izango zela; Sena ibaian ezingo zela bainatu... Eta azkenean lortu da, egin dugu!". Horra balorapen orokor ofiziala, nagusiki zabaldurikoa: alde orotarik baikorra da emaitza.

Alta, uda giroa uda-girotzeko eta egunerokoaren zama arintzeko hitzordu honek herritarrengan duen eragina gutxietsi gabe, Olinpiar Jokoen eta Paralinpiarren itzalguneak ere bistarazi nahian dabiltza herritar batzuk. Sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki eragindako kalteak hor dira eta horiek neurtzeko ikerketa batzorde popular bat osatu berri du LFI Frantzia Intsumisoa alderdi ezkertiarrak. Kirol arloko eragileak, kolektibitateak, sektore publikoko zerbitzuak eta erabiltzaileak, herritarrak, bazterketaren aurkako aktibistak... guziekin bildu eta azterketa mamitsuago bat azaleratuko du LFIk. Gozoaz gain, gazitik ere duelako kirolarien eta kirolzaleen hitzorduak: "2024ko Olinpiar Jokoen irudi miresgarriaren ondoan, tonaka umek ezin dute kirolik egin".

14.000 etxegabe kanporatuta

Le revers de la médaille [medailaren ifrentzua] izeneko eragilea dabil Paris eta bere inguruetatik kanporaturiko etxegabeen kopurua osatzen. 2023ko maiatzetik aurtengo ekainera, zehazki 12.545 lagun kanporatu dituzte Olinpiar eta Paralinpiar Jokoen eremutik –14.000 lagun, uztailean kanporaturikoak kontuan hartuta–. 104 kolektibo, elkarte eta sindikatu biltzen ditu Le revers de la médaille taldeak eta tartean dira, besteak beste, gosetearen aurkako Action contre la Faim, LDH Giza Eskubideen Aldeko Liga eta etorkinen alde dabilen La Cimade elkarte ezagunak. Xeheki aritu dira kanporatze bakoitza zenbatzen, kanporatze-ordenantza ofizialak ikertzen eta lekukotasunak biltzen. Frantziako beste eskualdeetako urgentziazko aterpetze zerbitzuetara bidaliak izan dira ia erdiak –5.600 lagun–. Baina, kasu: aste bakar batzuentzako balio izan du aterpetze soluzioak, eta bistan denez, karrikan segitzen dute orduz geroztik, oro har leku eskasa badutelako urgentziazko zerbitzu horietan.

Frantziako Estatuko beste hiri batera bidalitako 5.600 horien profilari so egin eta Frantziako Gobernuaren harrera politika eskasarekin egiten dugu topo. Denak dira etorkinak eta horietarik %40 papergabeak izanik egonaldi baimenaren eskaera egitera bultzatu dituzte –estatutik kanporatuak izateko arriskua bizkortuta, paperak lortzeko baldintzak geroz eta gogorragoak direlako Frantziako Estatuan–.

Sozialki, ekologikoki eta ekonomikoki eragindako kalteak neurtzeko ikerketa batzorde popular bat osatu du LFI Frantzia Intsumisoa alderdi ezkertiarrak

Inguruko hirietara bideratuak izatea errefusatu dutenak ere badira: horietariko 1.300 Pariseko zerbitzuetan aterpetu dituzte baina 30 egunentzat soilik, eta adin ttipikoak kirolegietan metatu dituzte –horientzat ere, aste bakar batzuetarako aterabidea izanik–.

Horiek horrela, Pariseko karriketatik kanporatu ondoren benetan berriz aterpeturikoen kopurua 216koa da: %1,5 inguru. "Euri tanta bat", Le revers de la médaille kolektiboaren hitzetan; baina "Olinpiar Jokoen eragin humanoa", Macronen hitzetan.

"Aitzineko Olinpiar Jokoen gisara, karta postalean kabitzen ez direnak bazter utzi dituzte Parisekoek ere. (...) Penagarria da ikustea hiriaren errealitatea eta bere baitako pobrezia gordetzeko joera hori. Tapizaren pean gorde eta ez zaio begiratzen", dio Antoine De Clerck Refugee Food taldeko militanteak. Iritzi berekoa da atleta ohi eta ikerlari Jules Boykoff amerikarra ere. Olinpiar Jokoetan aditua da eta hitzordu horiei harrera egiten dieten hirietan egon ohi da, sozialki eragindakoa ikertzeko. Dioenez, gisa horretako hitzorduek ondorioztaturiko gentrifikazioa saihestezina da. Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak hartu dituen Seine-Saint-Denis departamendua Frantziako txiroena da eta herritarren %28,4 pobrezian bizi da.

Gentrifikazioa, saihestezina

Saint-Denis hirian eraiki dute, demagun, kirolarientzako auzoa, 9.000 paratletentzako eta 14.500 atletentzako aterpeak. Anarteko etxebizitzak dira, baina udazkenetik aitzina, obrei lotu eta  etxebizitza egonkor bihurtuko dituzte, orotara 2.200 bizitoki berri proposatuta. 7.000 eurotan salduko da metro koadroa, berez 4.000 eurotan delarik gaur egun bertako metro koadroa. Hots, hein handi batean etorkinek eta langileriak osaturiko bertako biztanleriarentzako eskuraezinak izanen diren etxebizitzak utzi dizkie kirol arloko hitzordu famatuak. Eskaintza horrek biztanleria berri bat ekarriko du, eta funtsean, jadanik nabari da, ikusirik %30-%40az emendatu direla azken bost urteetan Saint-Deniseko etxebizitzen prezioak.

Atletentzako auzoaren gisara, beste azpiegitura andana eraiki dute. Lekuko espazio eta bizi dinamiketan eragin dute, orain artekoa erabat bestelakotuta: zazpi hektareako Aubervillierseko baratze kolektiboaren parte bat desagertu da Olinpiar Jokoen igerilekua eraikitzeko; Dugnyko parkea betoiez estali dute, kazetarientzako auzoa eraikitzeko –eta hiru eskola, hotel bat, bi bizitoki eta hemeretzi enpresa deseginda–...

"Olinpiar estraktibismoa" izena jarri dio prozesu urbanistiko horri Seine-Saint-Denisen bizi den Jad Lindgaard kazetariak: "Estraktibismoak meatzaritza edo petrolio industria bati egiten dio erreferentzia. Lurralde pobre batean, lurretik baliabideak ateratzen ditu, gero nazioarteko merkatuetan balorizatzeko. Balio finantzario horrek industriari egiten dio mesede, eta ez bertako ekosistema suntsitzearen prezioa ordaintzen duten biztanleei. Paris 2024rako, higiezinen kapitalismoa hiria erabat birkonfiguratzen aritu da. Diru anitz xahutu da, epe azkar batean, biztanleak kontsultatu gabe. Kontua da inbertitzaile pribatuei egingo diela mesede, eta ez biztanleei. Salduko diren etxebizitzak Seine-Saint-Denisen dauden pertsona gehien-gehienentzat eskuraezinak izango dira, bankuetako kredituak eskuratzeko aukerarik ez dutelako. Arazo bat da, justizia sozialari dagokionez". Paris 2024. Une ville face à la violence olympique (Parise 2024. Hiri bat, olinpiar indarkeriarekin parez pare) liburua atera berri duela, elkarrizketa eskaini dio Reporterre komunikabide independenteari.

Paris inguruko espazio berde andana suntsitu dituzte Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako azpiegiturak eraikitzeko. Tartean,  Aubervillierseko baratze kolektibo ezagunen zati bat. Argazkia: Reporterre/Nnoman
Algoritmoen kontrola

Lekuko biztanleriarentzat pentsatu gabeko azpiegitura horien antzera gelditzeko etorri zitzaizkien kamarak eta irudien arakatzeko algoritmoak. Zainketarako teknika hori legeztatzen duen Europar Batasuneko lehen estatua da Frantzia. Zehazki, algoritmoei uzten zaie irudien kontrola eta kasu honetan, zortzi fenomeno identifikatzeko ardura: aurkako norabiderako mugimendua; gune debekatu batean sartzea; arma baten presentzia edota erabilera; sute baten abiatzea; jende-pilaketen mugimendua; pertsona bat lurrean; jendetza handiegia; eta pakete abandonatua. Identifikatuz gero, alerta bideratzen dute algoritmoek. Esperimentazio bezala aurkeztu dute, eta Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak pasa ondotik ere bideratuko dute "kirol hitzorduetan, manifestazio kulturaletan eta aisialdi uneetan", behintzat 2025a arte. Arlo numerikoa eta giza eskubideak aztertzen dabilen La Quadrature du Net elkartea kezkaturik da: Olinpiar eta Paralinpiar Jokoentzako pasatako lege hori "Troiako zaldia" da, geratzeko eta jendartean orokortzeko etorritakoa.

“Hiria birkonfiguratzen aritu da higiezinen kapitalismoa. Diru anitz xahutu da, biztanleak kontsultatu gabe. Inbertsitzaile pribatuei egingo die mesede, eta ez biztanleei”

Giza eskubideen eta askatasunen aurka doan teknika dela dio elkarteak, hain zuzen, giza jarrerak arakatzen dituelako. "Gure bizietara sartzeko urrats bat gehiago da, teknologia geroz eta intrusiboagoekin dabiltza. (...) Azken urteetan Poliziaren zainketa-boterea geroz eta gehiago zabaltzen dabiltza Frantziako autoritateak. Kamera gehiago, drone gehiago eta orain algoritmoak. Kezkaturik gara agian ondoko urratsa aurpegi ezagupenarena izango delako. Eskubideen aurka doa hori", dio Amnesty Internationaleko Katia Rouxek.

Azkenean Jokoz Joko, gauza bera dugu: gertakizunak sorturiko euforia eta kameren fokutik bazter, berriz, kalte sozial eta ekologikoak. Parisen salaturikoa, salatu zuten Tokion, Rio de Janeiron, Londresen... eta salatuko dute Los Angelesen hemendik lau urtera. Saihestezina dirudien fatalitate hori "memoria militantearen transmisio-ezari" lotzen du Lindgaard kazetariak, baita Olinpiar eta Paralinpiar Jokoek duten "irudi oso baikorrari" zein CIO Nazioarteko Olinpiar Batzarra munduko elkarterik aberatsena izateari ere: "Indar harremana ez doa herritarren alde".