Donostiako Musika Hamabostaldia
Euskadiko Orkestra: Zuzendaria: J. Rohrer.
Donostiako Orfeoia: Zuzendaria: J.A. Sáinz Alfaro.
Bakarlariak: C. Reiss, V. Karkacheva, M. Schmitt, H. Müller-Brachmann.
Egitaraua: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean, op. 123.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: Abuztuaren 23a.
----------------------------------------------------------------
Edizio bakoitzean bezala, aurten ere Euskadiko Orkestraren emanaldia izan dugu Musika Hamabostaldian. Oraingo honetan Donostiako Orfeoiarekin batera. Eta lan korapilatsu bat interpretatzeko, erronka handia: Beethovenen Missa Solemnis re maiorrean op. 123, hain zuzen ere. Monumentu sinfoniko bat da, bere modura fededun izan zen iraultzaile batek sortutakoa.
Meza hau osatzen duten bost atal handiek adierazkortasun indartsu eta grinatsua dute, zeinak obra hau benetako erronka bihurtzen duen edozein orkestra eta edozein zuzendarirentzat.
Beethovenek eta bere Missa-k ez dute kaskarkeria edo distantzia jasaten. Furtwängler bezalako beethoveniar batek ere, Missa Solemnis "Beethovenen lanik onena" zela uste zuenak, uko egin zion interpretatzeari: "Ezin dut bere mezuaren handitasunari justizia egingo liokeen emaitzarik lortu".
Horrekin guztiarekin esan nahi dut Missa-ren interpretazioa bere kategoriaren eta sakontasunaren mailan lortzea lan ikaragarria dela. Eta egundoko zeregin horri aurre egin zion Euskadiko Orkestrak, Beethovenen espezialistatzat jotzen den Jérémie Rohrer zuzendari frantziarraren gidaritzapean.
Lehenik eta behin, esan behar dut lau bakarlari oso on topatu genituela, obrak eskatzen duen mailan egoten jakin zutenak. Chen Reiss sopranoa eta Maximilian Schmitt tenorea sasoi betean zeuden eta ahotsen homogeneotasun ona erakutsi zuten. Beren tinbreak ederki akoplatu ziren, adibidez Christe eleison eta Qui tollis zatietan, baina koruarekin eta orkestrarekin ere ondo akoplatu ziren. Era berean, bai Victoria Karkacheva mezzoak, bai Hanno Müller-Brachmann baxuak aktuazio akatsgabeak izan zituzten.
Horrek euren interpretazio-kalitatea erakusten du, Beethovenek ez baitie obra honetan bravurazko pasarterik eskaintzen, meza gehienetan bezala, bereziki Bach edo Mozarten mezetan. Missa Solemnis-en bakarlariak apalki osotasun handi baten parte dira.
Agian, bertsio honetan soinu bolumen handiegiko uneren bat izan zen, nahiz eta Rohrerrek berak ahaleginak egin zituen bolumenak arinduta –bereziki koruarenak– oreka bat lortzeko.
Nolanahi ere, xehetasun horiek gorabehera, Rohrerrek obra handi hau gidatzen jakin zuen, bere bost zatien bidez, etengabeko progresioan, baina gehiegikeria dramatikoetan erori gabe, eta hori zaila da.
Orfeoia, meza honi mesederik egiten ez zioten bolumenezko soberakinak alde batera utzita, zuzen aritu zen.