argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Autobus geltokia
Ula Iruretagoiena 2024ko abuztuaren 28a

Hiri askotako tren geltokiek XIX. mendeko burdinazko egituraren edertasun gorena azaltzen dute, hiriaren epizentrora iristearen ongietorri goraldiarekin batera. Hirira ate nagusitik sartzea bezalakoa da, arkitektura eta toki perla bat. Hiri askotan, baina, birdentsifikazio edo berregituratze fenomenoetan, tren geltoki eta tren-errailak lurperatzen ari dira, hiri erdian lurzoru librea izatea oso preziatua baita, eraikuntza-negozio borobileko operazioen leku. Ondorioz, ohikoa bilakatu da bidaiari garaikideen hiriarekiko lehen kontaktua lurrazpiko zokoetan egitea.

Autobusak ez du trenez bidaiatzeak bezainbesteko glamourrik eta agian horregatik, autobus geltokien arkitekturak behera egin du hirietako adibide askotan. Donostiakoa izan daiteke kasurik lazgarrienetakoa. Haserre jarriko naiz: kalitate arkitektonikorik gabeko hondakin-espazio bat da eta geltoki batek eskatzen duen gutxienekoa ere ez du betetzen. Geltokiak ez du egoteko lekurik, pasabide bat da korridore zabal baten gisara diseinatua. Nasara sartzeko zain egoteko espazio nahikorik ez dago, ez zutik egoteko ezta esertzeko ere. Behin nasara sartuta, autobusa hartzeko ilaran egoteko lekurik ez dagoenez, Iruñea eta Arrasaterako ilarak nahastu egiten dira: nasako kaosa oso ohikoa da. Geltokia jende eta maletaz beteriko gune bilakatzen da maiz, non eguneko beroa pilatzen den eta autobusen ihes-hodien aire kutsatuak ez duen aterabiderik. Garaje bat. Gizatasunik gabeko toki bat, XXI. mendeko gizarteak eskatzen dituen baldintza higienikorik gabea.

Donostia bisitatu duten turisten artean, asko Donostiako autobus geltokitik pasako ziren, aireporturako autobusa hartzeko sikiera. Ematen du gutxi pentsatu dela bisita klase honetan edo gure oroimen selektiboak txoko idilikoak bakarrik gordetzea espero da. Hiri baten dotorezia autobus geltokiaren arkitektura kalitateagatik neurtzea proposatzen dut, kalitate agiri gisa.